GARA Euskal Herriko egunkaria
MASTER CUP

Txapelketa perfektua biribiltzera

Finala atzo aurkeztu zuten Arrasaten. (Raul BOGAJO | FOKU)

Arrasateko Uarkape pilotaleku ederrean amaiera emango zaio, igande eguerdi honetan, duela ia hiru hilabete hasitako 2024ko binakako Master Laboral Kutxa txapelketari. Elite mailan inoiz baino bikote gehiagorekin, aurtengoa erronka handia zen parte hartu duten pilotarientzat, eta txapelketa perfektua osatu beharko du txapela jantzi nahi duen bikoteak. Jokatutako partidak irabazita, zalantzarik ez dago, bi bikoterik sendoenek, Arrizabalaga-Erasun eta Etxegarai-Gamindek lortu dutela finalerako txartela.

Estilo arteko talka bat bezala aurreikusten den final ireki honek hamaika pizgarri ditu. Esaterako, Olatz Arrizabalagak txapelketa honetan historia egiten jarraituko ote duen ikustea. Bere garaian gizonetan Antton Maizek, Julian Retegik edo Juan Martinez de Irujok egin bezala -Jose Javier Zabaletak ere aurten berdindu dezake marka- gernikarrak bosgarren txapela jantzi dezake igandean, 22. kartoira helduz gero. Arrizabalagaren 7. finala izango da Uarkapekoa -jokatu diren zortzietatik 2019an baino ez zuen hutsik egin-, eta bere zenbakiak handitzen jarraitu nahi du. Lau txapelketa horietako bat, 2022koa, gainera, igande honetan aurkari izango duen Enara Gaminde lagun zuela jantzi zuen gernikarrak.

IDEIAK ARGI

Bi bizkaitarrak dira Binakakoan txapela janztea zer den dakiten bakarrak, eta hein handi batean euren bizkar gainean hartu beharko dute igandeko finalaren zama. Jokoa bere esparrura eramatea lortzen duenak bidearen zati handi bat egina izango du. Arrizabalaga pilotari oldarkorra eta ausarta da, tantoak amaitzeko duen aukera bakoitzari etekina ateratzen saiatuko dena. Laukizkoak, bere aldetik, egungo atzelaririk sendoena dela berretsi du txapelketa honetan eta, zarata handirik egin gabe, kantxan bere legea ezartzen ari da. Horretarako, gainera, bikote ezin hobea topatu du Maddalen Etxegarai oñatiarrarengan. Etxetik bertan ariko den aurrelariak eskuin oso bizia du eta, finalerdietan Amaia Aldairekin egin bezala, Arrizabalaga jokoz kanpo uzten saiatuko dira.