GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Kateto


Katetoek bost ontzi dituzte balkoian hondakinak bereizteko. Errukiz begiratu ohi diete GKE eta osasuntsu eta aldi berean hiltzear dauden elkarte eta bestelako mugimenduetako bazkidetza eskaintzei. Katetoek oinordetzan jaso dute etxe bat eta hamar urteko alabarentzat gordeko dute, nagusi egiten denerako, baina itxita, batek baitaki zein jendilaje klase dabilen hor zehar etxeak alokatu guran. Arrazista moderatu bihotz onekoak baitira katetoak, Ef4ktur-en kateatuta kobratu gabe geratzen diren sortzaile prekarioak, haurrak iluntzeko zazpietarako etxeratzen dituztenak. Katetoek txioak idazten dituzte etengabe X-en eta gero argitaratzeke borratu. Satisfetxo geratzen dira ahaleginarekin.

Hipotenusek, aldiz, uste dute datorren urtean elur gehiago egingo duela eta, hala, etekina aterako diotela Jakako etxeari. Hipotenusek ez dute uste Jakako etxe horrek berak balioa galduko duenik higiezinen merkatuan klima aldaketa eta lehorteagatik. Hipotenusak inauterietan janzten dira baina beti eder, baldarkeriari iskin eginez. Zonbi beldurgarri baina polit. Kale garbitzaile baina sexy. Hipotenusek ez dute izerdirik egiten gimnasioan eta dena dute nordiko inguruan, gurasokeria-izokina-jengibrea-Ikea-Björk; dena, kontu korrontea izan ezik. Kontu korrontean mediterraneoago dira Adriano Celentano baino, zeina Milanen jaio baitzen eta ez, paradoxikoki, Mare Tirreno, Mare Adriatico edo beste itsaso mitologiko horietakoren baten ur ertzean.

Pitagoras Samoskoak edalontzia goratu du ea tabernariak kasu egiten dion. Mundu osoa azal omen dezake zenbakiz, baina ez da gai kalkulatzeko bizitzan zehar zenbat patxaran litro edan duen. Barraren beste ertzean den Julio Cortazarrek ondo ezagutzen du matematikari greziarra. Badaki maitasun txiroa dela pentsamenduz elikatzen dena eta ahapeka errezitatuko lioke «Zure gorputzetik gustatzen zaidana zure sexua da. /Zure sexutik gustatzen zaidana zure ahoa da. /Zure ahotik gustatzen zaidana zure mihia da. /Zure mihitik gustatzen zaidana hitza da».

Baina ez dio ezer esango, argentinar lotsatia baita.