GARA Euskal Herriko egunkaria

Bushnell


Aaron Bushnell izena zuen. Hogeita bost urte zituen eta AEBetako Aireko Armadako kidea zen. Iragan igandean bere buruari su eman zion Israelek Washingtonen duen enbaxadaren aurrean, palestinarren suntsipen etnikoa salatzeko. Lehenago ere azaldua zuen genozidioarekiko arbuioa gizarte sareen bidez.

Herrikideei zuzenduriko mezuan Bushnellek esaten zuen Jim Crowen zein Vietnamgo gerraren garaian bizitzea egokitu izan balitzaie, zalantzarik gabe bidegabekerien kontra jo izango zutela beren buruei esaten dieten horiek, orain, une honetan, uste horiek indarrean jartzera deitzen zituen, Palestinari beren babesa agertuta. Igandean Bushnellek berak hala egin zuen, bere bizitza sakrifikatuta. Testamentuan bere ondasun apurrak Palestinako haurrei utzi zizkien.

Komunikabide gehienek, Bushnellen heriotza arazo psikologikoekin lotu izan duten horiek, edo luze ala labur soldaduaren azken ekintza palestinarren genozidioaren testuinguruan azaldu duten horiek, immolazio unea jasotzen duten irudiak zabaldu dituzte.

Bada, niri arreta eman dit beste irudi honek: bertan zerbitzu sekretuetako agente bat azaltzen da, gizonezkoa eta zuria, kiskaltzen ari den Bushnellengana pistola destatuz, enbaxadako sarreran zaindari dabilen gizon beltz bat su-itzalgailu batekin Bushnelli laguntzen saiatzen den bitartean.