GARA Euskal Herriko egunkaria
2020

«Behin muga itxita, auskalo noiz utziko gaituzten bakean»

Polizia espainola Santiago zubia gurutzatu nahi zuten herritarrak gelditzen, 2020ko martxoan. ( Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskal Herriko lurraldetasun jarraipena kolokan jarriz, espainiar eta frantziar estatuek duela lau urte agindu zuten muga itxierak buruhauste handia eragin zuen konfinamendu garaian.

Orduan ere, Paris eta Madril arteko koordinazioa ez zen goraipatzeko modukoa izan. Santiago zubian irudi bitxia eman zen. Hendaiatik Irunera ezin igaro; Irundik Hendaiara, ordea, bai.

Ordu gutxi barru arribatu ziren frantziar poliziak, eta, geroztik espainiar eta frantziar gobernuek zubia blindatu zuten. Bide batez, zainetan zen erosle hendaiarrak bota zuen esaldiari zentzu osoa hartu genion “mugaldekook”: «Behin muga itxita, auskalo noiz utziko gaituzten berriro bakean».

Urte bereko apirilean, Pirinioetako hamabi pasabide ofizialki itxitzat eman zituen frantses Estatuak, horietatik bederatzi Euskal Herrian kokaturikoak. Honakoak ziren: Hendaia-Irun-Urruñako hiru pasabide (Santiago, Behobia eta Etorbidea zubiak), Ibardin, Lizarrieta, Lizuniaga, Aldude, Izpegi eta Larraine. Euskal herritarren mugimenduei begira itxiera hauek zuten eraginagatik, zerrenda horretara San Martingo Harria ere gehitu zitekeen.

Pasabide gehienetan hesiak eta zimendu blokeak eman zituzten, eta, polizien gehigarriz, militarren patruiletara ohitu behar izan genuen. Mugari iskin eginez, aurrera eta atzera ibiltzen garen herritarrok, ibilbide luzeagoak eginez eta auto-ilara trabagarriak irentsiz eman genituen ondoko hilabeteak.

Euskal herritar gehienentzat konfinamendu osteko askatasun arnasaldia maiatzean heldu zen; ekaina bitartean ez zituzten, ordea, muga pasabideak libratu.

Gutxi iraun zuen menak, gainera. 2015. urteaz geroztik Schengen Tratatua bere erara aplikatu duen frantziar Estatuak Euskal Herriko «pasabide txikiak» guztiz ixteko deliberoa iragarri zuen 2021eko urtarrilaren 12an.

Bi egun beranduago, honako muga pasabide hauek beste behin ere hesiekin blokeatu zituzten: Etorbidea oinezkoen zubia (Hendaia-Irun); Hendaia eta Hondarribia itsasotik lotzen dituen txalupa zerbitzua; Lizuniagako eta Lizarrietako portuak; Sara eta Zugarramurdi Berruet Bentatik lotzen dituen bidea; Izpegiko lepoa; Aldudeko lepoa eta Larraine.

Herritarren haserreari bide emateko mobilizazio garaiak haizea hartu zuen.

Hala nola, muga horiek hesitu eta astebetera, «Herri bat gira, mugarik ez!» zioen pankarta handi baten ondoan «Indar okupatzaileak kanporat!» agindua jasotzen zuen bigarren oihala zabaldu zuten baigorriarrek Gaineko Bentaren ondoan, Izpegiko lepoan. Herritik sorturiko protestak lehenengo emaitza ekarri zuen, eta bi hilabete lehenago harturiko erabakia, partzialki bada ere, zuzendu behar izan zuen Paueko erakundeak.

Berrueta Bentatik, eta baita Lizarrieta eta Lizuniagako lepoetatik ere, zementu blokeak desagertu ziren. Alta, zuberotar eta nafarrentzat gauzak ez ziren onerako aldatu.

Pirinio Atlantikoen Prefeturak mugan agerian jarri zuen bisitari guztiek ez dutela tratu bera merezi, batik bat turistei begira, Hondarribia eta Hendaia lotzen dituen itsasontziak udan berriro ere bere zerbitzua abiatzeko baimena eman zuenean.

MIGRANTEAK, EZ

Alta, ez 2021eko uda saioari begira harturiko erabaki horrek, ezta mugan egoera lausotzeko aitzineraturiko bertzelako erabakiek ere, ez zuten apenas eraginik izan pertsona migranteentzat. Mugaren itxierak beraiei eragin die oinazerik handiena, zalantzarik gabe. Lapurdin sartzea lortu ondoren, trenbidean atseden hartzen ari zen migratzaileen taldea harrapatu zuen trenak Ziburun, 2021eko urriaren 12an. Horren ondorioz, hiru migrante hil ziren eta laugarren bat larriki zauritu zen.

Orotara, bederatzi lagun hil dira, isilean, nehork gutxik haien bizitzaren berri emanik, Gipuzkoa eta Lapurdi lotzen dituzten pasabideetan jarritako oztopoak gainditzeko ahaleginetan. Etorkizun hobe baten bila etorri zitzaizkigun herritar horiek haien izen-abizenekin oroitu ditzagun: Tessfit Temzide, Yaya Karamoko, Abdoulaye Koulibaly, Mohamed Kemal, Fayçal Hamadouche, Ahmed Belhiredj, Sohaibou Billa, Ibrahim Diallo eta Abderraman Bah.

TOURRA, BAI

2023ko uztailean, munduko telebistek txirrindulari tropela Santiago zubia ziztu batean zeharkatzen erakutsi zuten. Irudia borobiltzeko, Etorbidea pasabidea ere irekia agertzen zen. 24 ordu baino ez zuen iraun albiste pozgarriak, Tourra igaro eta biharamunean hesiak jarri zituztelako. Migranteen aldeko taldeek eta Txingudi eskualdeko hiru auzapezek luzaturiko gonbidapenei erantzunez, protesta jendetsuak egin zituzten Bidasoako mugan.

Muga guztiz ezabatu arte pasabideen kontrolak kudeatzen dituzten estatu horiek «ez digutela bakean bizitzen utziko» jakinda ere, behin-behineko garaipena ospatzen ikasi du mugak sobera dituen herriak. Horren lekuko da, Etorbidea zubiaren berrirekitzea ospatzeko, goizeko hotzari aurre eginez, 2023ko urriaren 30ean Txingudi eskualdeko herritarrek eginiko zubi zeharkaldia.



[2003] 21 años de la ilegalización: vista atrás de la mano de Permach

El 17 de marzo de 2003 es una fecha marcada a fuego en la historia de la persecución y la represión contra el independentismo vasco. Hace hoy 21 años de que el Tribunal Supremo, tras cuatro días de deliberaciones, dictase la ilegalización de Batasuna. La decisión fue adoptada por unanimidad y conllevó la liquidación del citado partido, así como de Herri Batasuna y Euskal Herritarrok, en el Estado español. Joseba Permach, que ejercía entonces de portavoz de la formación perseguida, analiza lo vivido en aquel tiempo y el contexto actual en una entrevista en NAIZ.

Alejado de la primera línea política, Permach aborda la persecución que sufrió en los últimos compases del siglo XX e inicios del XXI la izquierda abertzale, saldada con el encarcelamiento de cientos de militantes (fue su caso.) Reconoce que en lo personal fueron momentos difíciles «porque de forma permanente teníamos a la Policía detrás», pero destaca la «fortaleza» del proyecto independentista de izquierdas y la importancia de su gran arraigo. Y concluye: «El mejor antídoto contra el ‘lawfare’ es construir mayorías independentistas y progresistas».