GARA Euskal Herriko egunkaria

Kazetaritza Matxistaren Behatokia sortu dute EHUk eta «Pikara Magazine»-k

Sortu berri den Behatokiaren aurkezpena. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Kazetaritza Matxistaren Behatokia sortu dute “Pikara Magazine”-k eta EHUko Bitartez taldeak, «kazetaritzaren berezko boterea egiturak zalantzan jartzea» dela sinetsita. «Ez dago kazetaritza matxista egiterik», nabarmendu zuen, NAIZ irratian, talde sortzaileko Iker Mertxan EHUko irakasleak.

«Guk uste dugu kazetaritza matxista kazetaritza txarra dela. Ez dago kazetaritza matxista ona egiterik, hori ez baita existitzen», gaineratu zuen. Behatokiaren helburua da hedabide guztietan errepikatzen eta mantentzen diren lan ohitura matxistak detektatu, aztertu eta ondorioak gizartearen esku jartzea, kontzientziazioa eta lan eredu berriak sustatzeko.

Urte luzez egin dute lan elkarrekin EHUk eta “Pikara”-k. «Orain dela urte batzuk ikasleekin eskolan egin genituen proba batzuetan ikusi genuen askori albisteetan matxismoa nabaritzea kostatzen zitzaiela», oroitu zuen Mertxanek proiektuaren sorburuaz galdetzean.

IKUSARAZTEA HELBURU

Kazetaritzan egindako okerrak salatu eta begi bistan jarri izan dira lehenago ere; orain, horiek batu eta modu ordenatuan plazaratu dituzte Periodismomachista.com webgunean, edonork kontsultatu eta horietatik ikas dezan. «Hori da gure helburua, gure klasean modu arruntean egiten duguna zabaltzea».

Irakaslearen iritziz, halako lerroburuak idazten dituzten gehienek ez dute matxista izan nahi. Oharkabean pasatzen zaizkigun inertzia batzuk daude.

ALBISTEAK MULTZOKATUZ

Bederatzi matxismo mota topatu dituztela azaldu zuen irakasleak: «Albiste matxista horiek hartu, sailkatu, eta azaltzen ditugu jendartea jabetu dadin begirada hori hor dagoela. Bederatzi mota ezberdin aurkitu ditugu; gehiago ere aterako dira».

Euskarazko eta gaztelaniazko prentsa aztertu dute, eta ez dute alderik aurkitu. Hemendik gutxira ingelesezko eta beste hizkuntza batzuetako albisteak ikertu nahi dituzte.

Orain arte egunkariak aztertu dituzte; prentsa idatziarekin hasi ziren errazena zela iritzita, baina aurrerantzean ikus-entzunezkoak ere behatuko dituzte. Hitzekin ez ezik, keinuekin ere adierazten diren matxismo kasuak agerian jarri nahi dituzte.