GARA Euskal Herriko egunkaria

Xuharri jazotakoa salatzeko mozioa onartu da, EAJk eraginiko minaz gaindi

Udaletxean entzundakoak ezin sinistuta geratu dira billabonatarrak. Xuhar zauritu zuen Ertzaintzaren karga salatzeko mozioa aurkeztu dute, eta EH Bilduren babesarekin onartu da, baina ezezko botoa eman dute EAJko lau zinegotziek eta PSEko ordezkariak. Jeltzaleek ukatu egin dute gaztea «tirokatua» izan zela.

EH Bilduk Xuhar Plataforma Herritarrak aurkeztutako mozioaren alde egin zuen. (Jon URBE | FOKU)

Xuhar Herri Plataformak aurkeztutako mozioa onartu zuen atzo Amasa-Villabonako udalbatzak, EH Bilduko zortzi zinegotzien aldeko botoekin. Ezezko botoa eman zioten, aldiz, EAJko lau zinegotziek eta PSEko ordezkari bakarrak, Xuhar Pazosi «ondorio atzeraezinak» eragin zizkion «esku-hartze polizial neurrigabea» salatu eta ardurak argitzea eskatzen duen dokumentuari.

Villabonako udaletxeko batzar aretoan izan zen Xuhar gaztea, bere senide eta lagunek lagunduta eta babesa ematera agertu zen dozenaka herritarrez inguratuta. Beñat Uribe Xuhar Herri Plataformako bozeramaileak irakurri zituen mozioan jasotako bost puntuak, batzar aretoa betetzeraino babesa adieraztera hurbildu ziren herritarrei eskerrak eman ostean.

Gogora ekarri zuen Ertzaintzak otsailaren 12ko goizaldean, Tolosako inauterietan, egin zuen kargak «ondorio atzeraezinak» eragin dizkiola Xuhar Pazos 16 urteko gazteari eta, beraz, gazteari eta haren gertukoei «elkartasun eta babes osoa» adieraz ziezaietela eskatu zien zinegotziei, eta hala egin dute ordezkari politiko guztiek.

Alabaina, EAJ eta PSEko zinegotziak ez ziren ados agertu mozioaren hurrengo puntuekin, nahiz eta Uribe zuzen mintzatu zitzaien, ohartaraziz ez dela egoera «gehiago lokazteko» edo abian diren ikerketei itxaroteko momentua, «arduraz jokatu» eta mozioa «aho batez» onartzeko unea baizik. Gau hartako «esku-hartze polizial neurrigabea» eta «Xuhar eta bere familia egoera tamalgarri honetara bultzatu dituen jokabide polizial desproportzionatua» salatzeko konpromisoa eskatzen zion udalbatzari mozioaren bigarren puntuak, eta «indarkeria polizial oro» salatzeko proposamena jasotzen zuen hirugarrenak.

EAJko udal taldearen izenean Arantzazu Rojok hartu zuen hitza, eta batzar aretoan ziren herritarrak haserre eta ezin sinistuta agertu ziren esan zuenarekin. «Xuhar ez zen tirokatua izan», adierazi zuen. Ohartarazi zuen ezin dela ebatzi Ertzaintzaren karga «neurrigabea edo desegokia» izan zela gau hartan gertatutakoaren inguruko txosten irmorik ez dagoen bitartean; hala ere, baieztatu zuen foam balak «errebotea» egin ostean jo zuela Xuharren begian.

«Hau da dakiguna: gau hartan bi istilu egon ziren; bata 01.20an Rondilla kalean eta bestea 04.15ean Soldadu kalean», zehaztu zuen. Liskar horietatik tiraka, esan zuen EAJk «indarkeria mota guztiak» salatzen dituela eta, aldi berean, Poliziaren ekintza «beharrezkoa» izan zela defendatu zuen.

Arantzazu Rojoren hitzok sutu eta mindu egin zituen udaletxera agertu ziren herritarrak, baita Xuhar eta bere familia ere. Jon Pazos gaztearen aitak kargu hartu zion: «Hau al da indarkeria oro salatzea?».

Polizia autonomikoaren ardurak ukatu ostean, EH Bilduri egotzi zion Rojok Tolosako inauterietan gertatutakoaren ardura, esanez ez zela ongi koordinatu Ertzaintzarekin. «Orain arte, Udalean EAJ edo ezker abertzalea egonda ere, beti egon da kolaborazioa eta planifikazioa Ertzaintzarekin; aurten ez da egon. Orain arte, Triangelu plaza larrialdi zerbitzuentzako erabili izan da, baina aurten txosnak jarri dira. Horrek esan nahi du Alde Zaharreko larrialdiak artatzeko sarrera saihestu egin dela», esan zuen.

ARDUREN ZAIN

Ertzaintzaren kargan parte hartu zuten agenteek eta foam jaurtigailuak erabiltzea agindu zuen ertzainburuak «dagozkien ardurei aurre egin» diezaietela eskatu zuen herri plataformak mozioaren bitartez. Norabide berean, Beñat Uribek nabarmendu zuen Xuhar ospitaleratu zuen karga jazo zenez geroztik hamaika egun igaro direla jada, gaur hamabi, baina artean ez dutela azalpenik jaso Ertzaintzaren partetik, ezta Josu Erkoreka Lakuako Segurtasun sailburuaren aldetik ere. Horregatik, sailburuak ere dagozkion ardurak hartu behar dituela aldarrikatu zuten, eta «kaltetutako familiaren zein euskal jendartearen aurrean erantzunak eman ditzala» eskatu zuten dokumentuan.

Ildo horretan, Eduardo Rojo PSEko zinegotziak jeltzaleek hartutako bide berari eutsi zion, ikerketak amaitu bitartean baloraziorik ez duela egingo esanez.

EH BILDUREN BABES OSOA

EH Bilduko zortzi zinegotzien baiezko botoei esker onartu zuen udalbatzak Xuhar Herri Plataformak aurkeztutako mozioa. Polizia ereduaren inguruko «eztabaida sakon» baten beharra azpimarratu zuen Xabat Laborde zinegotziak, eta Xuhar Pazosen kasura bueltatuz, adierazi zuen «ez dela onargarria» gaztea zauritu zuten egunetik hainbeste denbora igaro denean arduradunen azalpenik ez izatea.

Nabarmendu zuen, gainera, otsailaren 12ko goizaldeko oldartze hartan beste bi pertsonak jasan zutela foam balen kolpe bana. Horrek, Laborderen ustez, «larriagoa bihurtzen du esku-hartze poliziala».