GARA Euskal Herriko egunkaria

Agnes Lassalleren memoria betikotuko duen plaka bat jarri dute Donibane Lohizunen

Agnes Lassalle irakaslearen aldeko omenaldia. (Patxi BELTZAIZ)

Agnes Lassallek gaztelania irakasten zuen Aquino Tomas ikastetxean, Donibane Lohizunen. Iazko otsailaren 22an, 16 urteko ikasle batek labankadaz hil zuen 52 urteko irakaslea.

Atzo bete zen, beraz, hezkuntza komunitatean zirrara handia eragin zuen heriotzaren lehen urteurrena. Data horren kari, Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak ekitaldia antolatu zuen atzo goizean, Peyuco Duhart kultur aretoan, Lassallen omenez. Jean-François Hirigoyen auzapeza eta Fabrice Rosay suprefetarekin batera, Lassalleren bikotekidea eta familia elkartu ziren, baita lankideak eta ikasleak ere.

Irakaslearen erretratuaren aurrean, eta musikaren laguntzaz, «Agnesek zuen bizitzeko gogoarekin» bete nahi dutela berak utzitako hutsunea adierazi zuten haren gertukoek.

Kulturgunearen kanpoaldeko horman bere izena daraman plaka bat ezarri dute, eta atzoz geroztik musika eta dantza atsegin zituen irakaslearen izena du lorategiak.

Hain zuzen ere, dantza akademia batean ezagutu zuen Agnesek omenaldian izan zen bikotekidea, Stephane Voirin.

Iazko martxoaren 3an, Biarritzen eginiko hileten karietara, galdutako emazteari eskaini zion dantzaren irudiek oihartzun zabala izan zuten hedabideetan eta sareetan.

Hilkutxa elizaren aurrean zela, Nat King Cole eta Bert Kaempferten, ‘Je ne repartirai pas’, ‘L-O-V-E’ kantaren doinuaren erritmoan dantzaldia egin zuen Lassalleren bikotekideak. Berehala, bikotearen lagunek maitasun keinuarekin bat eginez, dantza egiteari ekin zioten.