GARA Euskal Herriko egunkaria

Xuhar Herri Plataformak, EAJri: «Ardurak hartzeko unea da»

Arantzazu Rojo EAJko zinegotziak asteazkeneko Villabona-Amasako osoko bilkuran adierazitakoari erantzun dio Xuhar Herri Plataformak. «Foam jaurtigaiak ez ziren ‘kasualitatez’ parranda giroan zeuden gazteen buruetan erori, Arantzazu anderea», aurpegiratu dio. «Ardurak hartzeko» eta «gauzak aldatzeko» unea dela nabarmendu du.

Arantzazu Rojo, Villabona-Amasako EAJko zinegotzia, asteazkeneko osoko bilkuran. (Jon URBE | FOKU)

Bertan zirenen harridurarako, Lakuako Segurtasun Sailaren ikerketaren ondorioak aurreratu zituen Arantzazu Rojo EAJko zinegotziak Xuharren herrian, Villabona-Amasan, asteazkenean egin zen osoko bilkuran. Besteak beste, baieztatu zuen gaztea ez zela tirokatua izan, errebotean jo zuela foam bala batek begian. Haserrea eragin zuen berak esandakoak, eta atzo ohar batez erantzun zion Xuhar Herri Plataformak: «Ardurak hartzeko unea da, argibideak ematekoa, eta ez sinesgaitzak diren hipotesiak elikatzekoa».

«Xuhar ez zela tirokatua izan ondorioztatu du EAJk, eta esku hartze poliziala ez zela desproportzionatua izan azpimarratu zuen asteazkenean Arantzazu Rojok, EAJko zinegotziak, Amasa-Villabonako udaletxean. Jakina, Xuhar Herri Plataformako kideok bat egin dugu aipaturiko ondorioekin eta guk ere gure hipotesi nagusitzat hartzen dugu, nahiz eta mediku informeek ‘begiko kalte eta zauriak poliziaren foam proiektilak eraginak direla’ argi eta garbi dioten; uste dugu oso litekeena dela proiektil horiek eskopetatik, nolabait, ‘kasualitatez’ irten eta, ‘kasualitatez’, horietako batek Xuharren begian amaitu izana», adierazi zuen plataformak ironiaz.

Tonu berean honako hau erantsi zuen: «Erabat zilegi eta proportzionatua iruditzen zaigu nerabez lepo zegoen Soldadu kalean Ertzaintza soldaduen pare sartzea. Nola jakin behar zuen esku hartzea koordinatu zuen ertzainburuak eta eskuartean eskopetak zituztenek, inor tirokatzeko asmorik gabe, foam jaurtigai horiek ‘kasualitatez’ hiru pertsona zauri zitzaketela?».

KASUALITATERIK EZ

Asteazkeneko bilkuran Rojok adierazi zuen Ertzaintzak ez zuela manifestazio batean parte hartzen ari zen jendearen kontra tiro egin eta, horregatik, defendatu zuen gaia ez dela «politizatu» behar.

Ironiak alde batera utzita, Rojok hartutako jarrera «lotsagarria» izan zela kritikatu zuen plataformak. «Foam jaurtigaiak ez ziren ‘kasualitatez’ parranda giroan zeuden gazteen buruetan erori, Arantzazu anderea. Ertzaintzak esku hartze desproportzionatuan parranda giroan zeuden gazteak tirokatu zituen. Batzar aretoan geunden herritarron, familiaren eta Xuharren beraren begia amorru malkoz busti zituzten egoera lokazteko erabili zenituen hitz higuingarriek. Gibela behar da gero».

«Ardurak hartzeko unea da -nabarmendu du Xuhar Herri Plataformak-, argibideak ematekoa, eta ez sinesgaitzak diren hipotesiak elikatu eta gaiari bizkarra ematekoa. Bada garaia gauzak aldatzeko», amaitu du, Xuharren aitaren hitz ezagunak erabiliz.