GARA Euskal Herriko egunkaria
KORRIKA 23

Mugarik ez euskararentzat, mugarik ez herrian, lehen pausoen arrastoa

Irundik abiatu zen atzo 23. Korrika, 11 egunez Euskal Herria harrotzeko helburuarekin. Ane Elordi ekimenaren koordinatzaileak Baionan irakurriko den mezua lekukoan altxatu, eta Bidasoko AEK-ko bi irakaslek hartu zuten eskuetan lehen kilometroan. Harrera sareak eta Bidasoa Etorkinekin kolektiboak eraman zuten Gipuzkoatik Lapurdira, «mugarik ez» oihu artean.

Bidasoko AEK-ko irakasleena izan zen Korrikaren lehen kilometroa. (Jon URBE | FOKU)

Euskaldunok hortzak estutzen ditugu jasaten ditugun erasoen aitzinean, baina atzo egun handia zen, Korrikaren hasiera ospatzekoa, eta irribarrerik handiena atera zuten Irunen bildu ziren euskal komunitateko lagunek. Zergatik? «Harro gaudelako, gu garelako», aldarri egin zuten oihu eta poz kolektibo batean. Korrikalari zahar eta berri, jatorri eta amets askotarikoak batera abiatu ziren lasterka. Aurrean, 2.700 kilometro, eta bakoitzean hainbat istorio.

Hainbertzeko emozioz eta urduritasun puntuaz itxarondako unea iritsi zenean, oinak oin artean hegan hasi ziren, begiak beteta, pozez, hunkiduraz. Baziren hanka ttiki-ttikiak, Korrika lehen aldiz probatzen ari zirenak. Baziren gurasoen bularrean peto barruan zihoazen umetxoak. Baziren hanka batek korrika egin nahi arren bertzeak ezetz erraten zien adineko korrikazaleak. Eta tarteko guztiak.

ELKAR ZAINDUZ, ELKARBIZITZAN

Elkar topatzeko aukerak ere baziren. Gorka Elgoibar Gerekiz furgonetan aurkitu genuen; duela hamarkada bat ikusi genuen azkenekoz. Berak kontatu zigun 11 lagun (hamar furgoneta kide eta argazkilari bat) ibiliko direla 11 egunotan Euskal Herri osoa zeharkatzen bi furgonetatan, bi taldetan, txandaka, talde bakoitza 14 orduz gutxi gorabehera. Hasieran, Irungo San Juan plazan, bi furgonetak batera ikusi genituen. Lasterketaren bukaeran, Baionara ailegatzean ere hala ibiliko dira, «momentu kritikoak» direlako.

Arantzan probatu zituzten furgonetak. Bi urtean behin elkartzen dira kideak, eta berriro elkar topatzeaz gain, soinua, argia eta Interneta probatu zituzten. Arantzako Aterpek lotura handia du Korrikaren antolatzailea den AEKrekin; makina bat barnetegi egiten da bertan, eta orografiagatik lasterketa iristeko herri zaila denez, beso zabalik hartu zuten herritarrek furgoneten proba.

Urtero zenbait lagun berri batzen diren arren, talde iraunkorra da; Gorkak erran bezala, garrantzitsua delako ongi konpontzea, 24 orduz elkarrekin bizi behar dutela kontuan hartuta.

AEK-kideek eta Korrika batzordeek paperean prestatu duten guztia hasi eta buka ongi gauzatzea da beren misioa, eta, noski, denek gozatzea prozesuan. Horretarako denetarik egitea tokatzen zaie: esatari aritzea, musika jartzea, gidatzea... Txandatzen joaten dira zeregin horietan ere. «Ez gara ezertan espezialistak; garrantzitsuena elkar zaintzea da. Batez ere, hori transmititzen saiatzen gara berriei», azaldu zigun Elgoibarrek.

Goizetik hasi zen jaia Irunen, bi gunetan, San Juan plazan eta Urdanibia plazan (‘Mosku’ izenez ezagunagoa): artisau azoka, gazte korrika, kale animazioa... 15.30ean zen Korrikaren hasiera ekitaldia, San Juanen, eta ederra zen giroa. Bi furgonetak apain eta koloretsu, ateratzeko prest, eta inguruan jendea solasean eta argazkiak egiten.

Kamiseta, peto zein pegatina, aldarrikapenez janzteko tenorea ere bazen. AEK-ko banderak eta Azterketak Euskaraz mugimenduarenak haizetan dantzan ari ziren Mursegoren abesti zoragarriaren erritmora. Bihotz taupadak, gero eta azkarrago.

AZTERKETAK EUSKARAZ ETA KORRIKA, ELKARREKIN

Hegoa, Thalya eta Aihena ziren Baionako Etxepare Lizeotik etorritako 60 ikasleetako hiru. Aurtengo Korrikako omenduak dira, eta «giroa ezartzeko, euskaldunak garela erakusteko» asmoa zuten.

Esplikatu zigutenez, brebeta osorik euskaraz pasatzeko aukera izan zuten iaz, baina aurten atzerapauso bat eman da eta zientzien arloa frantsesez pasatu behar da; euskaraz erantzunez gero ez dute zuzentzen. Baxoa ere ezin da euskaraz egin.

MUGAN, SALAKETA BAT

Irun eta Hendaia arteko mugan salaketa bat egin zuten, eta pertsona arrazializatuek, muga pasatzea debekatua dutenek, pasatu egin zuten paperdun pertsona zuriekin batera. Han izan ziren Ione eta Junai irundarrak, bizikletan. Pedalei eragiten lehena, parrillan ogitartekoa jaten 5 urteko haurra, eder “Harro herri” kamisetarekin.

Haien ondoan, senide etxalartar bat aurkitu genuen, Mari Loli. 80 urte ditu eta bakar-bakarrik etorri zen Irunera, autoa Behobian aparkatuta oinez tipi-tapa. Bera zen hanka batek korrika egin nahi baina bertzeak uzten ez dion horietako bat. Baina, hala ere, hemen, «babestu behar delako euskara, gure hizkuntza, gure bizia».

«Nahiko lan badugu Nafarroako Gobernuarekin», kexatu zen herrialdearen egoeraz. Horrekin lotuta, euskaldunok jasaten ditugun eraso guztiak ekarri zituzten gogora hasiera ekitaldian oholtzara igo ziren Ane Elordi Korrikaren arduradunak, Beñat Alzaga Bidasoko AEK-ko arduradunak, AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kideek eta Irungo AEK-kideek.

«Hortzak estutu genitzake. Baina gaur egun handia da euskal komunitate osoarentzat, eta gure irribarrerik handiena aterako dugu. Harro gaudelako, gu garelako», azpimarratu zuten Euskal Herri osoko milaka pertsonak eta eguzkiak ederki berotutako plazaren aitzinean.

«HIZKUNTZA POLITIKA AUSARTAK BEHAR DITUGU»

Euskaraz bizitzea ez dela utopia garbi utzi zuten: «Lorgarria da eta horretarako hizkuntza politika ausartak behar ditugu», gaurko eta etorkizuneko euskal hiztunentzat. «Zer besterik nahi dugu, bada, gure seme-alaben irria baino, euskaraz eta euskaratik?».

Elordik mezu sekretua lekukoaren barnean ongi altxatu, eta hala egin zuten lehen kilometroa Irungo AEK-ko 11 irakaslek. Gibeletik hamaika oinek segitu zieten, denak nahasian, hegan... «Tipi-tapa tipi-tapa, Korrika!» oihukatuz, «Hemen gaude euskararen alde!», «Irun ere euskararen alde!». Hondarribian sartu-atera egin zuen Korrikak; bertzeak bertze, Jaizkibel Konpainiak eutsi zion lekukoari bertan, eta Irunera itzuli zen, handik Hendaiara pasatzeko.

Joaten denean, lasterketak paisaia berezia utzi ohi du: petodun jende izerditua oinez, korrikaldia eginda hustuta, euskara pil-pilean mingainean. Besta ere sortzen du. Irunen sekulakoa izan zen, Esne Beltzaren eta Bad Sound eta lagunen kontzertuekin.