2024 MAR. 09 BATASUNAREN EGOERARI BURUZKO HITZALDIA AEB-ETAN Bidenek hauteskunde kanpainari bete-betean ekin dio Kongresuan Batasunaren egoerari buruzko hitzaldi gogor eta sutsua egin zuen Joe Bidenek ostegun gauean AEBetako Kongresuan. Legealdiko azken diskurtsoa zuen presidenteak -eta agintaldikoa, hauteskundeak berriz irabazi ezean-. Agerraldiaren garrantziaz jakitun iritsi zen Kapitoliora. Gai batetik bestera, jo-muga argi zeukan Etxe Zuriko bizilagunak: Trumpen mehatxua agerian uztea. (Shaw THEW | AFP) Urtzi URRUTIKOETXEA Iragarrita zegoen Joe Bidenen hitzaldia garrantzitsua izango zela, eta Washingtongo Capitol Hill-en arratsaldetik ikusmin handia eta segurtasun neurri zorrotzak izan ziren. Presidentea ere jakitun zen hitzaldiaren garrantziaz. Eta hasieratik jo eta jo ibili zen Donald Trumpen aurka. Hala, azaroko hauteskundeetako kanpainarako ekitaldirik garrantzitsuenetakoa bihurtu zen Batasunaren egoerari buruzko diskurtsoa. Gauak utzitako irudien artean, Biden aurrez aurre hartzen zuen planoa zen. Pantailan Biden atzean, ezkerretara, Kamala Harris, presidenteorde eta Senatuko burua, eta, eskuinera, Mike Johnson, Kongresuko speaker trumpista. Kamerak etengabe egin behar izan zuen atzera, Harris txaloka zutitzen zenerako. Johnson eserita egon zen hitzaldi guztian zehar, baina behin baino gehiagotan burua mugituz eta aurpegiarekin argi adieraziz deseroso -eta ezados- zegoela. “Politico” hedabideak diskurtsoaren garrantzia nabarmentzen zuen detaile bat jakinarazi du, ohi bezala diruaz: ostegunean, gaueko bederatzietan, Biden Ganberan sartu zenean, ordura arteko diru bilketa onena izan zuen presidentea berriz hautatzeko kanpainak. Handik ordubetera, diskurtsoak aurrera egin eta hitzaldiaren pasioak gora egin ahala, kopuru hori are gehiago hobetzea lortu zuten. Roosevelten 1941eko hitzaldiarekin ekin zion diskurtsoari Bidenek, Vladimir Putinen arriskuaz ohartarazteko baina, batez ere, Trumpen jarrera biluzteko. Eta, horretarako, beste presidente errepublikano baten jarrerarekin konparatu zuen: Reaganek Gorbatxovi «Harresia bota» esan zion artean, Trumpek Putini «nahi zuena egitea» iradoki ziola gogoratu zuen. Gaueko lehen belarrondokoa zen presidente ohiarentzat; beste asko prest zeuzkan hurrengo ordubetean. Putinen arriskuak NATOren defentsarako argudioa eman zion Bideni, eta ongi etorri esan zion ostegunean bertan sartu zen Suediari, herrialdeko lehen ministroa Kapitolioan bertan zela. Arrazoibide bera ekarri zuen nazioartetik etxera Bidenek, demokrazia arriskuan dagoela azpimarratzeko, 2021eko urtarrilaren 6ko erasoa gogoan «hauteskundeei buruzko gezurrak, eta hauteskundeak lapurtzeko konplotak, Gerra Zibilaz geroztik gure demokraziari mehatxurik larriena izan ziren. Baina kale egin zuten. AEBak indartsu egon ziren eta demokrazia nagusitu zen». Trumpekin batera, Ganberan aurrez aurre zituen batzuei ere gaztigatu zien, «zuetariko batzuek urtarrilaren 6ko egia lurperatu nahi duzue. Ez dut halakorik egingo. Hona hemen egiarik errazena. Ezin duzu zure herrialdea maitatu soilik irabazten duzunean». Aurkariak urduritzen hasi bitartean, alderdikideek «lau urte gehiago!» oihu egin zuten, kanpainako mitin batean antzera. Kanpainako mitin batean bezala baitziharduen Bidenek, datozen hilabeteak nolakoak izango diren aletzen. POLARIZAZIOA DATOR, ETA ERREPUBLIKANO MODERATUREN BATEK DEITORATU ERE EGIN ZUEN Bidenen diskurtso gogorra, zentroari uko egiten diolakoan. Baina Bidenek erreferendum gisa planteatuko du kanpaina, Trumpen muturreko jarrera salatzen, eta bere argudioen alde. Horretarako baliatu zuen hirugarren argudioa, abortu eskubidea ezabatzeak ekarri dituen ondorioak salatzeko, errepublikanoen politika gogorren biktima izan diren eta Kongresuan bertan zeuden Texas eta Alabamako bi emakumeri lekua eginez: «Abortu eskubideaz harrotzen diren horiek ez dute ideiarik ere emakumeen botereaz, zenbaterainokoa den emakumeen botere politikoa». Eta promesa bat egin zuen: «Berriz ezarriko dugu Roe vs. Wade!» (aborturako eskubide konstituzionala). Trumpi «nire aurrekoa» deitu zion behin eta berriz; «barkaezina da nire aurrekoak nola kale egin zuen zereginik garrantzitsuenean», pandemian milioi bat lagun hil zirela gogoan. Gai arantzatsuei ere heldu zien Bidenek, immigrazioa, kasu. Akordiorik nahi ez izatea aurpegiratu zien errepublikanoei (Marjorie Taylor Greene kongresista ultrak Georgian etorkin batek hildako neska baten izena eman zion paper batean idatzita, egoera hauetako protokoloa hautsiz). Bidenek bazekien indartsu agertu behar zuela, eta hala aritu zen, ia akatsik gabe. Adinaren gaiari ere heldu zion, umoretsu, Trump ere adinez hurbil duela azpimarratzeko. Bidenek bazekien indartsu agertu behar zuela, eta hala aritu zen, ia akatsik gabe. Adinaren gaiari ere heldu zion, umoretsu, Trump ere adinez hurbil duela azpimarratzeko.