GARA Euskal Herriko egunkaria

Txotx ereduaz hausnartzea eskatu dute Hernanik eta Astigarragak

Hernani eta Astigarragako udalek kezka agertu dute txotx garaian bi herri horiek eta bertako bizilagunek jasaten dituzten kalteengatik, eta egungo ereduari buruzko gogoeta egiteko erakundeen arteko mahaia eskatu diete Aldundiari eta Lakuako Gobernuari.

Txotx irekiera Hernanin, 2016an. (Jon URBE | FOKU)

Hernani eta Astigarragako udalek nabarmendu dutenez, txotx garaian bi herri horietan larunbatetan izaten den jendetza «ez da jasangarria bizilagunek ohiko bizimodua egiten jarrai dezaten». Adibide gisa jarri dute iragan larunbatean, martxoaren 2an, 80 autobus zenbatu zituztela bi herriotako aparkalekuetan, eta ohartarazi, datozen asteetan jendetza handiagoa espero dutela.

Xabier Lertxundi eta Xabier Urdangarin alkateen ustez, «arazoa, gainera, handitzen ari da urtetik urtera». «Txotx denboraldia luzatzen ari da eta, ondorioz, esate baterako, bizilagunek jasan behar izaten dituzten eragozpenak ez ezik, udalek hartu behar izaten dituzten neurriak -segurtasuna eta garbitasuna mantentzeko, adibidez- kostu handiagokoak dira», azaldu dute. Alkateek gogorarazi dute, bestalde, txotx garaian bizikidetza arazoak ere sortzen direla, eta zenbait jarrera «onartezinak» direla.

Udal ordezkarien iritziz, egungo txotx eredua aldatu egin behar da eta «larunbatetan gure herrietan sortzen diren albo-kalteei buruz gogoeta» egin behar da. Aurten sentsibilizazio kanpaina bateratua jarri dute martxan bi udalek, baina baliabide gehiago jarri behar direla nabarmendu dute.

Horretarako, erakundeen arteko mahaia sortzeko eskatu diete Gipuzkoako Aldundiari eta Lakuako Gobernuari. Beraien iritziz, arazoari «oinarrizko adostasun batetik» heldu beharko liokete erakunde guztiek, «modu bateratuan», eta horretarako erakundeen arteko mahaia osatu nahi dute. Alkateen arabera, Lakuak bi asteko epea eskatu du erakundeen arteko mahai bat osatzeko eskaerari erantzuteko.