GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
BEÑAT ORIBE eta GARI URIARTE
Dupla taldeko musikariak

«Egunean bertan etxean lo egiten dugula da guk dugun zortea»

‘‘Ongi etorri’’ batekin hasten du Gari Uriartek eta Beñat Oribek osatutako Dupla bikoak ‘‘De un pueblo llamado Agurain’’ disko berria. Aldaera ugari duen lana da, espero ez dugun kanturen bat edo beste gordetzen duena, baina, batez ere, dibertitzeko sortu dutena. Xehetasun guztiak kontatu dizkigute NAIZ Irratiko MusikHaria saioan.

(Argazkiak: Mario LEZAUN)

Diskoa atera berritan zaudete, baina pistak ematen denbora luzez ari zineten.

Gari Uriarte

:
Kontua da pistak ematen dituzula, baina jende gehiago ere badaukazu gauza bera egiten, eta publikoa akaso orain ohartuko da egiten ari ginenaz.

Beñat Oribe: Guk, gainera, duela hilabete batzuk data bat bota genuen eta ez dugu horrekin bete, eta jendeak ez digu ezertxo ere esan. Hortaz, hainbeste informazioaren artean galdu egiten da bat.

Diskoaren izenburuan argi eta garbi utzi duzue Aguraingoak zaretela. Zergatik hautu hori?

B.O.: Horrez gainera, akronimoa ere bada, DUPLA osatzen dute diskoaren tituluko hitz bakoitzaren lehen hizkiek. Kontuz hor!

G.U.

:
Hor dago hitz jokoa, Dupla delako azken finean. Izan dugu aukera batera eta bestera mugitzeko, eta gu definitzen gaituen gauzetako bat da atzerritarrak garela Aguraindik kanpo, baina baita Agurainen ere. Dikotomia hori diskoan ere badago.
«Ongi etorri» kantuan presioa aipatzen da, artaldean mantentzeko egiten diren itxurakeriak ere bai… Hori guztia lehen pertsonan bizi izan duzue?

G.U.

:
Bai, noski. Guk abesten duguna, normalean, sentitu dugulako, ikusi dugulako edota hor dagoelako abesten dugu. Bestela txarrak gara gauzak sortzen. Askotan ez dira gauza pertsonalak, baina bai badakigu zertaz ari garen hori aipatzen dugunerako. Presio hori gure buruan ikusten dugu, baina ziur nago hor zehar ere oso gaizki dabiltzan pertsonak badirela. Akaso ni ez nago hain gaizki, gainera. Bizi dugun erritmoa eta itxurakeria sekulakoak direlako. Eta musika munduaz aritu gaitezke edo ez. Guk gure ikuspuntutik idazten dugun arren, kantu honen irakurketa zabalagoa izatea nahi genuen.

B.O.: Justu abesti hau bakoitzak bere errealitatetik interpretatu dezake. Norbait sufritzen ari da bere esparru pertsonalean, eta beste norbait, agian, lanean. Auskalo, ezin da jakin.

Azken bira nahikoa frenetikoa izan duzue, sareetan-eta izugarri zabaldu den bira bat. Esan daiteke, bira biral bat izan dela kasik. Nola kudeatu duzue hori guztia?

B.O.: Lasai, egia esan. Guk dugun zortea da kontzertua oso urruti izan ezean, egunean bertan etxean lo egiten dugula, eta, beraz, jaiki eta kuadrillarekin elkartzen garela, eguneroko bizitza egitera pasatzen garela. Lagunekin gosaldu, arratsaldean paletan jokatzera joan… Gauetan bai zela sekulako jaleoa sortzea auskalo non, baina gero egunean zehar gure errealitatean mugitzen ginen.

Zenbat jolas egin duzue disko honetan?

G.U.

:
Beti bezala. Musika egiten dugu eta ekoizleak ere bagara. Ez da kantuak idatzi eta egin eta kito. Gero dena atontzen ere aritzen gara, nahiz eta disko honetarako Mikel Irazoki izan dugun bidelagun. Hiruron arteko nahasketa bat izan da guztia.
Mikel Irazokirekin zer moduzko esperientzia izan duzue estudioan?

B.O.: Nik daukadan pertzepzioa da oso gertukoa izan dela eta erraz lan egin dugula berarekin. Irazokik oso argi zuen hau guztia gu bion mobida bat dela, eta argi zeukan kanpoko begirada ematearena zela bere egitekoa. Aholkuak ematea zen bere funtzioa, egitura aldetik edo soinu aldetik. Behar zenean baino ez zuen esku hartzen estudioan.

G.U.

:
Kontua da gurekin lan egitea oso erraza izan daitekeela. Baina argi izan behar duzu Dupla biona dela eta hori horrela izango dela. Gurekin lan egiten dutenek ondo ulertzen dute. Azken hitza beti gurea da eta guk nahi duguna egingo dugu, baina uzten diogu jendeari gure unibertsoan sartzen eta aholkuak ematen: gainera, irekita gaude eta oso eskertuta gaude horrekin. Baina argi eduki behar da beti kanpokoa dela gure proiektuan sartzen dena. Hori ulertzen bada, kito.
«Otsaportillo» abestian 36ko Gerraren gaia landu duzue hardcore melodikoaren mundutik. Gertutik harrapatzen zaituzten gaia da?

G.U.: Herriko kondaira bat da. Gure etxean entzun den kondaira bat. Horregatik bururatu zitzaigun horren inguruko abesti bat egitea. Soinu aldetik diskotik kanpora ikusten genuen, gainera bakarra da gazteleraz dena… Duplatik kanpora ikusten genuen, baina ‘‘De un pueblo llamado Agurain’’ diskoaren oso barruan. Hortaz, disko honetan tokia bazuela ikusi genuen. Diskoa gauza berriak probatzeko ere bada, arriskatzeko. Eta kontzeptuaren barruan bazegoenez, aurrera.

«Fandango Nasty» kantuaren pilula bat ere zabaldu zenuten sareetan. Raimundo El Canastero taldekoekin elkartu zarete abesti hau osatzeko. Festarako duzuen grinatik abiatzen da kolaborazioa?

G.U.: Abesti hau duela bi urte baino gehiago idatzi genuen, baina ez geneukan errepikarik. Hori estudioan sartu baino astebete lehenago etorri zen. Dena itsasten ibili ginen azken ordura arte, Irazokiren laguntzarekin. Herrian sortu genuen bere garaian rumba talde bat, jaietan eta katxondeo giroan jotzeko, besterik gabe, eta hortik atera zitzaigun errepika. Polita zen errepika, potentziala ikusten genion eta mantendu egin nahi genuen. Baina norbait behar genuen hori defendatzeko, eta argi eta garbi ikusi genuen Raimundokoek behar zutela.

Gazteen etorkizun ilunaz hizketan ari zarete, baina umorez hartzen duzue gaia.

G.U.

:
Erregaiaren depositua ezin bete. Ukrainako gerra, Gazakoa… Iritsi zen une bat telebista itzaltzeko gogoa sentitu nuena. Ez da denaz paso egiten dudala, kontziente naiz gertatzen ari denaz, baina nik ere bizi egin nahi dut. Ahal den heinean, egoera horien aurrean, zerbait egin nahi dut, baina etxetik irten gabe geratuko nintzateke munduan gertatzen ari dena ikusi eta horiei buelta ematen saiatzen bakarrik arituko banintz. Gazteak gara, putzuan sartuta gauden sentipena dugu; orduan, mundua bukatuko bada, que nos pille bailando, ezta? Dena hain iluna bada, disfruta dezagun pixka bat behintzat.
«Tirikitrauki» kantuarekin jo eta ma geratu naiz. Hasiera batean ska bat dirudien kantua bachata bihurtzen da, eta elektro musika gehitu diozue. Nola sortu duzue hau?

B.O.: Zintzilik geneukan aspalditik bachata bat egitearena. Bachatako loop batzuk deskargatu, baxu bat egin… eta gero, beste guztiekin bezala, abestia ateratzen da. Ska dirudi gitarraren zatiak, baina bateria sartzen denean dena aldatzen da.

G.U.

:
Ezin ahaztu, Luis Mari Moreno “Piratak” jotako haizeak ere. Irazokik esan zigun haize horien estiloa Mexikotik datorrela. Banda deitzen den estilo batez jota daude. Desafinatuta daudela dirudi; asko dira, hortaz mozkor samarra da jotzen duten soinua. Hori guztia estudioan anplifikatu genuen eta halako berotasun bat lortu zuen. Ekoizpenean xehetasun horietan zentratu gara.
Diskoaren euskarri fisikorik egongo da?

G.U.

:
Momentuz ez, baina batek daki.
Zuzenean ikusteko aukera, ordea, laster izango da.

B.O.: Otsailaren 23an hasi ginen Madrilen, eta gero Euskal Herriko aretoetan ere izango gara. Gasteizen, Jimmy Jazzen, martxoaren 1ean; Kafe Antzokian, Bilbon, 7an; eta 23an, Kutxa Kultur Klubean, Donostian. Apirilaren 26an, berriz, Totemen, Atarrabian, izango gara.

Eta udan aire librera, ezta?

G.U.

:
Bai, hori da ideia. Orain antzokietan nahi genuen halako show berezi bat prestatu, sarrerarekin eta antzokietan bakarrik izango zena. Gero gerokoak, udakoa beste pelikula bat izango da.
Show honetarako argi diseinuarekin ere zuek aritu zarete lanketan?

B.O.: Gaur goizean egon gara berarekin eta flipatu egin dugu. Esango dudan bakarra da furgoneta bat behar dugula daramagun guztia sartzeko. Upgrade dotore bat egin dugu.

G.U.

:
Hobetu egin nahi duzu, istorio hauetan sartzen zara, eta konturatzen zara Ford Focus albo batean utzi eta furgoneta behar duzula. Jantziagoa izango da showa eta jendea harrituta geratuko dela uste dugu.
Bada, bira on!

Mila esker!