GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Menpekotasunik ez, ezta polizietan ere


Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du Trafikoaren eskumena Nafarroari eskualdatzeko errege-dekretua. Ebatzi du ez dela Foru Hobekuntzaren barruan sartzen eta ez dela eskumen historikoa. Argiro faltsuak dira bi premisak. Transferentzia horren eskeak hamarkadak daramatza Nafarroako agendan, eta inork ez du zalantzan jarri. Eztabaida historikoari dagokionez, 1956an Guardia Zibilak Foruzaingoaren lekua hartu zuen errepideetan. Alegia, menpekotasuna Francok ezarri zuen. Hala eta guztiz ere, bi gezur horiek aintzat hartuta, Gorenak Jucil talde ultrari zilegitasuna eman dio, eta Nafarroako eta Estatuko erakundeen arteko akordio politiko bat baliogabetu du. Auzitegiak ez du ezkutatzen bere lehentasuna guardia zibilen eta haien familien interesak defendatzea dela.

Jucil, hain zuzen, Estatuko polizietan “sindikatu” gisa hedatu den plataforma ultraeskuindarretik sortutako erakundea da; Jusapoletik, zehazki. Paradoxikoki, beren eskari nagusia espainiar polizien soldatak euskal eta kataluniar polizien soldatekin parekatzea omen zen. Argi dago eskaera hori aitzakia zela agenda atzerakoi eta autoritario bati eusteko. Transferentziarekin bi eskariak onartzen ziren; hori bai, Foruzaingoan urrezko pasabide baten bidez sartzearen truke. Beren ardatzak ez dira, beraz, polizia-funtzioak eta lan-baldintzak, baizik eta izaera errepresiboa duen gorputz armatu espainiarrean duten militantzia ordaindua. Barne Ministerioak gatazka irekia du Jucilerekin, uste baitu ez duela onartzen Poliziak teorian duen «neutraltasun politikoa». Euskal ikuspegitik, ordea, Guardia Zibilaren izaera «liberala» defendatzea borboien zintzotasuna defendatzearen parekoa da, oximoron bat.

Nafarroako Gobernuak ezin du onartu sasisindikatu baten agenda ultraeskuindarra nafar indar politikoen adostasunen eta herritarren borondate demokratikoaren gainetik jartzea. Ezin du onartu, halaber, bere politika publikoak auzitegi espainiarren menpeko izatea. Ezta Foruzaingoa betiko Guardia Zibilaren menpeko izatea ere. Lehenik eta behin, jokabide hori herritarren kalterako delako. Menpekotasuna gobernu-molde okerra baita; Galizian, hemen eta edonon.