GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Laratz


Izaskun Arrue Kulturguneari buruz pentsatu eta Dut taldearen “Haize eza” kantuaren habe intelektualak ederrak bezain sitsak jandakoak direla jabetu naiz. Garai batean, nerabetan, ia buruz nekien letra. “Sinboloen semantika tristea morroien bular txukunetan” berbak eta beste asko garunean tatuatu zitzaizkidan.

Aberri Egunaren biharamuna den honetan, iruditzen zait litekeena dela gure askatasunaren sinboloak maiztu eta lohitu izatea askatasuna bera lortu baino askoz arinago. Luze doa emantzipazioaren itxaronaldia, egia da oinarri eskaseko hainbat zin eta promesek ez dutela askorik lagundu, eta nazionalismotik post-nazionalismora egin dugula salto bertatik bertara belaunaldi berean. Zinismoa, auto-lotsa eta antzeko sentimenduak tartekatzen dira akaso euskaldunok abertzaletasuna goratu eta hauspotu zituzten hamaika esangura eta jarduerari bizkarra emateko arrazoien artean, dela dantza, dela ikurrina, dela lauburua.

Dut taldeak aipatu dudan kantua hasi zuen modu berean, konbikzio handirik gabe, dihardut lerro hauek idazten, ez pentsa, baina barrenak diost, Kortaturen kantan bezala, hemen zerbait ez dagoela ondo.

Júlia Ojedak Argian argitu zidan bidea apur bat, eta hark esan zuenari men eginez gero, eta errepikatzen dut hark adierazitakoa, fikzio autonomistaren ondorioz, Espainiako Estatuko nazio gutxituetan auzi eta eztabaida sozial, kultural eta politikoak estatu propioaren jabe balira bezala burutzen dira… baina, estatu izan gabe, jakina. Baita urruntze intelektual auto-gutxieslea ere, gehitzen dut nik.

Ea zuei ere deigarria egiten zaizuen ondorengo hau: Korrikaren aje emozionalaren hamarren bat besterik uzten ez duen Aberri Eguna edukitzeak zer dio gure eta gure herriaren egoerari buruz?

Bukatzeko, gaur, apirilaren 1a, apiril arrainen eguna da Euskal Herri kontinentalean. Ez baldin badakizu zeri buruz ari naizen ez kezkatu, ohikoa da hori, eguneko menua hegoaldeko jatetxeetan berez ezarri zela pentsatzea bezain ohikoa, menderatzaileen biztanleria segmentu aurrerakoiena limurtzeko gure sinboloak gutxiestea bezain ohikoa.