GARA Euskal Herriko egunkaria

Eskola-jantokietan tokiko produktuak kontsumitzea bultzatuko dute Araban

Urduñako jantokia, artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Arabako EH Bilduren batzarkide taldearen mozio batean oinarrituta, akordioa onartu zuten atzo Batzar Nagusiek, herrialdeko eskoletan hurbileko eta kalitatezko produktuak kontsumitzea bultzatzeko. EH Bilduk, EAJk eta PSEk adostu zuten mozioa.

Mozio horretan Aldundiari eta Lakuari lehen sektorearekin eta tokiko merkataritzarekin elkarlanerako bideak abia ditzala eskatu zioten, «eskoletan tokiko ekoizpenari buruzko sentsibilizazioa egin dezaten tokiko produktu osasungarrien inguruan».

Janaria eskola-jantokietan egin dadila eskatu zuten, «bestelako eredu baten aldeko apustua» egiten duten eskola-komunitateekin elkarlanean. Bestalde, Hezkuntza Sailari eskatu zioten «ikastetxeen jantoki-zerbitzu ona bermatzeko kontrolak areagotzeko eta tokiko elikagai osasungarrien kontsumoa sustatzeko» bideak errazteko.