GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
ANE ETXEZARRETA
Realeko jokalaria

«Gakoa da kontziente izatea lehia gogorra izango dela, pazientziaz aritu beharrekoa»

Zozketan Atletico egokitu ostean, 2019an Granadan lortutako Kopa izan zuen gogoan Etxezarretak. Bihar Madrilen jokatuko dute joanekoa (19.00etan). Mezu nagusia «zergatik ez» da. Taldearekiko dagoen exijentzia mailaz eta bere presentziaz aritu da.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

 

Ane Etxezarretak (1995, Beasain) Zubietan hartu du NAIZ Irratia, entrenamendua amaitu ostean. Bederatzigarren denboraldia egingo du talde txuri-urdinean. Kopako zozketak aurrez aurre jarri ditu berriro Reala eta Atletico, kasu honetan finalerdietan. Granadan lortu zuten garaikurra kenduta, Madrilgo taldearen aurkako Kopako aurrekariak ez dira onak txuri-urdinentzat: 2021ean final-laurdenetan 0-1 galdu zuten, eta iaz final-zortzirenetan madrildarrek 0-2 hartu zituzten mendean.

Zein aurkari egokitu zaizuen ikusita, oroitzapenen bat etorri zitzaizun burura?

Bai, eta nire taldekideei esan nien ere sentsazioa oso polita izan zela. Hala ere, beste urte bat da, liga asko aldatu da, taldeak ere bai. Atletico Madril beti da talde oso erakargarria haien aurka jokatzeko, oso indartsua eta gogorra baita.

Aipatu duzue bi taldeak asko aldatu zaretela; 2019tik 5 urte besterik ez dira pasatu, eta Nerea Eizagirre eta zu soilik zaudete taldean...

Hala da. Azkenean futbolak hori du: urte batetik bestera aldaketa asko izaten direla. Kasu honetan bi bakarrik gelditzen gara; alde batetik, pena da oroitzapen horiek berriro ere bizitzeko, baina hau aurreraka doa, eta beste batzuekin bizitzeko gogoa dugu.

Taldeak zer sentipenekin egingo dio aurre Atleticori?

Oso gogotsu eta ilusio handiarekin. Alde batetik, ona izan daiteke; beste alde batetik, txarra, Atletico Madrilen kontra bi partida izatea, lehenengoa kanpoan eta bigarrena etxean... Oso-oso partida gogorrak izaten dira, fisikoki oso gogorrak. Gainera, tartean Bartzelona dator Zubietara ligan, eta hori kudeatzen jakin beharko dugu pixka bat. Hala ere, kontziente gara oso gogorrak izango direla Atletico Madrilen aurkako partidak.

«Zergatik ez?» izango da mezua?

Noski. Atletico Madril oso talde gogorra da, baina beti egin diogu aurre. Etxean agian esango nuke, oker ez banago, pixka bat gehiago kostatu zaigula kanpoan baino; hala ere, ilusioarekin hartzen dugu, eta gogotsu.

Kopan ez duzue oraindik jokatu Zubietan. Ligan 1-1 egin zenuten, partida oso txukuna jokatuta. Gogoratzen al duzu neurketa hura?

Lehen zatian beraiek ibili ziren hobeto; gainera, partida hasi eta berehala sartu ziguten lehen gola. Kostatu egin zitzaigun, baina bigarren zati oso-oso ona egin genuen, eta hor iritsi zen gola. Esango genuke lehen zatia haiena izan zela, eta bigarrena gurea. Hor dago gakoa: kontziente izatea lehia gogorra izango dela, gu gogor aritzea eta pazientziarekin.

Bihar bizirik ateraz gero, itzulerako neurketa Zubietan da.

Bai. Helburua da han ahalik emaitzarik onena ateratzea, hemen jokatzeko dena. Jada asko esatea litzateke han emaitza ona ateratzea eta hemen lasai ibiltzea. Behintzat, hango emaitza ahalik eta positiboena izan dadila guretzat.

Kopak ilusioa piztuko du aldagelan, ikusita ligan ez gora ez behera zaudetela.

Bai; egia esan, beti sortzen du ilusioa. Beste lehiaketa bat da; liga urte osoko erregulartasunaren saria da, eta kopa izaten da gehiago pixkanaka aurreraka joan zaitezkeen lehiaketa bat, guztiz ezberdina. Azkenean partida bakarrera edo bira jokatzea, eta final batera iristeko aukerak izatea, Barçaren aurka zaila da, baina...

Finala derbia izateko aukerak nola ikusten dituzu?

Bai Athletici, bai guri oso talde indartsuak egokitu zaizkigu. Estatistikak ikusita, Athletici zailagoa baina, hala ere, Atletico Madril ez dugu gutxietsi behar; oso talde konpletoa, fisikoa eta bizkorra da; jokatzen badakite, eta oso argi dute gauzak nola egin behar dituzten. Orduan, estatistikoki Bartzelonak irabazten du, baina ez da erraza Atletico Madril azpiratzea.

Zuk zeuk Kopan oraindik ez duzu jokatu. Gogoa izango duzu, ezta?

Bai, beti dut gogoa. Zu aulkira joaten zarenean beti esaten duzu: “Nik zelaian egon nahi dut”. Ez dakit jokatuko dudan; hasieratik ateratzen banaiz, taldeari laguntzeko ahalik eta bertsiorik onena ematen saiatuko naiz. Taldea entxufatuta badago, aldi berean sufritu eta gozatuko dugu.

Taldekideei kontatzen diezu 2019an Granadako final hartan bizitakoa?

Asko gazteak dira. Bai eta ez. Azkenean nahiko puri-purian izan genuen Levanteko neurketa, eta gero jarraian izan zen zozketa, eta justu oraindik Valentzian geunden. Eta bai esan niela: «Sentsazio hauek ditut, eta polita izango da berriro sentsazio horiek sentitzea Atletico Madrilen aurka». Baina gero segituan ligako partida tokatzen zitzaigun, eta datorren astean berriro. Ez dugu asko hitz egin horri buruz. Azkar jarri dugu arreta egokitzen zitzaigun hurrengo aurkarian, eta joan den asteburuan jardunaldirik gabe, horrenbeste banatzen gara, ez diogula hainbesteko enfasia eman.

Eta zer esango zenieke?

Niri bere garaian finalerako eman zizkidaten gomendioak izan ziren lasai hartzeko, dena eginda zegoela, disfrutatzeko, ahalik eta bertsio onena emateko, baina egoteko lasai, ez zegoela ezer galtzeko. Eta horrela atera ginen. Azken finean, nahi ala ez, orduan bezala, Atletico Madril gaur egun ere gure gainetik dagoen taldea da; orduan berdina esango nieke. Eta gauza handirik gehiago ez, ez baita hitz asko egiteko unea, hitz gutxi eta aurrera egitekoa baizik.