GARA Euskal Herriko egunkaria

Bertako eta nazioarteko eskulturagintza garaikidearen lagina, Tabakaleran

June Crespo, Nora Aurrekoetxea, Sahatsa Jauregi, Kimia Kamvari, Yael Davids, Iman Issa eta Lucia Koch-en eskulturak aurkituko ditu bisitariak Tabakaleran, gaurtik ekainaren 2ra, “Larruak eta izurrak” izenburupean.

Sahatsa Jauregi, ezkerretik bigarrena, Tripak taldeko hiru kiderekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

June Crespo, Nora Aurrekoetxea, Sahatsa Jauregi, Kimia Kamvari, Yael Davids, Iman Issa eta Lucia Koch. Zazpi emakume artista. Askotariko posizionamendu artistikoak. Ohiko erakusketa baino, praktika eskultorikoen zazpi proposamen dira, «materiala gorputzera mugiarazten dutenak», Laura Valles Vilchez komisarioaren esanetan.

Erakusketak «kontraesanak erakusten ditu indarkeriaren eta zaintzaren artean», adierazi du Vallesek. Bertan dauden hiru galerietatik egiten den ibilbideak «begiradarako lekua ez ezik, bizitzeko gune biziduna eta bizigarria» izatea bilatzen du, Vallesen arabera.

Metalak, hormigoiak, erretxinak, artileak eta odol-hautsak. Ohikoan eraikuntzan erabiltzen diren materialen erabilpenak arreta pizten du.

Altzairuzko egitura aurkeztu du Sahatsa Jauregik. Tripak arte eszenikoen konpainiako kideekin partekatutako esperientzia bat islatzen du.

Hormigoizko instalazioak June Crespok, ‘Manual para el uso de Core’ (2021-2024) izenburupean. Horrez gain, Maddi Barber zinemagilearekin elkarlanean egindako bideoa ikusgai dago, prozesu osoaren erregistroa. Beatriz Setien, Maia Villot eta Antonio Menchenen gorputzen performanceak ere bildu ditu. Aipagarria da erakusketaren izaera aldakorra. Izan ere, Clara Monterok, Tabakalerako zuzendari artistikoak adierazi bezala, hainbat ‘aktibazio’ izango ditu, galerietan bertan zuzeneko esku hartzeak. Tripak konpainiaz gain, Antonio Menchen, Beatriz Setien eta Maia Villot sortzaileek egingo dituzte ‘zuzeneko aktibazio’ horiek.

Nora Aurrekoetxeak, bere aldetik, maitasunaren eta zaurgarritasunaren arteko erlazioa ikertu du bere piezen bidez. «Azal modura lur gainean jartzen den materiala da zementuzko oihala. Eraikuntzan eta errepideko lanetan erabiltzen da. Bost ordu dituzu lanerako, gogortu arte; eta sortzen diren tolesturak interesgarriak dira, behin-behinekotasuna islatzeko», azaldu du.

Etxe inguruan aurkitzen dituen egunerokotasuneko objektuei erreparatzen die sorkuntza artistikoan. Oraingoan, gortinei. «Ezkutaketan lobekin jolasten dudanean, oihala erabiltzen dute euren burua ostentzeko», kontatu du.

Kimia Kamvariren lan artistikoa bizitzaren eta heriotzaren arteko mugari buruzko gogoeta bat da. Hil ondorengoak diruditen uneak harrapatzen ditu. Lucia Kochek oroimenaren etorria eta arkitekturaren sendotasuna uztartzen ditu bere lan artistikoan. Eskulturen, instalazioen eta argazkien bitartez, denboraren joana islatzen duten espazio sentikorrak sortzen ditu. ‘Sans fin’ (2022) lanean, lurrarekin bat egindako kolore gorriz -odolez- tindatua, denboran esekitako jolas iragankor baten modura dago ikusgai.

Iman Issak ikuslearen aurreikuspenak apurtzen ditu “Proxies, with a Life of Their Own” -2019an hasia eta amaitu ez dena- izeneko seriearekin. Autorretratuak agertzen ditu, aldi berean beste figura batzuen erretratuak direnak. Issak kezka agertzen du artelanek beren testuingurua kontrolatzeko moduaren eta artelan horiek hautemateko moduaren inguruan, eta zalantzan jartzen du artelanen ustezko autonomiarik eza. Argazkilari gisa, objektu artistikoek berresteko eta beren pertzepzioa zehazteko azalpen bat behar dutela dioen ideia apurtu nahi du.

Yael Davids performanceko artista da, eta historia partekatuen artxibo gisa eta “ez jakiten” ikasteko tresna gisa ikusten du gorputza. Davidsek bere familiarekin eta Madrilgo Centro de Acercamiento a lo Rural (CAR) izenekoarekin lan egin du, eta gaztaren fabrikazio prozesuan bota egiten den artilea Feldenkraiseko saioetarako estera bihurtzeko gune bat sortzea izan du helburu. Gorputzaren konplexutasunak eta giza esperientzia ikertzen dituen eskola bihurtuko du aretoa.