GARA Euskal Herriko egunkaria

Kartelari begira


Kartelari begira nago, arretaz begira, ‘‘Gazteon eskutik loratuko da udaberria’’ ekimenaren berri ematen du, eta, besteak beste, hiru egunetan, parte hartuko duten musika talde, bakarlari eta DJen zerrenda dakar. Sinistuko al didazue zerrenda luze horretan bi izen baino ez zaizkidala ezagunak gertatzen? Kezkatu ala poztu? Ez dakit zer jarrera hartu.

Alde batetik, gaur egungo gazteen eszena musikalarekiko dudan ezagutza faltaren adierazle eztabaidaezina da. Baina, era berean, zelako poza eragin didan betiko izen parrasta ez topatzea bertan. Esango nuke, eta ezagutza faltaren eraginez senari itsu samar jarraituta, estilo aldetik ere askotarikoa dela kartelak adierazten duen entsalada. Bada zerekin poztu.

Musikarekin gozatzeko moduen artean ez dira makro-jaialdiak nire zerrenda partikularren lehen postuetako batean agertzen. Are gehiago, badira urte asko ez naizela horrelakoren batera bertaratu. Publikoki esana dut hau, behin baino gehiagotan, zutabe honetan bertan.

Hala ere, behin horrelakoren bat antolatzen hasita, eman diezaiogun kolore pixka bat, nortasuna, gainditu dezagun ariketa nostalgikoaren langa psikologikoa... Eta, alde horretatik, uste dut berri bikaina izan daitekeela neuk, aspaldi jaialdi batean garagardo katxirik partekatu ez duen honek, afixa osoko bi izen baino ez ezagutzea.