GARA Euskal Herriko egunkaria

Arabako Bertsolari Txapelketaren hamaseigarren finala, 40 urtetan

Arabako Bertsolari Txapelketaren hamaseigarren edizioa martxoaren 16an izango da Gasteizko Printzipal Antzokian, Arabako lehenengo txapelketa jokatu zenetik 40 urte igaro direnean. Beteranoen eta gazte(ago)en arteko orekari eutsita eta emakumeen protagonismoa berretsita. Arabako lehen bertso eskolen bultzatzaile eta lehen Txapelketan parte hartzaile Xabi Rico Iturriozek jantziko dio txapela irabazleari.

Arabako Bertsolari Txapelketako sei finalistak, Gasteizko Printzipal Antzokian. (Raul BOGAJO | FOKU)

Hamasei bertsolarik parte hartu zuten Arabako lehenbiziko bertsolari txapelketan duela 40 urte, 24k aurtengoan. Horietatik seik jokatuko dute martxoaren 16an Gasteizko Printzipal Antzokian Nieves del Alamo Gil aurkezle eta Oier Suarez Hernando gai emaile izango dituen finala: Aroa Arrizubieta Barredo, Asier Otamendi Alkorta, Iñaki Viñaspre Simon, Manex Agirre Arriolabengoa, Paula Amilburu Izargarai eta azken edizioko txapeldun Peru Abarrategi Sarrionandia.

Erdiak beteranoak, edo «adintsuagoak», edizio honen aurkezle eta txapelketako epaile Patxi Aizpuruak aurkezpenean esan zuenez, eta beste hirurak gazteak, baina ez eskarmentu gabeak. Aramaioko bertsolarien presentzia nabarmentzeko modukoa da berriz ere. Emakumeenak ere bermatua dirudi; Oihane Perea iazko finalistak ez du txapelketan parte hartu, baina Paula Amilbururekin batera Aroa Arrizubieta itzuliko da finaleko oholtzara.

ARABAKO TXAPELKETA

Txapeldunaren burua Xabi Rico Iturriozek jantziko du aurten. Rico Arabako lehenengo bertsolarietako bat eta bertso eskolen bultzatzaileetakoa da, 1984ko txapelketan parte hartu zuena. Bertsotan ez ezik, irakasle, epaile, gai jartzaile eta antolatzaile lanetan jardun izan du. Ibilbide hori eskertu nahi du Arabako Bertsozale Elkarteak.

Arabako bertsogintzak egindako bidea gogorarazi zuen Aizpuruak, 1982an Abel Enbeitaren eskutik Arabako lehenengo bertso eskolak abian jarri zirenetik. Urte bi geroago jokatu zen lurraldeko lehenengo txapelketa, eta 1987tik 2000ra bitartean Araba-Bizkaiko Txapelketan parte hartu zuten arabarrek; hala ere, 90eko hamarraldian Prudentzio Deuna Estibalizko Ama Bertso Sariketa ere egiten zuten. 2000n, azkenik, Arabako bertsolariek beren bidea egitea erabaki zuten.

1993an Arabako Bertsozale Elkartea sortu zen, eta ordutik bide emankorra egin dute: Araban hainbat bertso eskola daude, ikastetxeetan bertsolaritza lantzen da… eta bertsozaleak ere gero eta gehiago dira.

BERTSOZALEAK, «GOGOTSU»

Horren erakusgarri, finalistek orain arteko saioetan izandako bertsozale kopurua nabarmendu zuten. Agirrre aramaioarrak esan zuen«gogotsu» sumatu dutela jendea. Hori dela eta, Sarrionandia herri berekoak esan zuen publiko horri saio polita egitea zor diotela, eta, hari bezala, «bidean geratu direnei» ere bai.

Horixe du Viñaspre abetxukuarrak ere aurtengo helburu, seien artean «saio on bat» egitea, gozatuz eta gozaraziz. Publikoaren portaera bikaina bueltatu nahi du Amilburu aramaioarrak ere finalean. Txapelketan maila ona sumatu duela esan zuen, eta aurreko nerbioen ordez, «beste aldarte bat» nahiko lukeela.

Amilburu bezala, bigarren aldiz igoko da Arrizubieta gasteiztarra Printzipaleko oholtzara. Denetan gazteena, baina ez eskarmenturik gabea, ohartarazi zuen ez dela 2019ko finaleko 17 urteko neska; «gauza berriak aportatzeko» asmoz jardungo du, gazteen ideiak islatuz.

33 urtez bertsotan, Otamendi Urretxuko gasteiztarrak esan du ez dela adintsua, adina pilatutakoa alegia, baizik eta «gaztetsua», gaztetasuna pilatutakoa; ez, ordea, «gaztetxua», Arrizubieta bezala. Pozik agertu da, 2008an azken txapela jantzi zuenetik txapelketara itzulita.

Kanporaketetan ikusitakoaren arabera, harrera ona espero dute Printzipal Antzokian. Izan ere, salmentaren gainean eman dituzten datuek hala adierazten dute.