2024 OTS. 28 KOLABORAZIOA Fakultatiboek gainean dute Damoklesen ezpata Iban IRISARRI eta José Miguel ABLITAS LAB-Osasunbideko ordezkariak Fernando Dominguez Osasun kontseilariak, Sindicato Médicorekin egin diren akordioei buruz Voxek egindako galdera parlamentario bati erantzunez, jakitera eman du NUPek egindako REMENA txostena, non bere testuinguruan jartzen baita Nafarroako fakultatiboen ordainsarien bilakaerari buruzko informazioa. Inor ez da harritzen Vox alderdia SMNren interesak defendatzen ikusita, baina ez da onargarria kontseilariak mediku guztiak zaku berean sartzea. Txosten horren ondorioei dagokienez, argi eta garbi geratzen da 500 medikuk baino gehiagok 100.000 eurotik gora kobratzen dutela (horietako asko zerbitzuburuak dira). Txostenaren arabera, batez besteko soldata 85.000 eurokoa da, baina kopuru hori desitxuratuta dago; izan ere, goian aipatutako 500dik gorako mediku horien soldatek datu guztiak baldintzatzen dituzte. Era berean, zalantzan jartzen dugu mediku gazte batek halako ordainsariak jasotzea; are gutxiago BAME batek. Osasunbidearen arazo nagusietako bat da, profesional jakin batzuen faltaz gainera, osagarrien bidezko ordainsari sistema indiskriminatu bat ezarrita dagoela (hogeitik gora osagarri daude). Osagarri horiek negoziazio mahai guztietatik kanpo hitzartu izan dira; konparazio batera, duela gutxi hileko soldatan medikuei egin zaien 400 euroko igoera. Soldata horri guardietako orduetatik, peonadetatik eta ordainsari aldakorretatik jasotzen den dirutza ere gehitu behar zaio. Osasun Departamentuaren ardura da beharrezkoak diren neurriak ezartzea eremu publikoan, jardunbide txarrak -ekonomikoak barne- saihesteko. Garaia da 24 orduko lanaldiak eta «nahierara» egindako peonadak bukatzeko, baita, soldata osatzearren, «beharrak sortzeko» ezarrita dagoen ohitura hori ere. Kontseilariaren diskurtsoak indarra ematen die osasun pribatuari eta eragile neoliberalei, zeinen helburua baita gizartean zabaltzea baliabide publikoak ez direla efizienteak eta langile guztiak «diruzale» batzuk direla. Baina, benetan, onartezina dena da fakultatiboek orain arte bezala jarraitzea lanean Oinarrizko Osasun Laguntzan. Konponbidea da asistentzia eredua aldatzea, profesional guztiok geure gain har dezagun gure erantzukizuna, aldamenekoari begiratu gabe, konfiantzaz eta talde lanean oinarrituta, betiere kontuan hartuta gure arretaren erdigunean egon behar duena pazientea dela. Iragarritako eredu aldaketa hori benetan egin dadin, presazkoa da Osasun Departamentuak behar diren neurriak ezartzea, sindikatu bati egindako kritiketatik harago, zeina, bestalde, kolektibo osoaren izenean mintzatzen ari baita mediku guztien ordezkaria izan gabe. SMNk behin eta berriz errepikatzen dituen diskurtsoak zaharkituta daude, eta ez dira iristen ez herritarrengana, ez profesionalengana. Agerikoa da SMN ordezkatzen duen pertsona talde horrek obsoleszentzia daukala. Iritsi da konponbide zehatz eta berritzaileak emateko garaia, asistentziaren kalitatea eta gure lan baldintzak hobetu daitezen. Kontseilariaren diskurtsoak indarra ematen die osasun pribatuari eta eragile neoliberalei