GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Bera Berak irribarrea berreskuratu du etxetik kanpo, euskal derbian

Azaro hasieratik donostiarrek ez zuten etxetik kanpo partidarik irabazi. Atzo euskal derbian gailendu ziren Beti Onaken aurka. Etxekoek lehen zatian eutsi arren, Bera Berak ihes egin zuen bigarrengoan, eta sailkapenean Malaga berdindu du puntutan.

Bera Berako Malena Cavo eta Maitane Etxeberria, defentsan, Beti Onakeko Almudena Gutierrezekin adi daudela. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Atarrabian jokaturiko euskal derbiko amaierako markagailuak engainurako tartea uzten du, hein handi batean. Argi dago Bera Bera urrats asko gorago dagoela Beti Onak baino, agerikoa den moduan aurten donostiarrei apur bat gehiago kostatzen zaiela partidak aurrera ateratzea. Atzo nagusi izan ziren Hermanos Indurain pabiloian, baina etxeko taldeak lan duina egin zuen, eta emaitza, bere horretan interpretatuta, ez da jokoaren isla.

Lehen zati oso estua jokatu zuten, bi atezainak protagonista izan zirela: Olaia Luzuriaga etxekoen atean eta Maddi Aalla donostiarrenean. Hain zuzen ere, atezain iruindarra handi egin zen bere taldeari airea emateko, Bera Bera bezalako arerio bati aurrez aurre begiratu ahal izateko. Berarengatik izan ez balitz, lehen zatiko aldea askoz handiagoa izan zitekeen. Merituzko sei gelditu egin zituen -Karsten eta Cavori eginikoak, ikusgarriak- eta haren izena goratzen hasi zen harmailan bildu zen jende andana. «Olaia, Olaia, Olaia...» oihuak nagusitu ziren 10. minutuaren bueltan, markagailua 2-4koa zenean. Pentsa, hor donostiarrek eskapu egin balute, dema graziarik gabe uzteko arriskua egon zitekeen. Beraz, eutsi zuten etxekoek, nahiz eta tarteka, beraiek ere, Maddi Aallarekin topatzen ziren. Nerea Canasen bi golek -etxekoen golegile nagusia izan zen 5 golekin- indarra eman zioten, markagailuan hurbildu (8-10, 21. minutuan) eta lehen zatiaren azken txanpan itxaropen zantzuak berpizteko.

Cavok, Gavilanek eta Arroyok gol bana eginda, Imanol Alvarezen taldea abantaila politarekin joan zen atsedenaldira. Partida hasieratik erritmo altua jarri zuten eta lehenbiziko minutuetan lorturiko aldea (1-3, 3. minutuan) giltzarria izan zen partida bideratzeko, korrontearen aurka igeri ez egiteko, azken norgehiagokatan gertatu bezala.

DONOSTIARREN IHESA

Bigarren zatia Elke Karstenen beste gol batekin hasi bazen ere, kostatu zitzaien berriro atea ikustea, Luzuriagaren lan ona zela medio. Hala, Beti Onakek ongi baliatu zuen defentsako lana, eta Brasil Pereiraren bi golekin apur bat estutu zuten markagailua (11-14, 34. minutuan), partidan bizirik jarraitzeko itxaropen urriei gogor helduta. Miguel Hernandezen taldea, gainera, une gozoan iristen zen derbi honetara, azken bi partidak irabazita eta zortzigarren postuko borrokara berriz ere lotuta.

Bera Berak, ordea, ez zion partidari inoiz begirik kendu eta, horri esker, erritmoa altuan jokatzea lortu zuen. Erritmo altu hori gehiegizkoa izan zen Atarrabiakoentzat, bai behintzat 40. minututik aurrera. Donostiarrak freskoago iritsi ziren minutu horietara.

Etxeberria, Erauskin, Blanco, Karsten, Tchaptchet -golegile nagusia- eta Arroyoren golekin eta defentsaren lan onaren ondorioz, tartean Aalla handi egin zela -jaurtiketen %40 gelditu zituela agertu zuen estatistikak-, Bera Berak 1-6ko partziala ezarri zuen (12-22), garaipenerako bidea maldan behera jarrita.

Azken txanpan kolpeak trukatu zituzten, 20-29 markagailuarekin partida bukatu arte. Bera Berak, hiru hilabeteren ostean, etxetik kanpo irribarre egin eta ligako liderra den Malaga puntutan berdindu du.