GARA Euskal Herriko egunkaria

Osakidetzak «beste gobernantza eredu» bat behar duela dio EH Bilduk

Osakidetzaren inguruan hitz egitean, orain arte Gasteizko Legebiltzarra kudeatu duten alderdiei ardura hartzeko deia egin zien Otxandianok, eta salatu zuen ez duela balio «orain artean oposizioan egon balira bezala hitz egiteak». Etxebarrieta pozik agertu zen NAIZ irratian kanpainaren hasierarekin, eta, emaitzak emaitza, aldaketa «martxan» dagoela esan zuen.

Amurrion harrera beroa egin zioten Otxandiano lehendakarigaiari. (Endika PORTILLO | FOKU)

Osasunaren Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta Amurrion izan zen Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia, Eba Blanco Arabako hautagaiarekin batera. Hautagaiak adierazi zuen herri honek bultzada bat behar duela, «ilusio berri bat». «Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ongizateak, osasunak, desfibriladore politiko berri bat behar du pultsua berreskuratzeko», gehitu zuen.

Otxandianok, bere hitz hartzearen hasieran, larunbateko futbol partida eta Athleticen garaipenak sortutako «bizipoza» gogora ekarri zituen, eta alderaketa ere egin zuen: «Gu ere final bat jokatzen ari gara, eta azken minutura arte egongo da disputan. Herri zaporeko garaipen bat izan zen atzokoa, gurea herri proiektu bat delako. Konfiantzaz jokatuko dugu azken momentura arte, final bat irabazteko anbizioarekin».

Eba Blancok, aldiz, EH Bilduk politika egiteko «beste modu batzuk» dituela azpimarratu zuen: «Desberdinak gara. Guk herritarren ongizateari ematen diogu lehentasun osoa, beste edozein interesen gainetik. Hori da politika letra larriz egitea». Beraien proposamen politikoan 420 konpromiso zehatz baino gehiago jasotzen direla gogorarazi zuen.

OSAKIDETZA ALTXATU

Osakidetza, zaintza eta etxebizitza izan zituen hizpide Blancok. «Orain arteko politikek ez dute balio izan dauzkagun arazoei aurre egiteko, eta osasungintza publikoaren dekadentzia horren adibide da».

Osakidetza «zutik jartzeko» itxaron zerrendak murriztu, plantilla %10 handitu, lehen arreta indartu, osasun mentala kontuan hartu eta EAG Etengabeko Arreta Guneen egoera txarra irauli behar dela azaldu zuen Blancok.

Otxandianoren ustez, «gai izarra» izango da Osakidetza hauteskunde kanpainan, eta orain arteko «planifikazio falta, gobernantza bertikala, burokratikoa eta diktatoriala» salatu zituen. Horrez gain, ardura hartzera dei egin die alderdiei; izan ere, bere ustez, Osakidetza kudeatu duen gobernuko alderdi nagusiak «ezin du orain artean oposizioan egon balitz bezala agertu; ardura hartu behar du». Beste gobernantza eredu bat behar da, EH Bilduko lehendakarigaiaren ustez, Osakidetza martxan jartzeko, bai eta herri itun bat ere, bertako profesionalekin elkarlanean sortutakoa.

Azken bultzadaren beharra nabarmendu zuen Blancok, eta ziurtatu, apirilaren 21etik aurrera ezer ez dela berbera izango euskal politikan eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «merezi duen lekura eramatea» bere gain hartuko duela EH Bilduk, «herriaren zati hau errejeneratzeko anbizioarekin eta ilusioarekin».

«ALDAKETA POSIBLE DA»

Oihana Etxebarrieta EH Bilduko kanpaina arduraduna atzo NAIZ irratian izan zen, eta kanpaina hastapenarekin «gustura» agertu zen, eta eztabaida «beste termino batzuetan» egitea nahiko balu ere EH Bildu herritarren arazoei irtenbideak emateko proposamenetan zentratuko dela baieztatu zuen.

Zenbakiak gorabehera, datozen lau urteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gehiengoa ezkerrekoa eta abertzalea izango dela argi dauka Etxebarrietak. «Horri begirako politikak egin behar dira», esan zuen; «orain arteko formularekin horri muzin egiten zaio. EAJ-PSEk kromo trukaketa egin dute, ez dute aurrera egiten uzten subiranotasunean, ezta politika ezkertiarretan ere. Apirilaren 22tik aurrera bestelako harreman batzuk sortu behar dira eta EH Bilduk badu ibilbide eta egiteko modu bat erronkei aurre egiteko politika konpartituarekin», gaineratu zuen.