GARA Euskal Herriko egunkaria

Basabik naturan egindako esku hartzeari heldu dio «Oma» diskoan

Basabi taldeak bigarren diskoa aurkeztu du: “Oma”. Basoan gizakiak izandako esku hartzeen inguruan hausnartu dute lan berrian eta proposamena Loraldia jaialdian aurkeztuko dute, hots, martxoaren 9an, Bilboko Campos antzokian.

Basabiko kideek Bilboko Campos antzokian aurkeztu zuten disko berria. (Oskar MATXIN | FOKU)

Bigarren diskoa argitara eman du Basabi taldeak: “Oma”. Baso haren izena jarri diote, hain zuzen ere, han gizakiak izandako esku hartzeen inguruko hausnarketa delako. Zuzeneko kontzertuan aurkeztuko dute martxoaren 9an, Loraldia jaialdian.

Duela hiru urte plazaratu zuten lehenengo diskoa, baina ez da izan ibilbidean aurrera atera duten proiektu bakarra, laugarrena baizik. Bost musikari dira guztira: Iñigo Coto, biolina; Marina Barredo, biola; Ricardo de Lucas, kontrabaxua; eta Sergio Lamuerda eta Txomin Dhers, txalapartak. Basabi taldea 2018. urtean sortu zuten, musika klasikoa ezagutarazi eta txalapartarekin ohiko testuinguruetatik harago esperimentatzeko.

Diskoari eman dioten izenak entzuleak abestietan aurkituko duenaren pista bat ematen du. Izan ere, Josu Venerok egin zuen izen bereko dokumentalerako sortutako hiru abestiak izan dira bildumaren abiapuntua.

Hamar pieza ditu disko berriak. Kantuentzat egindako bideoklipak taldearen YouTube kanalean eskuragarri dauzka ikusi nahi dituenak. Deigarriak dira bideoak, Josu Begiristainek sortutako irudiez osatuak, eta musikari laguntzen diote gizakiaren esku hartzea irudikatzen duen soinu-paisaia berriak arakatzera bultzatzen duen bidaian.

Hain zuzen ere, gizakiak Oma basoan izan duen esku hartzearen alderdi negatiboa ahaztu gabe, alde positiboari ere heldu nahi izan diote.

Bertan dago Agustin Ibarrola artistaren obra, baina, nabarmendu dutenez, baita beste zenbait pertsonaren eragin batzuk ere, hala nola Bolunzuloko errotak edo Santimamiñeko haitzuloetako labar pinturak.

Lan filosofikoa dela azaldu zuten, hausnarketatik abiatua, hain zuzen ere, ikus-entzulearengan gogoetarako grina pizten duena.

Lehen diskoarekin alderatuta, nabarmena da estilo aldaketa. Musika egiten ari direla sortzen duten estiloa dela azaldu zuten, «ez dakigu nola deitu, Basabi ez bada».

Zuzenekoa nola egikaritu planteatzen ari dira oraindik. Izan ere, azaldu zuten, musika klasikotik eta folketik datozen musikariak izanik, soinua haiengandik zuzenean ateratzea nahi dutela. Ez da posible izango, ordea, eta aurretiaz grabatutako doinuren bat ere lagun izango dute taula gainean, baita harpa ere hiru abestitan. Hori bai, txalapartari emango diote zentralitatea.

ESTREINALDIA, LORALDIAN

Martxoaren 9an eramango dute taula gainera proposamen berria, Bilboko Campos antzokian, Loraldia jaialdiaren egitarauan. Gisa horretan, Lorazain Eguneko plater nagusia izango dela adierazi zuten antolatzaileek. Loraldia Festibalak bere hirugarren edizioan sortu zuen Lorazain Eguna, eta harrezkero urtero ospatzen da. Lorazain Eguna Loraldiak sortutako komunitatearen ospakizun eguna da, hau da, Lorazainak omentzeko eguna. Lorazainek prezio berezia izaten dute Loraldia Festibaleko ekitaldi guztietan eta Lorazain Egunean doakoa dute ekintza guztietarako sarrera. Lorazainak ez diren baina Basabiren emanaldiaz gozatu nahi dutenek, jaialdiaren webgunean (www.loraldia.eus) dauzkate kontzerturako sarrerak.