GARA Euskal Herriko egunkaria
1983

Ezbehar naturalak eta politikoak

Naturan gertaera batzuk saihestezinak dira; nahiz eta hondamendiak, beste batzuetan, aurreikus daitezkeen eta ondorioak arindu. Ezbehar politikoak, ostera, aurreikus badaitezke ere, tragedia bihurtzen dira beti, abiapuntu gisa berariazko borondate bat dutelako. 1983ak albiste latzak utzi zituen, naturak eragindakoak zein politikoak.

Ezkerrean, Felipe Gonzalez Espainiako Poliziaren ekitaldi baten buru Madrilen. Ondoan, herritarrak eta bolondresak lokatza eta uholdeek eramandako objektuak garbitzen, Andoainen (Pool MONCLOA-Javier GALLEGO | EGIN)

Naturan gertaera batzuk saihestezinak dira nahiz eta batzuetan aurreikus daitezkeen eta ondorioak arindu. Ezbehar politikoak, ostera, aurreikus badaitezke ere, tragedia bihurtzen dira beti, abiapuntutzat berariazko borondate bat dutelako.

NATURA.

1983ko abuztuaren 26an Bilbo Aste Nagusian zegoen bete-betean. Egun batzuk lehenago eurite handiak izan ziren Euskal Herriko hainbat tokitan. Bizkaiko hiriburuan jai egunerako aurreikuspenek zaparradak iragarri zituzten. Gauez eurite larriak izan ziren Gipuzkoan. Hainbat errepide moztuta zeuden eta lau ibaik gainezka egin zuten.

Denboralea Bizkairantz zihoan. Han, etengabeko euri-jasa ari zen, metro koadroko 600 litrotik gorakoa. Euriari itsasgora batu zitzaionean, Ibaizabalgo arroak ezin izan zuen gehiago jasan.

Urek dena eraman zuten, zenbait lekutan bost metroko altueraraino igoz. Zazpi Kaleak suntsituta geratu ziren; eta, horiekin batera, jai-eremua, Erriberako merkatua eta Abusu auzoa. Dena lokatzez bete zen.

Triskantzak Bilboko Alde Zaharrean eta inguruan ez ezik, Galdakaon, Etxebarrin, Laudion eta hainbat herritan ere izan zuen eragina. Momentuko ziurgabetasunen zurrunbiloan, Bermeo ur azpian desagertu zela ere zabaldu zen.

Abuztuaren 26tik 27rako gauean, Bizkaiko azalera handi bat inkomunikatuta zegoen, elektrizitaterik, telefonorik eta edateko urik gabe. Eguneko lehen argiekin hasi ziren hondamendiaren ondorioak azaltzen. Hogeita hamar hildako baino gehiago izan ziren, eta kalte materialak 1.200 milioi eurokoak izan ziren, orduko 200.000 milioi pezetakoak.

Elkartasun mobilizazioa berehalakoa eta eredugarria izan zen. Ez bakarrik hasierako uneetan erreskateetan laguntzen, baizik eta ondoren ere, garbiketan eta bizitza normalera itzultzeko hondamendia gainditzen. Euskal lurralde osotik iristen ziren elkartasunez betetako autobusak. Benetako auzolana izan zen.

POLITIKA.

1982ko udazkenean PSOEk Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeak irabazi zituen. Espainiako II. Errepublika ondoren, bere burua ezkerrekotzat eta sozialistatzat zuen alderdi batek Madrilen lehen aldiz Gobernua lortu zuen. Horrek aukera-leiho bat ireki zezakeen askatasun demokratikoak berreskuratzeko, eta euskal auzi politikoa konpontzeko. Baina ez zen horrela izan, eta Felipe Gonzalezi eta beretarrei denbora falta izan zitzaien itxaropena deuseztatzeko eta liskar fase berri bat hasteko. Errepresioa areagotu zuten; baita jazarpen politikoko indarkeria ere, eta euskal presoekiko eta haien familiekiko errebantxismoa gogortu zuten. Ordura arteko gerra zikina Estatu terrorismo bihurtu zuten.

Gonzalezek Gobernuko presidente kargua hartu bezain laster, euskal gatazkari aurre egiteko planaren ildo nagusiak aurreratu zituen. Jose Barrionuevo izendatu zuen Barne ministro. Bizkonde baten semea, frankista mugimenduan murgildurik ibili zen PSOEra iritsi aurretik. Ministeriora ailegatu eta gutxira, ZEN Plana aurkeztu zuen (Zona Especial Norte - Iparraldeko Eremu Berezia), euskal jendartearen zati handi bat errepresioaren jomugan jarriz.

ZEN Plana maiatzean onartu zuen Ministro Kontseiluak. Bost hilabete geroago, urriaren 16an, Joxean Lasa eta Joxi Zabala euskal errefuxiatu politikoak desagertu ziren Baionan. Bi egun geroago, Espainiako Poliziako GEOetako talde bat Jose Maria Larretxea Goñi errefuxiatua bahitzen saiatu zen.

Jose Amedo eta Michel Dominguez poliziek kontratatutako hiru mertzenario Mikel Lujua errefuxiatua bahitzera joan ziren; baina okertu, eta bere ordez, Segundo Marey bizilagun hendaiarra bahitu zuten. Operazioa Barne Ministerioaren funts erreserbatuekin ordaindu zen. Poliziez eta mertzenarioez gain, politikari batzuk ere inplikatuta zeuden, hala nola, Julian Sancristobal Bizkaiko gobernadore zibila eta Ricardo Garcia Damborenea Bizkaiko PSEko idazkari nagusia.

Marey abenduaren 14an aske utzi eta egun gutxira, Ramon Oñaederra ‘Kattu’ hil zuten tiroka Baionan, Kayetenia tabernan. Bederatzi egun geroago, frankotiratzaile batek Mikel Goikoetxea ‘Txapela’ akabatu zuen.

Ordura arte, gerra zikinaren ekintzak errebindikatzeko «inkontrolatuek» hainbat sigla erabili zituzten: Triple A, BVE, Guerrilleros de Cristo Rey, ATE... Hortik aurrera, ekintzek izaera zentralizatuagoa hartu zuten, estatu-terrorismoarena, alegia, eta ordura arte ezezaguna zen sigla bakar baten pean: GAL.

Ipar Euskal Herrian hori gertatzen zen bitartean, Hegoaldean ZEN Plana errepresioaren benetako sozializazioa eragiten ari zen. Errepideko kontrolak biderkatu ziren, baita intoxikazio informatiboak eta atxiloketa indiskriminatuak ere. Izan ere, errepresioa orokortu zuten. Kasu askotan, atxilotuak berehala uzten zituzten aske; beste batzuetan, ordea, espetxera. Askok tratu txarrak eta torturak salatu zituzten. PSOE Gobernura iristeak ez zuen ekarri torturen bukaera, aitzitik, areagotzea eta instituzionalizatzea ekarri zuen. Apirilean jada 160 tortura salaketa zeuden.

Frontea espetxeetara ere eraman zuten. UCDren garaian euskal presoak espetxe gutxi batzuetan egon ziren; hori bai, guztiak Euskal Herritik urrun. PSOEren estrategia berriak, antza, euskal presoak Herrera de la Manchako espetxean biltzea zen. Hala, Gonzalezen gobernuak Herrera de la Mancha espetxe militarizatu bilakatu zuen; benetako gerra-kartzela.

1983ko azken egunean, presoen senideen autobus bati eraso zioten Madril inguruan.

Ikurrina ere tentsio foku bihurtu zen, erakundeetan bakarrik egotea debekatuta zegoelako. Urte osoan zehar, Poliziak eta Guardia Zibilak udaletan sartu ziren, mastetatik bandera nazionala erauzteko eta Espainiakoa zintzilikatzeko. Horrelako jarrerak eragindako gorabeherak biderkatu egin ziren, eta liskarrak eta atxiloketak eragin zituzten. «Banderen gerra» deitzen hasi zitzaion.

Hildako militante abertzaleen omenez kale eta plazetan jarritako plaka eta oroitarri asko kentzeari ekin zioten poliziek. Obsesioak Sanferminetako peña baten pankarta kentzea ere eragin zuen.

1983. urtean jarduera armatua oso bizia izan zen. ETAk eta «zortzigarrenek» ez ezik, Komando Autonomo Antikapitalistek, Iraultzak eta Iparretarrak-ek ere mota guztietako ekintzak egin zituzten.

Otsailean, Ertzaintzak -lehen trafiko unitateak errepidetara atera berri zituen- bere ibilbide errepresiboa estreinatu zuen, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko 3.000 irakaslek egindako protesta bat presioko ur-mahukaz desegiten.

Istiluen aurkako materialaz gain, Polizia autonomikoaren zuzendaritzak armamentu gehiago eta hobea nahi zuen, eta CETME eraso fusilak eta beste gerra-armamentua erosteko baimena eskatu zion Defentsa Ministerioari. Ez zuten oniritzia jaso, material hori «beren gain hartuko ez dituzten konpetentzietara bideratuta dagoelako».

1983an, EITB lehen urratsak ematen eta finkatzen joan zen. Aurreko urteko azaroan hasi zen Euskadi Irratia emititzen, eta urte horretako azken egunean ETBri egokitu zitzaion txanda. 1983ko martxoan Radio Euskadi atera zen uhinetara.

EITBk ez zuen ibilbidea hasi albiste oso zoriontsuak emanez. Mundua ez zegoen Euskal Herria baino hobeto: gatazka Libanon, apartheiden aurkako borroka latza Hegoafrikan, Margaret Thatcher gero eta gogorrago, Reaganen planak Nikaragua erasotzeko, Polonia...

Abuztuaren 28an Jose Bergamin hil zen, euskal independentismoaren kausa besarkatu zuen letren maisu madrildarra. Euskal Herria erbeste gisa aukeratu eta Hondarribian ehorztea eskatu zuen, «Espainiako lurrari nire hezurrak ez emateko». Komunista errepublikarra, antifaxista eta botere ororen aurkako borrokalari nekaezina... «Deabruari esker» fededun aitortzen zuen bere burua, eta «une jakin batzuetan, arrazoia izateko modu bakarra hura galtzea dela» adierazten zuen. Arrazoi hori ez zuen galdu, “Egin” eta “Punto y Hora”-ko artikuluetan ikus daitekeenez.

Hondamendi guztien gainetik, jazzaren erritmoak Euskal Herrira iritsi ziren, besteak beste, Pastorius, Ella Fitzjerald edo Chick Corearen eskutik. Eta natur eta giza halabeharren aurkako antidoto gisa, Anoetako belodromoan Rod Steward abeslariak bere buruari galdetzen zion: «Do you think I´m sexy?». Hori bai, sarrerek 2.000 pezeta (12 euro) balio zuten, eta orain kontzertu bat 12 euroren truke ikustea merke den arren, 1983an nahiko garesti zen. Baina, hori bai, ez katastrofikoa.