GARA Euskal Herriko egunkaria

Ertzaintzaren indarkeria salatzeko eserialdia egin dute Tolosan

Dozenaka lagunek eserialdia egin zuten atzo Tolosan, duela 34 egun Soldadu kalean Ertzaintzak pilotakada batez zauritu zuen Xuharri elkartasuna adierazi eta poliziaren indarkeria salatzeko. «Egia lokazteko» saiakera salatu zuen Xuhar Herri Plataformak.

Eserialdian Xuhar Herri Plataformak hartu zuen hitza eta Arkada Socialek zenbait abesti jo zituen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Igandetik astelehenerako gauean bost aste beteko dira Tolosako inauterietan Ertzaintzak Xuhar Pazos gaztea zauritu zuenetik. Geroztik Segurtasun Sailak egia desitxu- ratzeko ahalegina egin duela, beste zenbait tokitan antzeko erasoak gertatu direla eta oro har «inpunitatearen apologia» garatzen ari dela salatzeko, eserialdia egin zuten atzo dozenaka lagunek Soldadu kalean bertan, Xuhar Herri Plataformak deituta.

KALTE LARRI ETA ATZERAEZINAK

«Kale honetan istilu larri batzuk disolbatzeko aitzakiapean, ustez bertan zegoen jendearen segurtasuna berma- tzeko asmoz, sartu zen Ertzaintza kalean. Ertzaintzaren esanetan, bertan zeuden gazteak botilak botatzen hasi eta ertzainen segurtasuna arriskuan zegoela-eta, foam jaurtigaiekin oldartzea izan zen ertzainen erantzuna», ekarri zuten gogora «Botilak, eskudo, kasko eta eskopeten aurka. Hori da proportzionaltasuna?», galdetu zuten, eta salatu zuten jaurtitako foam jaurtigaietako batek 16 urteko gazte bati kalte larri atzeraezinak eragin zizkiola begian. «Hori da protokoloa betetzea?».

«Egia bertsio lokaztu eta sinestezinetan ezkutatu nahi izan badute ere, guk ez dugu sinesten!», adierazi zuten, eta azaldu zuten horregatik bildu zirela atzo , eta horregatik eseri zirela lurrean, «biolentzia polizialari planto egiteko» eta «inpunitatearen apologia egiten duen Erkorekari nahikoa dela esateko», hain zuzen. Tolosan bildutako lagunak «nekatuta» daudela gaineratu zuten, nekatuta «azken hilabetean kale honetan hasi eta biolentzia kate bat osatu duten Bilbo, Gasteiz eta Donostiako esku-hartze desproportzionatuez. Indarkeria polizialaz nekatuta». «Gure segurtasuna bermatu behar dutenak zarete eta ez gu ospitalera bidaliko gaituztenak», nabarmendu zuten.

KONPROMISOA BERRETSI

Arkada Social taldeak zenbait kantuz alaitutako ekimenean hau erantsi zuen plataformak: «Nekatuta gaude, baina amorrutik indarra atera dugu. Eseri ondoren altxa egingo gara. Altxatu guztiok! Nekatuta bagaude ere, eta bidea luzea izango bada ere, zuen astakeriei erantzun bat emateko prest gaude, aurrean zutik izango gaituzue. Arkada Socialek abesti batean dio ‘malkoak begitan ere irria eskaintzen daki’; malkotik gatoz, baina irrira goaz». Talde horren “Ukabilak gora” abestu zuten Xuharrekin elkartasunez.

Xuhar Herri Plataformak 16 urteko gaztea eta haren senideen ondoan egoteko konpromisoa berretsi zuen, «eta indarkeria polizialaren aurrean» planto egitekoa ere bai.