GARA Euskal Herriko egunkaria
REALA

Izarnek beste bi urtez «etxean» jarraituko du

Izarne Sarasola, Zubietan. (REAL SOCIEDAD)

Realak atzo aditzera eman zuenez, Izarne Sarasolak beste bi urte emango ditu, gutxienez, talde txuri-urdinean, 2026ko ekainera arteko kontratua sinatu baitu. Zubietako harrobiak emandako azken talentuetako bat da Ibarrako atzelaria eta «etxean» jarraituko du beste bi urtez, umetatik izandako ametsa egia bihurtuz.

22 urteko hegalekoa duela sei urte heldu zen Realera, kluba bere bigarren taldea osatzen ari zen garaian, eta ordutik aurrera, urratsez urrats, gora egiten joan da lehen taldean erabat egonkortu arte. Lehen taldearekin debuta 2019an egin zuen, eta Natalia Arroyok gero eta minutu gehiago eman dizkio. Duela bi denboraldi 15 partida jokatu zituen, iaz 28 eta aurten, dagoeneko, 17 jokatu ditu, nahiz eta konpetentzia handia izan eta denboraldia amaitzeko 17 partida eta Kopako finala geratzen diren.

«Seigarren urtea da hemen. Eta oso pozik eta ilusionatuta nago beste bi urtez jarraitu ahal izango dudalako. Etxeko jendearekin eta nahi dudan lekuan nago, txikitatik izandako amets bat da hemen egotea. Beste bi urte hauek orain arteko ilusio berarekin hartuko ditut eta espero dut dena ondo joatea», azaldu zuen talde gipuzkoarrak ekoitzitako eta zabaldutako bideo batean.

ESKER ONEKO HITZAK

Tolosa Kirol Elkartean hasi ondoren, ibilbide ia osoa Realean eman du Izarne Sarasolak. Klubarekin oso eskertuta agertu da, «aurrerapausoak emateko aukera eman didatelako», baina baita Zubietan bera eta taldea animatzera joaten diren zaleekin ere. «Oso maitatua sentitzen naiz. Jokatzen dudanean asko animatzen naute, gainean ditut eta eskerrak eman nahi nizkieke, eta horrela jarraitzeko eskatu», esan zuen.

Azken asteburuan F Liga selekzio desberdinean partidengatik geldirik egon eta gero, Izarne Sarasolak larunbatean estreinatuko du kontratu berria. Realak Sporting de Huelva, partida bakarra irabazi duen azken sailkatua, hartuko du Zubietan eguerdiko hamabietatik aurrera. Garaipenak ezin die ihes egin Natalia Arroyoren neskei, Kopako finalerako arnasa eta konfiantza berreskuratzeko.