GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

PP eukaliptoen artean gainbehera?


Igandean, otsailak 18, erabakiko da nork gobernatuko duen Galizia hurrengo urteetan. Espektatiba handiak piztu ditu BNGko Ana Pontonek, eta bideragarria da emakume hori Xuntaren hurrengo lehendakaria izatea. Kanpaina ederra egin dute Blokekoek, baina, batez ere, aspaldiko lanaren eraginkortasuna atzematen ari gara azken asteotan. BNGrendako, 15Mren espainiar eskalako adierazpen politikoak oso kaltegarriak izan ziren. Gainbehera erori eta desertuko zeharkaldia egin behar izan zuen. Oinarri sendoak zituen, alta, baita esperientziatik ikasi eta aurrera egiteko gaitasuna ere, eta gaur egun esparru integratzaile zabala bilakatu da, zeinean aspaldi joandakoak baitaude berriro. Ongi egindako lanak fruituak ematen ditu, izan ere.

Olatu eder horren aurrean, arian-arian urduriago ageri den PP alderdia dugu. Hainbeste urtetan gehiengo absolutuak izan dituztenek beldurrez so egiten diote egungo Galiziari: jada ez dute ezagutzen. ETA gora eta behera, Galiziako jendartearen eztabaidei ihes egin diete, kikilduta. Gauzak horrela, Feixoo-Rueda galtzaile dialektika bilakatu daiteke, garaipenaren jarraipenerako diseinatu bazen ere.

Garai batean, argi zekiten popularrek Galiziarako formula berezia behar zutela, eskuineko familia guziak biltzeko, EAEn EAJri boza ematen dioten batzuk barne. Hau da, haiena ezin zela egitasmo «ayusotar» gisa irudikatu. Oraingoan, Voxen beldur direlako edo haizeak nondik nora doazen interpretatu nahian, Ayuso bera eraman dute kanpaina indartzera. Eta beste zenbait ergelkerien artean, eukaliptoez mintzatu da Madrilgoa, harro, zuhaitz horien artean ibili nahi duela Galiziako mendietan barna.

Eukaliptoa, ordea, ez da emakume horrek uste duen erreferentzia bukolikoa, Galiziaren hondamendia eta subordinazioaren ikurretako bat baizik. Negozioa batzuendako, lurraldea urratu eta milaka lagun atzerrira eraman duen suntsipena beste askorendako. Igandean eten daitekeen suntsipena, hots!