GARA Euskal Herriko egunkaria
BINAKAKO TXAPELKETA

Lanean behar adina denbora emateko prest kantxaratuko dira igandean Ogetan

Urtarrilarren 14an Etxeberria eta Zabaletak 19-22 irabazi zieten Altuna eta Martijari. Pilota hautaketan, antzeko neurketa espero dutela aipatu zuten.

Zuntz haustura txiki bat atzean lagata, ondo omen dago Jose Javier Zabaleta. (RaUl BOGAJO | FOKU)

Gasteizko Ogeta pilotalekuan elkartu ziren atzo Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta, alde batetik, eta Jokin Altuna Julen Martijarekin, bestetik, igandean jokatu beharreko finalerdietako ligaxkako aurreneko demari ekiteko. Pilotak aukeratzeko orduan, kexarik ez. Handik aurrera, aurreneko faseko oroitzapenak eta domekan gerta litekeenaren artean ia aho batez onarturiko gogoeta: «Partida gogorra» izango dela, alegia.

«Ordubete eta piko lanean izateko prest egon behar dugu», ohartarazi zuen Jose Javier Zabaletak. Altuna eta Martijaren aurka urtarrilaren 14an beren onena eman behar izan zuten, eta hala utzi zituzten Amezketakoa eta Etxeberrikoa 19an. Orotara 86 minutu eta 721 pilotakada behar izan zituzten, tartean Peio Etxeberriaren egun bikain bat aurreko koadroetan. «Antzeko neurketa izango delakoan nago. Altunak eta Martijak sekula ez dute amore ematen eta irabazteko luze aritu beharko dugu borrokan», azpimarratu zuen etxarrendarrak, bestalde.

Zabaletak 9. finalerdia du, Binakako Txapelketa ezberdinak kontuan hartuta; azken zazpiak, segidan. Etxarrengoaren eskarmentua ondo baino hobeto etorriko zaio ziurrenik Peio Etxeberriari, lehen aldiz egin beharko dio-eta aurre fase berri honi. Edozelan ere, Lau eta Erdikoan bizi izandakoa -finaleraino iritsi zen- baliagarri izango zaiolakoan azaldu zen Zenotzeko aurrelaria.

«Lau eta Erdikoa jokatu ondoren, nahiz eta ezin irabazi, behintzat esperientzia hartzeko balio izan dit. Horrez gain, Jose beteranoa da eta txapelketan ederki narama. Urduritasuna baino hemen gailentzen dena ilusioa da», aipatu zuen Etxeberriak.

LEHENENGO PARTIDAREN ZAMA

Altunak aurreneko faseko sei partida jokatu gabe laga ditu lesioak tarteko. Horregatik, Martijak eraman du bikotearen zama. Behin finalerdietara sailkatuta, Martijak ez du azkenaldian erakutsi duen maila apaltzeko asmorik.

«Nire ustez, ligaxkako aurreneko partidak du garrantzi handiena. Irabazten baduzu, hurrengoak beste konfiantza batekin jokatzen dituzu eta bigarrenean huts eginda ere, azken jardunaldiko aukera ere hor dago. Horregatik, irabaziz ekin behar zaio ligaxkari. Nola edo hala, irabazi egin behar dugu igandean, beraz», esan zuen Etxeberrikoak.