GARA Euskal Herriko egunkaria

Protesta, EEPk ez duelako euskal eragileen diru partida handitu

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar nagusia egin zuen atzo. Euskal Konfederazioak haserrea adierazi zuen, oraingoan ere ez duelako euskal eragileentzako diru-ekarpena handitu. 2017az geroztik egiturak eskaintzen dien aurrekontua ez da batere mugitu.

Aldarrikapenez bete zen EEPren batzarra. (Guillaume FAUVEAU)

Aldarrikapenez bete zen Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) atzo Baionan egin zuen batzar nagusia. Azterketak Euskaraz-en pankarta buruan zela, kartelak eskuan eta “baldintza duinak nahi ditugu” oihuka sartu ziren Euskal Konfederazioko kideak eraikinera eta horien artetik pasatu ziren EEPko ordezkariak. Bilera egin zuten aretoan ere ikusi ziren Azterketak Euskaraz-en kamiseta berde biziak eta hainbat kartel, AEK-ko eta Seaskako langileenak, Euskaltzaleen Topagunekoak, Euskal Haziak-enak eta hedabideenak, bertzeak bertze.

2024ko aurrekontua bozkatu behar zuten EEPko ordezkariek, eta, Euskal Konfederazioak lehenagotik iragarri zuenez, ez zuten espero euskal eragileei eskainitako aurrekontua emendatzerik. 2017tik egiturak euskara bultzatzen lan egiten duten antolakundeei bideratzen dien aurrekontua ez dela batere mugitu eta horrek anbizio falta islatzen duela salatu zuen. Areago, «euskara kondenatzeko erabakia» dela ziurtatu zuen.

«EEP osatzen duten instituzioek sinesgarritasun guzia galdu dute hizkuntza politika eraginkorra egin nahi dutela diotenean», adierazi zuen euskalgintzaren bilguneak “Kazeta”-k jaso zituen hitzetan.

Horregatik, partida ez onartzeko eskatu zien administratzaileei. «Aitzineko urteetako soberakinetarik esleitu gabe diren 750.000 euro Lankidetza fondora esleitzea galdegiten diegu, iaz izan aitzinamenduak segurtatzeko eta 2017tik igoerarik ukan ez duten eragileei inflazioaren araberako igoera segurtatzeko, bai eta sortu diren proiektu berrien oinarrizko diruztatzea segurtatzeko ere», argudiatu zuen. Hori eginez gero, euskal eragileei bideratutako 2024ko aurrekontua 750.000 euro handituko litzateke.

LEHENDAKARI BERRIA, BAINA ALDAKETARIK EZ

Maider Behoteguy lehendakari dela egindako lehen batzarra izan zen atzokoa. Iragan urriaren 19an hartu zion lekukoa Antton Curutcharryri EEPren gidaritzan, eta Euskal Konfederazioak «ausardia» eskatu zion.

Euskal Konfederazioak uste du 2004ko apustua, EEPren sortzea, apustu biziki handia izan zela eta emaitza batzuk ekarri dituela. «Eskasak dira, baina frogatzen du hizkuntza politika publiko ausartak finkatuz eta euskalgintzarekin lan eginez, euskarari etorkizun bat ematea posible dela», defendatu zuen. Frantziar Estatua (Kultura, Hezkuntza eta Barne ministerioak), Akitania Berria eskualdea, Pirinio Atlantikoetako departamendua eta Euskal Hirigune Elkargoa dira EEPren partaideak.