GARA Euskal Herriko egunkaria

Pasaiako krimenaren gainean argia eskatu dute, 40. urteurrenean

40 urte bete ziren ostiralean Pasaiako badian Rafael Delas ‘Txapas’, Jose Maria Izura ‘Pelu’, Dionisio Aizpuru ‘Kurro’ eta Pedro Mari Isart ‘Pelitxo’ Poliziak hil zituenetik, oraindik ere ofizialki argitu ez den Estatu krimen batean. Hori bera aldarrikatu zuten urtero bezala, atzo Azpeitian egin zieten omenaldian: aitortzeko garaia dela.

Lau hildakoen argazkien atzean, haien senideak, Drogasekin batera, Azpeitiko ekitaldian. (Idoia ZABALETA | FOKU)

113 bala-zulo. Hori izan zen Komando Autonomo Antikapitalistetako Rafael Delas “Txapas”, Jose Maria Izura “Pelu”, Dionisio Aizpuru “Kurro” eta Pedro Mari Isart “Pelitxo” hil zituena, Polizia espainolaren eskutik, 1984ko martxoaren 22an, duela 40 urte, Pasaiako badian.

Gertakarien bideoarekin abiatu zen ekitaldia, Rosa Jimenoren eta Joseba Merinoren testigantzak barne. Jimeno sarraskia gertatu baino lehen atxilotu eta torturatu zuten, eta Merino segadatik bizirik atera zen bakarra da.

Senideek hartu zuten hitza ondoren, Dionisio Aizpuru eta Pedro Mari Isart azpeitiarren senideek. Arantxa Isartek Pasaian gertatutakoa «demokrazia garaian izan den Estatu krimenik latzena» dela esan zuen. Lau hamarkada igaro diren arren, krimena ofizialki argitu gabe dagoela salatu zuen. Urte hauetan emandako pausoen garrantzia nabarmendu bazuen ere, kasua ofizialki argitzeko oraindik ez dutela balio izan deitoratu zuen. «Non daude hemengo instituzioak, giza eskubideen urraketak argitzen lagundu behar zigutenak? Haien laguntzaren zain jarraitzen dugu», galdegin zuen irmoki “Pelitxo”-ren senideak. «Oraindik aitortza ofizialik ez dugu jaso, noiz arte itxaron behar dugu?», zioen.

Horixe adierazi zuen Pello Aizpuruk. «Inork ez al digu lagundu behar? Bakarrik jarraitu behar al dugu? Noiz arte? Gu hil arte?», esan zuen Azoka Plaza bete zutenen aurrean.

Epaitegietako egia inpunitatearena dela esan zuen. Gertatutakoa estali eta «gure senideek ez zituztela armak erabili eta hilketa zantzuak daudela aitortu dute epaileek», esan zuen. «Tirorik ez bazuten bota, zer egin zuten gure senideekin? Nola definitu behar da hori? Nork eman behar dio aitortza ofiziala?», salatu zuen, baita Lakuako Gobernuaren ardura eta handik jasotako tratu «mingarria» ere.

Biktimen senitartekoez gain, Egiari Zor fundazioko Pilar Garaialde igo zen Azoka Plazako oholtzara. Nabarmendu zuenez, Justizia espainolak Pasaiakoa bezalako kasuak argitzeko inoiz ez du ezer egin. Gainera, inpunitatea Sekretu Ofizialen Legearen eskutik etorri dela salatu zuen, eta hau indargabetzeko beharra azpimarratu. «Hitz egin dezagun memoriaz, baina memoria osoaz, gertakari ilunak ezkutatu gabe», aldarrikatu zuen.

“BAHÍA DE PASAIA”, «ARNASGUNE»

Pello Aizpuruk Barricada taldearen “Bahía de Pasaia” abestia ekarri zuen gogora, gertatutakoa ezagutarazteko eta ahaztu ez dadin balio izan duelako, bere ustez. «Batzuek oso ondo definitu zenuten gau hartako errealitatea: «Pasaiako badia, segada kriminala», esan zuen, kantaren letrak hala dioelako, eta senideen ondoan egon direnak bezala, abestia «arnasgune» izan dela.

Hori irudikatzeko eta ekitaldia amaitzeko, Enrique Villareal “El Drogas”-ek abestu zuen “Bahia de Pasaia”, eta “No hay tregua” eta “Frío” etorri ziren ondoren. «Madarikatuak segaden urte haiek» erantsi zion kantuari txantrearrak.