GARA Euskal Herriko egunkaria
SURFA

Nadia Erostarbe eta Janire Gonzalez-Etxebarri, Olinpiar Jokoetara

Puerto Ricon lehiatzen ari den Munduko txapelketan daudela, lorpen handi bezain berezia eskuratu dute surflari euskaldunek. Pauline Adoren ostean, hitzordu olinpiko batean lehiatuko diren bigarren eta hirugarren surflari euskaldunak izango dira.

Nadia Erostarbe, Munduko txapelketan finalerdietara sailkatu berri; geroxeago jabetu zen Olinpiar Jokoetara ere sailkatu zela. (BASQUE TEAM)

Oraindik ezin sinetsita zegoen Nadia Erostarbe atzo goizean Olinpiar Jokoetarako txartela bereganatuta zeukala. Bada, arratsaldean, egoera berean aurkitzen zen Janire Gonzalez-Etxebarri, hau ere hitzordu olinpikorako sailkatu zenean.

Puerto Ricon jokatzen ari den Munduko txapelketan finalerdietarako sailkatu ondoren, «hanka eta erdi» hitzordu olinpikoan zuela jakitun zen zarauztarra, baina kalkuluak egitea geratzen zitzaion. «Etxera bidean talde osoa kalkuluak egiten ibili ginen. Baietz uste genuen, baina inork konfirmatzen ez zigunez, ez geunden guztiz ziur. ISAk (Nazioarteko Surf Erakundea, ingelesezko siglekin) igo zuen publikazioa, eta poztasun handia izan genuen».

Ametsa betetzea izan zen zarauztarrarentzat, Tokioko Olinpiar Jokoen atarian geratu baitzen, postu baten aldeagatik kanpoan geratu zela. 2021eko Jokoetan, hain zuzen ere, estreinatu zen surfa kirol olinpiko bezala, eta bertan euskal ordezkari bat izan genuen, Pauline Ado hendaiarra. El Salvadorren Munduko txapelketa irabaztetik iritsi zen Tokiora eta final-zortzirenetan Sally Fitzgibbons australiarrak kanporatu zuen.

Zumaiarraren kasuan, aldiz, onartu zuen Olinpiar Jokoetara sailkatzea «ez zegoela nire planen artean; konfiantzarekin jardun gara eta lan oso ona egin du talde osoak».

GARAIPENAREN BILA

Hala, Erostarbe eta Gonzalez-Etxebarrik euskal surfaren historian beste kapitulu bat idatzi dute, Olinpiar Jokoetan lehiatuko den historiako bigarren eta hirugarren euskal surflariak izango baitira. «Pozez» daude, oraindik ere Puerto Ricon, Munduko txapelketaren azken txanpan, eta zarauztarrak uste du lorpena ez duela barneratuko txapelketa bukatzen den arte: «Ezin dut sinetsi oraindik. Uste dut txapelketa bukatu arte ez dudala sinetsiko Olinpiar Jokoetan egongo naizela, Tahitin, historia egiten. Espero dut jende asko motibatzea, surfean has daitezen».

Behin «helburua beteta», presioa askatu dutela onartu zuten biek. Alegia, txapelketaren azken txanpan askeago arituko direla. Igandean bukatuko da lehiaketa eta biak sailkatu dira finalerdietara; hau da, 12 surflari onenen artean dago.

Erostarbe ez dago kikilduta eta mahaian beste kolpe bat emateko prest ikusten du bere burua: «Txandaz txanda, lehen postua lortzen ahaleginduko naiz», esan zuen zarauztarrak, Basque Team Fundazioari eskainitako adierazpenetan.

Zarauztarra, olatu aparrean dabil. 2023a emaitza ikusgarriekin bukatu zuen eta, horri esker, gorengo mailan lehiatzeko zorian egon zen. Ideia bat egiteko, Erostarbek euskal surflari batek CS mailan inoiz lortu duen emaitza onena eskuratu zuen Brasilgo Saquareman eta, horrenbestez, CS rankingean zortzigarren postuan bukatu zuen; alegia, lehen bost sailkatuek irabazten dute CT zirkuiturako txartela.

Orain, Munduko txapelketako bosgarren errondara sailkatu da, bere txandan bigarren egin ondoren. Tatiana Weston Webb brasildarraren atzetik geratu zen, 1,6 puntura. Finalera sailkatzeko urrats baten faltan, Yolanda Sequeira portugaldarra, Sol Aguirre perutarra eta Caroline Marks estatubatuarra izango ditu aurkariak.

Gonzalez-Etxebarrik ere lekua egin du finalerdietan, bigarren aukera ederki baliatuta. Orain, azken txanpan «disfrutatzea» du helburu eta ahal bada, finalean lekua egitea.

TEAHUPO’O-KO OLATUA

2016an erabaki zen surfa Olinpiar Jokoetan sartzea, kirol olinpiko bilakatzea, alegia. Ordutik begi artean izan dute kirolari olinpikoaren ametsa eta, surfa bigarren aldiz olinpikoa izango den urtean, erronka handia egitate bilakatu dute.

Egitate horren estreinaldia Tahitin izango da, Paristik 15.000 kilometrotara. Hiriburu frantsesak hartzen ditu Olinpiar Jokoak, baina surfaren txapelketa hartzeko alternatibak bilatzea ezinbestekoa zitzaion.

Polinesia Frantseseko uharterik handiena da Tahiti eta bertako olatua aski famatua da, Teahupo’o, alajaina. Horrelako txapelketa handi batek, udalerri hain txikian eta biodibertsitate hain aberatsean izan dezakeen ingurugiro inpaktuarekin kezkatuta agertu ziren herritarrak. Olatua koralezko hesi baten atzean sortzen da, ez kostaldean, eta hondartzatik ez dago ikusgarritasunik. Epaileen lana errazteko, WSL erakundeak egurrezko dorre bat eraikitzen du urtero, gero desmuntatu egiten dena. Olinpiar Jokoetako antolatzaileek, ordea, aluminiozko dorrea, urpeko kanalizazio batekin, jende gehiago hartzeko eta elektrizitatea eta internet izateko.