GARA Euskal Herriko egunkaria
KORRIKA 23

Lautadatik Araba agurtu eta Hernanira iritsi zen Korrika

Gauerditik Arabako lautadan zehar ibili ostean, eguna Sakana, Ultzama, Larraun eta Leitzaldean eman, eta Goizuetatik Hernanira salto egin zuen Korrikak atzo iluntzean. Buruntzaldean barrena joan zen gauean eta Zarautzen heldu zen lasterketa bere ekuatorera. Gipuzkoan ibiliko da Korrika gaur goizean, eta arratsalde hasieran Ondarroan sartuko da.

Leitzatik igaro zen Korrika atzo bazkalostean. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Ordu txikietan zeharkatu zuen Lautada Korrikak. Dulantzi, Dallo, Zuhatzu Donemiliaga, Agurain, Erdoñana, Zalduondo, Araia eta Egino izan ziren Arabako azken geltokiak. Ziorditik igaro zen berriro ere Nafarroara eta Sakanan barna barneratu zen. Altsasun momotxorro batek gidatu zuen bertan pilatutako jendetza. Gau epela lagun, aise egin zuten korrika altsasuarrek.

Eguna argitu bitartean, Beriain bistan zutela egin zuten euskaltzaleek lasterka. Lainoak estalpe txiki bat eskaini zien, baina eguzki biribila atera zen berehala. Arbizu eta Lakuntzatik igaro ostean A-10 errepidea gainetik pasatu zuen Korrikak. Uharte Arakilen eta Hiriberrin batutako familiek eta herritarrek ondo zekiten aurretik zetorrena ez zela makala: lasterketarako arropa profesionala, zapatila txukunak eta ur poltsadun motxilak. Atzo Korrikari luzaroan jarraitu nahi izatekotan, beharrezkoa zen prestatuta etortzea. Motordun bizikleta bat edo beste ere ibili zen buztanean.

Irurtzunen buruhandi eta erraldoiek egin zioten etorrera Korrikari; azkarra baina jendetsua izan zen. 30 lagun inguru animatu ziren Ultzamarantz bidea egitera. Abenturara Biaizpe tartetik abiatu ziren, filmetan bezala, tunel ilun bat zeharkatuta. Kutsu epikoa eman zion, ilun baitzen, baina euskaltzaleen oihuen oihartzunek emozioak berpiztu zizkieten arnasestuka zirenei.

NORMALTASUNIK ERE BADA

Ultzama eta Larraungo eskualdeetan jarraitu zuen aurrera Korrikak. Familiek, udalek, kuadrillek... hartu zuten bereziki lekukoa. Une batzuetan talde handiak pilatu ziren, Larraintzarreko eskolaren kilometroan, esaterako, haur mordoa izan zen, baita Iruñerriko AEK-ko euskaltegien kilometroan ere. Koloredun banderaz josi zuten lasterketaren burua. Baina bestela, eta arraroa badirudi ere, normaltasuna izan zen nagusi bailara horietan. Landa eremuko bizi-erritmoak eta inguru horietako egoera soziolinguistikoak izango du zerikusirik.

Lehen egunetan euskararen egoera ez normalizatua duten herri eta hirietatik igaro ostean, oasi txiki-handi batean murgildu zen atzo Korrika.

Horrek ez du esan nahi une berezirik bizi izan ez zenik. Muskitzen herritarrek 91 urteko Jose Antonio auzokideari egin zioten omenaldia, «tokiko hiztun gisa» egindako ekarpenagatik. Aimar bilobari pasatu zion lekukoa eta bigarren honek, dantza mugimendu artean, harro eraman zuen.

BAZKARIA LEKUNBERRIN, POSTREA LEITZAN ETA BAZKALOSTEKOAK GOIZUETAN

Bi minutuko aurrerapenarekin iritsi zen Lekunberrira Korrika, arratsaldeko 15.05ean. Herri koxkorra da, baina bertako jatetxe bateko langile batek esan zuen aurreko urteetan jende askoz gehiago bertaratu izan dela. «Bazkaltzeko ordua izateak izango zuen eragina», gehitu zuen. Leitzan, ordea, kontrakoa zen irudia. Bazkalduta harrapatu zituen bertakoak Korrikak eta ehunka lagunek egin zuten lasterka. Horietako batzuk indartsu ziren, eta portuan gora egin zuten Goizuetarako bidea.

Goroldiodun arroka eta zuhaitz artean, eta ibaiadarren hotsak lagunduta, «gora Nafarroa euskalduna» oihukatu zuten behin baino gehiagotan furgonetatik. Eta, noski, gogoz jarraitu zuten gora eta behera zihoazen korrikalariek.

Goizuetan ere herritar ugarik egin zioten harrera Korrikari. 15 urte ziren ez zela bertatik pasatzen; gogoz hartu zuten. Zahagia menditik jaitsi zen eta dantza egin zuten harekin batera goizuetarrek furgoneta iritsi zenean. Plaza albotik igaro zenean Gure Eskuren ikurrina eta nafar ikur erraldoiak ziren bertan. Korrika bera bezainbeste mugitzen dira oihal handi horiek.

ONGIETORRI BEROA HERNANIN

Ereñotzutik sartu zen Korrika Gipuzkoara, Hernanirako bidean. Luze ibili zen udalerrian barna eta gaueko 21.30ean sartu zen Gudarien Plazan. Hurrengo egunean goiz jaiki beharko zuten ikasleak oihuka eta zirraratuta joan ziren argidun furgonetaren atzetik. Ziur errepikatuko dutela, larunbatean berriz itzuliko baita Korrika Hernanira.

Gudarien Plazan Anak eta Kontxita Beitia andereño aitzindariak hartu zuten lekukoa. Hernaniarren esker oneko txalo artean egin zuten aurrera. Emozio handiko unea izan zen. Lasarte-Orian ere omenaldi benetan hunkigarria egin zuten Katxiporretakoek, 1.363. kilometroan; izan ere, Aitziber Ugartemendiaren, abenduan zendutako konpainiako bazkidearen, gertukoek hartu zuten lekukoa.