GARA Euskal Herriko egunkaria

Apirilaren 10ean grebara deitu dute Nafarroako zahar etxeetan

ELAk grebara deitu du apirilaren 10ean Nafarroako zahar etxeetan, patronalaren «blokeoa» hausteko.

Elkarretaratzea egin dute Nafarroako parlamentuaren aurrean. (ELA)

«Hitzarmenaren blokeoa» apurtzeko asmoz, ELAk greba egunera deitu du apirilaren 10ean Nafarroako egoitzetan. Nafarroako Parlamentuaren aurrean atzo egindako elkarretaratzean berretsi zuten mobilizazioak eta greba herrialdeko egoitzen lehen hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko «tresna bakarra» direla.

Estatuko hitzarmena dute eta, ELAk salatu zuenez, soldata ia ez da 1.000 eurora iristen, bajak ez dira ordezkatzen, asteburu eta jaiegun gehienetan lan egiten dute eta urtean 1.792 orduz lan egiten dute.

2021eko maiatzean Nafarroako sektoreko lehen hitzarmenaren negoziazio mahaia osatu zen. Ordutik bilera ugari izan dira, 2023ko ekainean «patronalek negoziazioa haustea erabaki zuten arte».

Hitzarmen honetarako ELAk, sektoreko ordezkaritza handiena duen sindikatuak, ezartzen dituen aldarrikapen nagusiak 1.592 orduko urteko lanaldia eta 1.500 euroko gutxieneko soldata dira, ratioak hobetzeaz gain, Bizkaiko hitzarmena eredutzat hartuta.