GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
unai bustinza
Amorebietako jokalaria

«Amorebietarekin entrenatzen hastea oparia izan zen»

Unai Bustinza (Bilbo, 1992) beti ibili da futbolari lotuta. Talde askotatik pasatu da; Santutxutik hasita, Athleticera jauzi egin eta gero esperientzia gazi-gozoak bizi izan zituen Leganesen eta Malagan. Gaur egun, Amorebietan jokatzen ari da. Neguko merkatuan sinatu zuen Zornotzako taldearekin eta zelaietan beteranoa dela erakusten ari da ordutik.

(Oskar MATXIN | FOKU)

Eskolan hasi zuen ibilbidea Unai Bustinzak, txiki-txikitatik. Aita eta osaba futbolzaleak ditu, baina osabak irakatsi zizkion gehien balore horiek. «Nire osabak uste zuen une egokia zela federatutako klub batera salto egiteko, eta hala izan zen». Santutxun egin zuen lehenengo proba ez zuen pasatu. Ez daki entrenatzailearen erabakia izan zen, baina bigarren aukeran hartu egin zuten. Jokalari «esplosibotzat» du bere burua, eta azken urteak Euskal Herritik kanpo ibili ostean, etxera itzuli da. Amorebietarekin entrenatzen hasi zen azaroan, Malagarekin kontratua bukatu eta hilabete batzuetan talderik gabe egon ostean. Talde urdina Bigarren Mailako azken postuan dago, sufritzen, baina sentsazioak hobetzen ari direla ziurtatu du bilbotarrak.

Athleticen harrobian ere ibili zinen. Nola izan zen zure ibilbidea?

Santutxun urtebete bakarrik egon nintzen, eta handik fitxatu ninduen Athleticek. 14-15 urte egon nintzen harrobian, lehenengo taldearekin debuta egin arte. Urte horiek oso politak izan ziren, baina gogorrak aldi berean. Gustuko duzuna egiten duzu, baloi bati ostikoak ematea, adibidez; eta aukera hau zure bihotzeko klubak ematea dagoen politena da. Txikitan beti pentsatzen nuen San Mamesen jokatu nahi nuela Athleticen kamisetarekin.

2015. urtean Euskal Herritik atera eta Madrilera joan zinen, Leganesera. Nola bizi izan zenuen aldaketa hori?

Lehenengo urtea gogorra izan zen. Gaztea nintzen. Athleticen ikusten nuen ez zela erraza. Une horretan Championsen ere jokatzen ari ziren, eta ez nituen minutu asko jokatu. Orduan, Leganesera joatea pentsatu nuen. Entrenatzailea ezagutzen nuen eta nire aldeko apustua egin zuen. Etxetik irteten nintzen lehen aldia zen. Lehen nire neskalaguna zena, orain nire emaztea dena, ezin zen etorri ikasketengatik, baina oposizioak ikasten ari zen lagun bat nuen eta nirekin Madrilera etortzeko eskaintza egin zidan. Nik goizetan entrenatzen nuen bitartean, berak ikasi egiten zuen, eta arratsaldeetan beste gauza batzuetan pentsatzen nuen. Zortea izan genuen ni jolasten hasi nintzelako eta Lehen mailara igo ginelako. Eta hark oposizioak gainditu zituen.

Nola bizi izan zenuen Lehenengo mailatik bigarrenera jaistea?

Lehenengo mailan Leganesekin egoteak gauza oso politak eskaintzen dizkizu. Lau urte eman genituen eta urte politak izan ziren. Talde txikia izatetik hazkunde horren parte izatera igarotzea oso pozgarria da. Bestalde, bigarren mailara jaisten zarenean, hondoratu egiten zara. Azken partidara arte sufritzen egon ginen, kategoriaz jaitsiko edo mantenduko ginen jakiteko.

Leganeseko kapitaina izatera iritsi zinen. Nola bizi izan zenuen erantzukizun hori?

Hasiera batean, egia da Athleticek zentzu horretan asko erakutsi zidala, aldageletan eduki ditudan erreferentziengatik, alegia. Besokoa hartzeko aukera izan nuen eta ez naiz damutzen. Oso arduratsua naiz, eta dena oso kontrolatuta edukitzea gustatzen zait. Bestalde, egoera txarrak etortzen direnean, ez dakit nire izaeragatik izan ote daitekeen, baina dena okerrera hartzen duzu eta mentalki gehiago eragiten dizu.

Erdiko eta eskuin atzelari postuetan jokatu duzu. Zein postu gustuko duzu gehien?

Lezaman egin nuen ibilbide guztia erdiko postuan izan zen; baina, txiki geratu nintzenez, eskuin atzelari postura aldatu ninduten. Zelai erdian eman dut errendimendu onena, baina partidaren arabera izan daiteke.

Leganesen lesioak pilatu zenituen. Horrek beherakada handia ematen du, ezta?

Orain, atzera begira, dena beste era betera kudeatuko nuke. Maiz etorri ziren lesio asko aurrekoak guztiz sendatuta ez zeudelako gertatu ziren. Bigarren mailara jaisteko azken hiru partidak intentsitate handiz jokatu nituen. Orkatilan lesio bat nuen, eta bai partidaren hasieran bai atsedenaldian anestesia eta kortikoideak jarri behar izan zizkidaten. Horregatik, hurrengo astean ezin nuen taldearekin entrenatu. Une horretan, dena eman behar duzula uste duzu, baina gorputzak muga bat du.

Zer gauza positibo ateratzen dituzu Leganesen izandako ibilbidetik?

Nik ikasketekin alderatzen dut beti. Ez da gauza bera zure hiriko unibertsitatean ikastea edo kanpoko batean ikastea. Futbolean gauza bera gertatzen da. Ez da gauza bera zure hiriko taldean jokatzea edo kanpora joatea. Horrek lagundu dit Madrilen bizitza nolakoa den jakiten. Nik uste nuen Bilbo zela munduaren erdigunea, baina Madrilekin alderatuta herri bat da.

Bertan euskal jokalari batzuekin aritu zinen: Iñigo Ruiz de Galarreta, Joseba Zaldua, Javier Eraso, Mikel Vesga... Etxean bezala sentituko zineten, ezta?

Bai, horrek asko errazten zuen dena. Egunerokotasunean honelako jendea edukitzea beti dator ondo. Euskaldunak izateaz aparte, pertsona onak eta jatorrak dira.

Leganestik Malagara joan zinen. Lesioek, berriz ere, dena ematea eragotzi zizuten.

Gogorra izan zen. Leganesen kapitain izatearen erantzukizuna kendu eta Malagara jokalari arrunta izateko asmoarekin joan nintzen. Pepe Melek ez zuen nirekin asko kontatzen. Baina Pellicer aulkira iritsi zenean, aukera gehiago eman zizkidan. Eta orduan berriro lesioa izan nuen. Malaga talde oso handia da. Futbola asko maite du. Hiru urteko proiektu bat sinatuta nuen, baina berriz kategoriaz jaitsi zela ikusita, pentsarazi zidan beste klub bat bilatu beharra neukala.

Malaga utzi zenuenetik, hilabete batzuk talderik gabe egon zinen. Zer egin zenuen bolada horretan?

Zorte handia izan nuen. Asier Illarramendi eta Joseba Beitia, mutrikuarrak biak, nire egoera berean zeuden. Mutrikuko zelaia goizez ixtea lortu genuen, guk entrenatzeko. Horrek futbolaren errutinari eustea eta martxan jartzea ekarri zigun. Hiru aste ahaltsu izan ziren, baina beste gauza batzuk ere egin nituen. Adibidez, HABEren titulua atera, unibertsitateko paperak egin...

Azaroan Amorebietarekin entrenatzen hasi zinen. Ezustekoa izan al zen?

Oparia izan zen. Aste horietan pentsatzen egon nintzen ea zer egin nahi nuen nire futbolari bizitzarekin. Amorebietak aukera eman zidan beraiekin entrenatzeko, eta poztasun handia sentitu nuen.

Sailkapenean azkenak zaudete. Taldeari zer falta zaiola uste duzu?

Denboraldi txarra igaro dugu, eta emaitza txarrak izan ditugu. Galdu genituen partida asko detaile txikiengatik izan zen. Eta horrek sartu gaitu zulo batean. Orain argi pixka bat ikusten hasi gara, baina partidak ditugu aurretik. Azkeneko partidatan talde sendoa garela erakusten ari gara, eta horrela segi behar dugu.

Azken hiru partidetan, garaipen bat eta bi berdinketa lortu dituzue. Emaitza hauek itxaropen txiki bat ematen dizuete?

Emaitzak baino gehiago, sentsazioak. Berdinketak lortu genituen bi partidatan irabazi ahal izan genuen. Hemendik aurrera partidaz partida joan behar dugu.

Ez da denboraldi ona izaten ari. Nola dago taldea animo aldetik?

Orain taldea beste dinamika batean dago. Askoz hobeto ikusten dugu elkar, beste pentsaera batekin.

Taldeari «beteranotasun» puntu hori eskaintzen ari zara, ezta?

Erik Moran, Javi Eraso, Xabi Etxeita... nire ibilbide bera dute haiek. Guztion artean profesionaltasun hori erakusten dugu zelaian.

Nola definitzen duzu zure burua?

Jokalari indartsua naiz, nahiko «esplosiboa». Gainera, kontzentrazioa une oro mantentzen saiatzen naiz.

Futbolean zein dira gogoratzen dituzun unerik politenak?

Une polita baina, aldi berean, gazi-gozoa izan zen Bartzelonan Athleticekin Kopa jokatu nuenean. Leganesen igoera ere magikoa izan zen, eta San Mameses iraunkortasuna lortu genuenean are gehiago. Oroitzapen guztiak zirraragarriak izan dira.

Erretiratzen zarenean, futbolarekin zerikusia duen zerbaitetan aritzea gustatuko al litzaizuke?

Oraindik Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua daukat amaitzeko, eta hori amaitzen dudanean pentsatzen hasiko naiz. Futbolaz gain beste kirol asko ere badaude, baina oraindik ez dakit zertan arituko naizen.