GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren zatiketak


Musikaren zatiketak. Izenburuarekin zalantzak ditut. Ahur bete abesti ikusi ditut euskara eta gaztelania erabiltzen kantu berean. Indarra hartu duen ohitura da. Abestiak zatitu egiten dituzte, euskara eta gaztelania. Ez da soilik gaztelaniazko esalditxo bat sartzea euskarazko abestian. Gero eta gehiago dira “euskal” izenda daitezkeen taldeak (errepertorioa, batez ere, euskaraz dutenak), gaztelaniazko pasarteak ari direnak erabiltzen; adibideen tanta bat dira Tatta, Maida, Denso Miller.

Doctor Deseok kontrako ibilbidea egin du. Aurki kaleratuko den diskoan gaztelaniak hegemonia du, baina keinua egin dio euskarari zati bat euskaraz kantatuta. Asteon La Furiak kantu berri bat kaleratu du (‘‘Erro’’), gaztelaniatik euskararako hautua eginda Odei Barrosoren laguntzarekin.

Dena euskaraz egiteak gustua ematen du. Euskaratik gaztelaniazko partxeetarako bidea ez zait atsegina. Gaztelaniatik euskarara doanean atsekaberik ez, poza, eta izugarria gainera. Zergatik erabaki du Merina Gris taldeak “Lilili” abestiaren bideoan euskarazko zatiak gaztelaniazko azpidatziekin itzultzea? Kakaztea da. Gaztelaniazko esaldiei ez zaie euskarazko itzulpenik egin. Zein da hizkuntza nagusia? Zilibito Recordsek gaztelaniazko esaldi pare bat sartu du “makulu” gisa. Ea gure lurralde osoa euskararen oasi bilakatzen dugun.