GARA Euskal Herriko egunkaria

Aitzindariengandik ikasleenganaino datorren begirada feminista

Emakume kooperatibista aitzindariei aitortza egin zieten Gasteizen. (KOOPERATIBEN KONTSEILUA)

Nafarroako Gobernuak deituta, elkarretaratzean bildu ziren parlamentariak eta Gobernu espainolak herrialdean dituen ordezkariak. Legebiltzarrak berak ere kontzentrazioa antolatu nahi zuen, baina adierazpen instituzionalek denen adostasuna eskatzen dute eta Voxek eragotzi zuen aurrera egitea.

Maria Chivite lehendakariak eta Ana Ollo lehendakariordeak irakurri zuten adierazpenean «feminismoak lortutako aurrerapenak aldarrikatu» zituzten, eta «ikuspegi feminista aplikatzen jarraitzeko beharra» azpimarratu zuten, «egiturazko desberdinkeria amaitzeko».

Erantsi zutenez, «ahots antifeministak eta negazionistak aditzen ditugu gaur egun, emakumeen eskubideetan eman diren aurrerapausoei legitimitatea kendu nahian». Horien aurrean, berdintasunaren printzipioa gauzatu dadin inplikatzen diren pertsona guztiak eskertu zituzten.

Hala, lehendakariak Berdinna saria eman zion Acción Contra la Trata elkarteari, sexu esplotazioaren biktima diren emakumeen duintasuna berreskuratzeagatik eta berdintasuna sustatzeagatik.

EMAKUME HELDUEI AITORTZA

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalek emakume helduen ikusgarritasuna bultzatu zuten, estereotipoei eta adinkeriari aurre egiteko. Tokian tokiko memoria historikotik emakumeak berreskuratzeko proiektuak iragarri zituzten. Gasteiz, Bilbo eta Donostiako udalek bere egin zuten Eudelen adierazpena. Bertan, emakume helduen ekarpena txalotzen da, garrantzitsua delako gazteen ahalduntzean.

Bestalde, Satse sindikatuak antolatuta, erizainek elkarretaratzeak egin zituzten Txagorritxu Ospitalean, Donostia Ospitalean eta Portugaleteko Repelega auzoko osasun zentroan. Azaldu zuten administrazio publikoei ez zaiela bizi duten egoera interesatzen, eta horrekin «nazkatuta» daude, «motibazioa eta ilusioa galduta». Irakurri zuten manifestuan «osasunari funtsezko ekarpena» egiten diotela nabarmendu zuten, eta beren lana gehiago ez «mespretxatzeko» eskatu zuten. Araban, dantza garaikidearen bidez adierazi zuten erizainen eta fisioterapeuten kolektiboak jasaten duen diskriminazioa. Esplikatu zutenez, sailkapen profesionalean A2 azpitaldean sartzen dituzte. Sailkapen hori ez dator bat gaur egungo unibertsitate titulu eta lan esperientziarekin, eta genero arrakala dakar lanean eta soldatan. Gainera, hazkuntza profesionala mugatzen du, eta aurreiritziei eta estereotipoei bide ematen die. Sailkapen profesional «justu» bat eskatu zuten, beraz, beren «prestakuntza, gaitasun eta gaur egungo arduren» parekoa.

IKASLEAK, «SISTEMA HAU BUKATZEKO» ANTOLATUTA

Milaka ikaslek manifestazioak egin zituzten Donostian, Bilbon eta Gasteizen, Ikasle Sindikatuak deituta, «feminismo borrokalariak ez duela etsitzen» argi uzteko. Alderdi politikoen eta eliza katolikoaren «hipokrisia» ere gaitzetsi zuten.

«Feministak, internazionalistak, antifaxistak eta antikapitalistak gara, arazoa sistema hau delako eta berau bukatzeko antolatu behar dugulako», adierazi zuen Laura Luengo Ikasle Sindikatuko kideak.

Kooperatiben Kontseiluak eta Konfekoopek, bitartean, emakume kooperatibistak omendu zituzten, «berdintasunerako bidean aitzindariak baitira». «Elkarrekin ahalduntzen, historia sortzen: kooperatiba gehiago, berdintasun gehiago» leloa izan zuen Gasteizko Goiuri jauregian egindako ekitaldi hunkigarriak. Erakundeetako ordezkaritza zabala egon zen.