GARA Euskal Herriko egunkaria

Frankismoaren biktimei omenaldia, «eskuinaren inboluzioaren» aurrean

Gasteizko Udalbatzak frankismoaren biktimak omendu zituen atzo goizean, 2018tik urtero egiten duen bezala. Maider Etxebarria alkateak nabarmendu zuenez, orain «inoiz baino gehiago» memoria beharrezkoa da «eskuinak eta ultraeskuinak dakarten inboluzioaren aurkako harresia eraikitzea».

Gasteizko Udalak frankismoaren biktimei atzo egindako omenaldia. (GASTEIZKO UDALA)

Frankismoaren eta 1936ko gerraren biktimak omendu zituen Gasteizko Udalbatzak atzo goizean. Eskuinaren «inboluzioaren aurrean memoriari eustea beharrezkoa dela nabarmendu zuten.

Azazetako mendatean frankistek 16 pertsona, tartean Izquierda Republicana alderdiko Teodoro Gonzalez de Zarate Gasteizko alkatea zena, hil zituzten egunean egin zuten. 36ko gerrako biktimei eta 16 hauei eskainitako Posta eta Agirre Lehendakaria kaleen artean dagoen Isiltasunean Oihuka eskulturan egin zuten.

Antzeko omenaldia egin zuen EH Bilduk joan den astean Santa Barbara plazan. Han, koalizio subiranistak erakundeen «inplikazio aktiboa» eskatu zuen, memoria historikoa berreskuratzeko eta frankismoaren zigorgabetasunaren aurkako borrokan.

«Epaitegietan frankismoaren aurkako kereila bat jartzea eskatzen jarraitzen dugu, gizateriaren aurkako krimenengatik, eta zigorgabetasuna amaitzeko eta gerrako eta diktadurako krimenak epaitzeko mekanismoak gaitzea», adierazi zuen EH Bilduk.

Atzoko ekitaldiaren amaieran alkateak adierazi zuen beharrezkoa dela demokraziaren eta elkarbizitzaren alde borroka egin zutenen «oroimenari eustea». Azpimarratu zuen beharrezkoa dela orain «inoiz baino gehiago» mezu hori errepikatzea; izan ere, beharrezkoa da memoria demokratikoarekin lotuta «eskuinak eta ultraeskuinak dakarten inboluzioaren aurkako harresia eraikitzea».

Gonzalez de Zaraterekin, Francisco Diaz de Arcaya, Jose Luis Abaitua, Victor Alejandre, Eduardo Covo, Jaime Conca, Jose Domingo Elorza, Constantino Gonzalez, Francisco Garrido, Prisco Hermua, Antonio Garcia, Jesus Estrada, Daniel Garcia de Albeniz, Manuel Jose Collel, Manuel Hernandez eta Casimiro Cerrajeria hil zituzten Azazetako mendatean.