GARA Euskal Herriko egunkaria

Musak


Gaur transzendentziaren sukarrak jota nago. Zer edo zer gogoangarria idazteko gogoa dut. Zerbait pulamentuzkoa. Batzuetan gertatzen zait, eta horrelakoetan, ezin iskin egin musen exijentzia-mailari. Adibidez, euskal musikaren etorkizunaz hitz egin nahi dut, adituen graziak jota, maila jasoan (C2ko ikastaroetan adibide gisara erabiltzeko modukoan) eta bilorik gabe, irakurleen kaskezurrak berotzeko.

Horrelakoetan, idaztea ekintza serioa bihurtzen da, nahiz eta musikaz idatzi behar izan. Badu murgilalditik asko; prebentzio-neurriak martxan jarri behar dira: utzi bakean, ez enbarazurik eragin, achtung!... Testuinguru egokia behar da, mikroklima sortzailea ez baita pentsatu bezain abegikorra. Ez, ez da txantxetako kontua ur sakonetan perlen-arrantzan ibiltzea. Baten batek pentsa dezake: “Hainbesteko arreta hamar esaldi modu koherentean josteko?’’. Ziurrenik, ezin du imajinatu zenbat itolarri-atmosfera eragiten duen orri zuri batek.

Eta halaxe nago, dena prest, barru-barrutik aterako zaidan ideia argigarri edo gutxienez distiragarriaren ereite-lanetan (ez diot maila horren azpiko ezer ametituko ene buruari, ezta pentsatu ere!). Ze nolako inbidia eragiten didazuen musikari lagunok; kantu bateko esaldi batean nik 1.300 karaktererekin esan behar dudan hori biltzen duzue, eta, gainera, modu kantagarrian.