GARA Euskal Herriko egunkaria

Lau mila sinadurak sostengatzen dituzte Erdiz Bizirik-ek aurkeztu dituen alegazioak


Meatzearen proiektuaren kontra Erdiz Bizirik plataformak aurkeztu dituen alegazioek 3.939 sinaduren sostengua dute, atzo Iruñean aditzera eman zutenez. Atzo bukatzen zen alegazioak aurkezteko epea. Asteazkenean EH Bilduk ere alegazioak eraman zituen Nafarroako Gobernura, eta Baztango Udalak eta Batzar Orokorrak ere aurkeztu dituzte.

«Herritarrek beren iritzia ematea hiru aldiz galarazi eta gero, proiektua UGEP gisa inposatu nahi digu Nafarroako Gobernuak. Bitartean, herritarrok gure baliabide propioak erabili behar ditugu inposaketa horiei aurre egiteko. Hala ere, hogei urteren ondoren argi geratu ez bazaie, bertze behin errepikatuko dugu: ez dugu horrelakorik onartuko! Denek ongi aski dakigu gisa horretako proiektuak eta nekazaritza estentsiboa ez direla bateragarriak, eta multinazionalen promesak inoiz gutxi betetzen direla», ohartarazi zuten. Urteotako manifestazio, elkarretaratze eta alegazio bilketetan baztandarrek beren jarrera erakutsi izan dute, baina berriz ere multinazionalaren promesak lehenetsi dituzte: «Zertaz eta enpresak erran duelako mantenduko eta sustatuko dituela landa eremuko lanpostuak, ingurumen ikuspegiko ekonomia garapena eta kohesio territoriala. Zein ingurumen ikuspegi garatzen lagundu dezake Nafarroako enpresa kutsakorrenetako batek? Nola garatuko da ekonomia Baztango eta Nafarroako lehenbiziko sektorearendako estrategikoa den eremu bat suntsitzen bada?».