GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Gezurrez jositako martxoaren 11 hura gogoan


Nola ahaztu martxoak 11 hura? Berri nahasiak, inpaktu erraldoia, hildako kopurua goraka gelditu gabe... Laster nagusitu zen errudunak bilatzeko premia eta, jakina, ETAk puntu guziak zeuzkan, aurretik ezarritako markoen arabera. Gauzak horrela, oldarkortasun lehiaketa piztu zen. Alferrikakoa zen ETAren arduraz baieztapen eza: ETAk izan behar zuen horren erantzulea, eta kito!

Ezkerreko abertzale guziengan erori zen zama. Zer esan behar genuen ETAren eraso horien aitzinean? Izan ere, denok ginen atentatu horien egileak, «dena ETA da» logikaren arabera. Egiletza kolokan jartzen joan zen, alta, eta gauzak aldatu ziren. Arnaldo Otegik argiki esan zuen ETA ez zegoela erasoen atzean. Askok ez zuten halakorik entzun nahi, eta entzungorrarena egin zuten, baina gezurra hausten ari zen. Datu berriak ageri ziren, eta orduan, batzuek atzera egiten zuten bitartean, harriduraz ikusi genuen beste hainbatek aurrera segitzen zutela, ETA seinalatuz.

ETA izatea komeni zitzaien, eta horri eutsi zioten. PPkoek arrazoi handiak zituzten hautu hori egiteko. Batetik, aukerak eskaintzen zizkien estatuaren nazio-aniztasuna ukatu, ezker abertzalearen kontra urrats berriak eman eta birzentralizazio estrategia hauspotzeko, beste alderdiak bide horretatik urruntzeko aukerarik gabe utziz. Bestetik, AEB eta Britainia Handiarekiko aliantzaren ondorioen arduratik ihes egiteko balio zien. Islamistak izanez gero, alta, panorama errotik aldatzen zen, eta ez zuten halakorik nahi. Ez bederen hauteskundeetatik hain gertu.

Izan ere, martxoaren 14an egitekoak ziren espainiar Kongresu eta Senaturako hauteskundeak eta PPk irabaztea espero zuen. Ezustean, Aznar eta Rajoyren arteko errelebo lasai gisa irudikatu zutena porrotaren itxura hartzen ari zen, eta hori ez gertatzeko edozer egiteko prest zeuden. Gezurrak elikatzen segitu zuten, beraz, agerikoak izanik ere.

Ezker abertzalea jomugan jarri zuten, eta batzuek joko horretan parte hartu zuten, ardura hori aitortu eta azalpenak eman ez dituztela. Giro hartan hil zuten polizia batek eta bere semeak Angel Berrueta Iruñeko Donibane auzoan. Halaber, Kontxi Santxiz hil zen Hernanin, ertzainen oldarraldi baten ondotik, bihotzekoak jota. Haraino iritsi zen piztu zuten gorrotoaren sua. Arduradun eta zuritzaileen aitorpenaren zain segitzen dugu, 20 urte beranduago.

Ez zen ETA izan. Gezurretan gotortu izanak Gobernu espainolaren galera ekarri zion PPri. Boomerang bat bihurtu zen ETAri ardura egokitzeko obsesioa. Gertaera horien ondorioak ez ziren gobernu aldaketara mugatu. Orduan hasi zen egosten urte batzuetara «M15» izendatutako fenomenoan gorpuztu zena. 1978ko erregimenak zirkuitulabur gogorra izan zuen 2004ko martxoan, sinesgarritasuna eta PP-PSOEren arteko konplizitateak astindu eta urratu zituena. 2008ko krisiak bizkortu zuen higadura hura, eta Euskal Herritik bultzatutako ziklo aldaketak ate berriak irekitzen lagundu zuen. M15a ez ezik, Kataluniako prozesu subiranista ere kokatu behar dugu giro hartan.

20 urte iraganik, Madrilen hildakoak, Berrueta eta Santxiz gure gogoan beti, ezin ahantzi egun gogor haiek. Gauzak asko aldatu dira ordudanik, baina gaur ere estatu sakona eta elite eskuindarrak edozer egiteko prest daude haien interesak inposatzeko, edozein gezur mota baliatuz.