GARA Euskal Herriko egunkaria

Epoka


Elizako ezkilak entzun ditudala iruditu zait, herritarrak ohartarazi eta hildakoari azken agurra emateko errepika amorragarri hori. Oroitzen dut sortu nintzen herrian hil-ezkilak desberdinak zirela, gizona edo emakumea zen «don» edo «din» soinuetan bereizten zutela askok, eta haurrak baziren «ttilin ttalakan» ibiltzen zela kanpai ttipia.

Orain ez dela haurrik hiltzen erraten du gure amak, hilkor izatetik hilezkor izatera pasatu balira bezala, epoken aldaketa gisa ikusi izan du berak hau.

Paleozenoa eta eozenoa bereizten ari banintz bezala idatzi dut epoka, baina aldaketa horretan gaudela pentsatu dut, ezkilen aitzin anaiaren telefono deia jaso dudanean, ea banekien nor hil zen galdetuz.

Halakoetan hurbilekoen zerrenda etortzen zait burura, eta segundo batzuetako dardarizoa izena entzun aitzin, baina Akira Toriyama entzun orduko harridura nozitu dut. Nor kristo zen galdetu behar izan diot. Dragoi Bola idatzi eta marraztu zuena, agidanean. Gure hizkuntzara Xabier Amurizak maisuki itzulia.

Zoriontsua zen gure anaia 80ko hamarkadan isatsdun mutikoari begira, eta hor ulertu dut bere pena.

Manga artean bizi gara halere orain, eta uste dut Ameriketako Estatu Batuetatik zetozen telesailei, Disney faktoriakoei adibidez, garai horretan hartu zietela gaina Mazinger Z, Arale, Dotakon eta Songokuk, besteak beste. Eta geroztik, beste epoka bat bizitzen ari gara.