GARA Euskal Herriko egunkaria
KOPA

Aritz Adurizek argi dauka: Athletic da «faboritoa» Mallorcaren aurkako finalean

Atzo egindako sarreren zozketaren arabera, 603.212 eta 626.208 arteko zenbakiak dituztenek izango dute apirilaren 6rako sarrerak erosteko aukera.

Aritz Aduriz, asteazkeneko ekitaldian. (ESTADIO MOVISTAR LALIGA)

Apirilaren 6a athleticzale guztiek agendan gordeta duten eguna da. Athleticek eta Mallorcak jokatuko dute Kopako finala Sevillako Cartujan, eta bi taldeetan aritutako Aritz Adurizek norgehiagoka horren gaineko iritzia eman zuen herenegun. Donostiarrak futbola utzi zuela ia lau urte bete dira, baina aurrelari ohiaren hitzek beti sortzen dute ikusmina zale zuri-gorrien artean.

Asteazkenean Kopako finalari begira eginiko ekitaldi batean parte hartu zuen gipuzkoarrak. LaLigako enbaxadore lanak betetzen ditu, baina ezin dio uko egin Athleticekiko duen sentimenduari. «Beti nahi dut onena», adierazi zuen. Hori bai, oraingoan Ibaiganeko klubak Mallorcaren aurka neurtuko ditu indarrak, eta Adurizek azken talde honetan dihardu kirol zuzendaritzan laguntza emanez. «Egoera konprometitua da», onartu zuen.

Finalean gertatzen dena gertatzen dela, poztasuna eta tristura sentituko ditu. «Irabazi eta galduko dut seguru; sentsazio guztiak izango ditut batera», gehitu zuen. Hala ere, «partidaz disfrutatzen» saiatuko dela gaineratu zuen, titulu bat baitago jokoan eta ez amaiera negatibo bat, maila galtzea, adibidez.

Adurizek ez du zalantzan jartzen Athletic Kopa irabazteko «faboritoa» dela, Ligan duen sailkapenagatik eta bertan erakutsitako errendimenduagatik. Hala, taldearen eta Ernesto Valverde entrenatzailearen lana goraipatu zituen. Hala ere, uste du Mallorcak badituela bere «armak» titulua irabazteko, Reala edo Girona bezalako taldeak kanporatuz erakutsi duena.

Azaldu zuenez, irletako taldea momentu onean iritsiko da finalera eta Javier Aguirre prestatzaileak ematen dion izaera gakoa izan daiteke.

Adurizek uste du tentsioaren eta presioaren aurrean ondoen egokitzen denak bere alde izango duela neurketa. Hori bai, gogoratu zuen Athleticen badirela zenbait jokalari finalak jokatu eta Superkopa irabazi dutenak.

SARREREN ZOZKETA

Atzo eguerdian zozketatu zituzten San Mamesen Kopako sarrerak eta 603.212 eta 626.208 arteko zenbakiak dituztenek izango dute aukera apirilaren 6ko finalerako sarrerak erosteko. Martxoaren 25ean ipiniko dituzte salgai, eta klubak azaldutakoaren arabera, izena zehaztea ezinbestekoa izango da.

Athleticek banatuko dituen sarrera kopuruari dagokionez, Federazioak klubarentzat gordetako 20.698ko paketetik 17.848 horiek bazkideen artean banatuko dira, eta gainerako 2.850ak kontratu, erakunde, kirol, gizarte eta babesleen konpromisoei erantzuteko erabiliko dira. Euskal Herritik kanpo dauden zale zuri-gorrien -Gazteabonodunak, peñistak eta athleticzaleak- eremua den Club Athletic taldeko 11.317 kideen artean 300 sarrera banatuko dituela iragarri zuten.