GARA Euskal Herriko egunkaria
HAUTESKUNDEAK

Otegi: «Ametsak betetzen ari gara, baina poliki goaz, urrutira goazelako»

Kanpainaren erdialdera iritsitakoan, arnasa luzeko hausnarketak utzi zituen atzo Arnaldo Otegik NAIZ Irratian. Apirilaren 21ean bozkatuena izan edo ez, EH Bilduk emaitza itzelak lortuko dituela ziur da, eta uste du horrek, berez, gauzak aldaraziko dituela. Ortzimuga marraztu zuen, eta «egonkortasunaren mantra» ukatu: «Itsasontziak ez dira portuan lotuta egoteko izaten».

EH Bilduk Gernika-Lumon egin zuen atzoko ekitaldi nagusia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hautagaia ez denez, EH Bilduko koordinatzaile nagusi gisa hauteskunde lehiaren gainetik dauden gogoeta mamitsuak utzi zituen Arnaldo Otegik NAIZ Irratiko elkarrizketan. Independentzia helburu duen prozesu baten faseak ezaugarritu zituen, eta bide horretan kokatu zuen A21ean izango den emaitza, betiere «pazientzia estrategikoaren» irizpidetik irakurrita. «Marea bat sortzen ari da, baina zirimiria gara gu, urrutira goazelako goaz poliki», esan zuen.

EH Bildu irabazle atera daitekeela baina EAJk eta PSEk (eta PPk ere agian) bera baztertzeko bozak batu ditzaketela aipatu zitzaion, eta horrek «frustraziorik» eragin dezakeen galdegin. «Jendearen espektatibak ez dira horregatik zapuztu behar. Hau prozesu gisa ulertu behar da. EAJren lehenengo tentaldia botereari eustea izango da, baina horretarako gero eta gauza arraroagoak egiten badituzu, irismen estrategikorik ez duzula islatzen duzu», erantzun zuen.

Lehen indarra ez balitz ere, EH Bilduk agertoki hori «lasaitasun osoz» hartuko duela adierazi zuen Otegik: «Boto gehien irabaziko ditugunak izango gara, gau magikoa izango da, emaitza ikaragarriak izango ditugu eta emaitza horiek agertoki politikoa baldintzatuko dute. Gauzak aldatuko ditu honek... eta herri honetan gauzak aldatu behar dira».

BELDURRA

Urratsen artean, honakoari eman zion garrantzia: «Gero eta gutxiago dira EH Bildurekin beldurtzen direnak». Eta erantsi zuen beste alderdi batzuk «beldurraren boza» lantzen ari direla, baina «guk ez dugu beldurraren boza eskatzen, ilusioarena baizik».

EAJk, PSEk eta PPk darabilten beste argudio bati ere erreparatu zion: egonkortasunari. «Estabilitatearen mantra ateratzen dute behin eta berriro, baina zein estabilitate dago Gipuzkoan aurrekontuak aurrera atera ez dituztenean, zein estabilitate dago gazteentzat?». Gustuko duen metafora batekin erantzun zien: «Seguruagoa da, baina itsasontziak ez dira portuan lotuta egoteko eraikitzen. Herri honek itsasora atera behar du».

Prozesu baten barnean gabiltzan kontzeptu horretan sakonduz, Euskal Herriko «periferian» gertatzen ari diren aldaketak oroitu zituen: «Guretzat amets bat da Ipar Euskal Herrian gertatzen ari dena, Ziburun eta Urruñan gobernatzea. Gasteizen eta Araban irabazten ditugu hauteskundeak. Oionen eta Iruñean gobernatzen dugu. Eta orain A21ean irabaz dezakegu».

Otegiren aburuz, bistan da «jendeak gure balore eta printzipioekin bat egiten duela gero eta gehiago. Eta non bukatu behar da? Lehenengo fase batean, urrats kualitatibo bat emanez, urrats nazionala. Bigarrenik, sektore zabal bat independentista da aspaldi, baina hori antolatu behar dugu, irismen estrategikoa eman, sektore hori sendotuz eta besteak konbentzituz. Honetarako gobernu fase batetik pasatu behar dugula uste dut, jendeak ikusi behar duela gurekin hobeto biziko dela. Eta hirugarren fase bat izango da, non herri honek erabakiko duen».

Zehatzago esanda: «Orain ez gaude independentismo fase batean. Gure estatus nazionalean urrats kualitatiboa egiteko fasean gaude».

Gauzak horrela, «poliki» aritzearen beharra, «gauzak ondo eginez», aipatu zuen. «Presarik» ez du ikusten inguruan, ez adin nagusikoen artean, ez gazteen artean: «Nire belaunaldian sekulako ilusioa ikusten dut. Subiranotasun prozesuak oso luzeak dira. Eta norabide onean doazen urratsak ikusiko ditugu».

Kataluniatik berriki Gobernu espainolari erreferendum baterako egin zaion eskaintza eta ondorengo ezezkoa dela-eta, EH Bilduko koordinatzaile nagusia ez dago harrituta: «Guk eskarmentu luzea dugu, badakigu ez dela hain erraza. Normala da Gobernuak ezetz esatea, horretarako dago. Baina gauza bat falta zaio: ‘Bale, horrekin ez zaude ados, baina zerekin zaude ados?’».

«Nazio aniztasunaren gaineko eztabaida irekiko da Estatu espainolean», aurreikusi zuen: «Herriek erabakiko dute. Guk nazio batentzat proiektua dugu, denontzat izango dena».