2024 API. 01 GAURKOA Umiliazioa eraitsi duintasuna eraikitzeko Jose Manuel IBERO ALBO Ia Iruñeko Arrotxapeako auzokidea zen Gregorio Albo Urcelay-ren biloba naiz. Nire aitona 1936ko abuztuan faxistek erail zuten. Bere gorpuzkiak Baternainen (Naf. G.) hilobi batean orain dela bi urte baino gutxiago aurkitu genituen. Orain dela hilabete batzuk Iruñeko alkatetzan izandako aldaketak UPNko gobernu taldeak orain arte baztertuta zituen proiektu batzuk errealitate bihurtzeko itxaropena piztu zuen. Errepresaliatu baten biloba naizen aldetik, “Erorien Monumentua” izeneko eraikinaren etorkizunaren inguruan piztu den eztabaidari buruzko nire iritzia emango dut. “Berresignifikatzea” ala eraistea, hauek dira gai honen inguruan mahai gainean jarri diren bi proposamen nagusiak. 1936an elkarren arteko eraso armaturik izan ez zen hiri batean hiltzaileak goratzeko eraikitako monumentua berresignifikatzea posible al da? Ez, inola ere ez, nire ustez. Eraildako baten familiakoa naizen aldetik, nekatuta nago 1936tik hona bizi izan diren eta bizi garen belaunaldiok jasan behar izan ditugun berresignifikazio guztiez. Berresignifikazioa ala eraistearen arteko eztabaida ez da berria. Francoren heriotza eta gero, frankismoaren eraistearen bidea baztertu eta frankismoaren berresignifikazioa aukeratu zen. Trantsizioa deitu zioten. Berresignifikazio hark frankismoaren itzalaren mugagabeko luzapen historikoa ekarri zuen. Prozesu hark berresignifikazio ugari suposatu zituen: instituzioak, politikariak, estatuburuak eta, oro har, egitura publiko guztiak, eta “estatu berri” bat sortu zen. Estatu berri horrek, itxuraldatuta ere, “movimiento”-aren printzipioei leiala izaten jarraitzen zuen. Esan gabe doa gaur egungo egoera asko aldatu dela orain dela bost hamarkadatako egoerarekin konparatuta. Baina frankismoaren berresignifikazioak eta ez eraisteak, 1936ko eraildakoen familientzat oraindik gaur egun nabariak diren ondorio batzuk ekarri zituen; erailketen zigorgabetasuna eta eraildakoen ahanztura. Nire amatxik eta nire amak, bizitza luzekoak izan arren, inoiz ezin izan zuten jakin bere senarra eta aita non fusilatu eta lurperatu zuten. Bitartean, bi emakume hauek Iruñeko Carlos III etorbidetik ibili ziren aldiro, nire aitonaren hiltzaileak goratzeko eraikia zen monumentuaren iraina pairatu behar izan zuten. Faxismoa goratzeko, hiltzaileak ohoratzeko eta nire amatxi eta nire amaren duintasuna zapaltzeko eraikia zen monumentu honek 80 urte baino gehiago daramatza bere itzal gaiztoa Iruñeko hiriaren bihotzean proiektatzen. 80 urte horietatik erdiak baino gehiago Francoren heriotza eta gerokoak izan dira. Eraikuntza faraoniko honen bitartez, 1936an babes gabeko Iruñea hartan sarraskia egin izanaren ohoreak Francoren heriotzaren eta haren boterearen berresignifikaziotik haratago dirauela erakutsi digute urte hauetan guztietan. Frankismoaren biktimen memoriaren aldeko lana ez da berria Nafarroan. Memoriaren aldeko elkarteek eta instituzio publikoek egindako lanari esker, errepresioaren lekukoak izan ziren espazio batzuk berreskuratu ahal izan ditugu: fusilamendu tokiak, atxilotze eta tortura eremuak, presoen ihesaldien bideak… Toki hauek guztiek Nafarroako Memoriaren Tokiak osatzen dituzte, eta duintasun, erreparazio, aldarrikapen eta hezkuntza ondare handia eratu dute. Nire aitona erail zuten Baternaingo hilobia bisitatzen dudan aldiro, sortzen zaizkidan sentsazioak kontrajarriak badira ere, duintasunaren sentipena umiliazioaren sentipenaren gainean nagusitzen da; oroitzapenarena ahanzturaren gainean; errepublikaren balioena faxismoaren balioenaren gainean. Etorkizunean “Erorien Monumentu” berresignifikatuari begiratzen badiot, sentsazio berak izango al ditut? Nekez, nire ustez. Eraikuntza hau, bere sorreratik, faxistek egindako sarraskiarekiko harrotasuna eta damutze falta hiriari transmititzeko diseinatu zen. Monumentu hau eraiki zuten itzal handiko faxisten gorpuzkien hilobiei babesa emateko, nire amatxik bere senarraren gorpuzkiak non zeuden ez zekien bitartean. Eraikin hau faxismoa gaur egun zutik dagoela jakinarazteko sortu eta iraunarazi zuten. “Erorien Monumentu”-aren sinbolismoa 1981. urtera arte Nafarroako armarri ofiziala besarkatu zuen San Fernandoren sarituaren sinbolismoarekin konparatzen dut. Bigarren hau Nafarroak 1936-1939 urteetan faxismoaren sarraskiak egindako ekarpena gogoratzeko eta eskertzeko ezarri zuten. Norbaitek pentsatu al zuen 1981ean laurel koro hura berresignifikatzeko mitxoleta batzuk eranstea? Kasu horretan, zer ikusiko genukeen koro loretsu hura begiratzerakoan? Nik neuk ikusiko nukeena: frankismoaren goratzea, hiltzaileen ohoratzea, biktimen umiliazioa… Pertsonalki, eraikuntza hau, berresignifikatuta ere, inoiz ez nuke ulertuko gaur ulertzen dudan beste modu batez. Frankismoaren errepresaliatu baten senidea naizen ikuspuntu eta bizipenetik, nire ustez, bere berresignifikazioak ez luke nire amatxik eta nire amak jasan behar izan duten zapalkuntza arinduko. Eraikuntzaren umiliatzeko ahalmena ez datza bere fatxadan, bere zimenduetan baizik. Ezin dut eta ez da nire asmoa Iruñeko frankismoaren biktimen familiakoen iritzia ordezkatzea. Bai, horixe! Bai, ordea, nire amatxi eta nire amaren ametsaren aldeko apustua egitea; hiri duin bati dagokion bezala, Carlos III etorbidetik paseo bat ematerakoan eta ortzi-mugara begiratzerakoan, eraiki deitoragarri eta lotsagarri hori ez ikustearen aldeko apustua. “Erorien Monumentua” inoiz ez zen eraiki behar izan. Ez zen inoiz mantendu behar izan. Jadanik denbora gehiegi daramagu bere izaera iraingarria jasaten. Jakin badakigu bere suntsipenak ez duela faxismoarekin amaituko. Eraikuntzaren desagerpenak ez dio frankismoaren biktimen eta haien familiakoen erreparazio prozesuari buru emango, baina hiri honetan bere zaborra ikusi eta zapaldu behar dugu behingoz. Soilik modu horretan Iruñean, era atzeraezin batez, faxismoz libre eta garbia izango den ortzi-muga bati begiratu ahalko diogu. Eraikuntza hau, bere sorreratik, faxistek egindako sarraskiarekiko harrotasuna eta damutze falta hiriari transmititzeko diseinatu zen