GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
Mikel ZUBIMENDI
Kazetaria

«Elkorok gure etxea zaindu du, beti etxeko jokatuz, oreka eta zentzu handia eskainiz»

Lagun, herrikide eta burkide baten biografia jaso du Mikel Zubimendik. Txalapartak argitaratutako liburuak “Han egon zen” izenburua du eta, puntadaz puntada, Jose Luis Elkororen ibilbidea josten du, bere balioak bilduz, bere gizatasun eta «izaera poliedrikoaren» zertzeladak jasoz, Euskal Herriko historia garaikidean lekuko zein ekintzaile baten bizia aletuz.

(Raul BOGAJO | FOKU)

Atzo jendez lepo zen Bergarako udal aretoa. Eguerdian aurkeztu zuten Euskal Herriko politikagintzan itzal handikoa izan den Jose Luis Elkorori buruzko liburua. Egilearengana jo du NAIZ Irratiak, landu dituen ideia nagusiak jasotzera.

Ezezagun bati nola aurkeztuko zenioke Jose Luis Elkoro?

Pieza bakarrekoa eta ertz askokoa dela esango nuke. Pertsona da, oso zuzena. Alkatea, enpresaria, Herri Batasunaren sortzaile eta mahaikidea, “Egin”-eko enpresa editoreko burua, negoziazio ahaleginetan errekadista, presoa, tirokatua... oso poliedrikoa. Pertsona soila, apala, hitzez neurrikoa, arrunta, arrunt ezohikoak diren gauza asko egin dituena.

Nola jaio zen bere biografia idazteko ideia?

Olaso Dorrea Fundazioaren aspaldiko asmoa zen. Elkoro itzaltzen ari den belaunaldi baten sinboloa baita, printzipioen eta balioen kutxa gotor bat. Kontuan hartu 1935ean jaio zela Elgetan eta 1936an zazpi hilabete luzez egonkortu zela gerraren frontea bertan. Hortik abiatu dut kontakizuna, eta bere bizitza aletzean gure herriaren historia garaikidearen une latz eta gogor askoak azaltzen dira.

Nola ezagutu zenuen Elkoro?

Bergararrontzat Jose Luis beti izan da gure alkatea. Alkateen Mugimenduko erreferentea izan zen, Euskal Herriak ez zuenean botere legitimorik, ez Madrilekin interlokuziorik, ezta alderdi legeztaturik ere. Oso ausartak izan ziren alkate haiek, herri hau ordezkatu ezik gobernatu ere egin zutenak. Gai potoloetan jardunez, Espainiako presidente, ministro eta militarren buruekin.

Bada bere ibilbidean beste ardatz bat ere: enpresa.

Niretzat ez da bakarrik enpresaburua izan, enpresaburu on bat izan da. Aberastasun handia ekarri dio Euskal Herriari, ebaketa zehatza eta huste handia bezalako teknologiak, langileekin ondradu eta baldintza onak ipiniz, lan mundua euskalduntzen aitzindaria izanik, ezer ez zegoen tokian bidea urratuz... Eta hori guztia, bizkar-zorroan zama eta ardura itzelak eramanez.

“Egin” eta Egin Irratia ere bultzatu zituen.

Prentsa askatasunaren aldeko ekarpena handia egin du, isila, itxita ziruditen ateen giltzak eskaini ditu, baliabide asko lortuz. Hori ez zioten barkatu. Horregatik sartu zuten preso, kausarik gabe epaituta eta deliturik gabe kondenatuta.

Telesforo Monzonen gertukoa izan zen, ezta?

Jose Luisen bilakaeran oso inportantea izan da Telesforo. Alkate zela elkar ezagutu zuten, Olaso Dorrea erortzear zela, guardia zibilak bertan zeuden, frankisten sekzioak eta taberna, Donibane Lohizuneko Mende Berrira udaletxe bezala laguntzeko prestutasuna azaltzera hurbildu zirenean. Betirakoa izan zen hortik aurrerako kidetasuna. Xibertan han ziren biak, hil edo bizi, EAJ eta ETA, gudari zaharrak eta berriak batera lanean jartzeko ahaleginean. Aukera galdua izan zen, zartateko handia. Porrotaren ondoren ideia baten bueltan indartu zituzten gogoak: alderdiekin ezin bada, herriarekin egin beharko da. Ideia horren gauzapena da Herri Batasuna. Beste askorekin batera, aristokrata eta enpresaburua bultzatzaile, zinezko herritar batasun baten oroigarri ona dela uste dut.

Madrilgo Alcala Hotelean tirokatu zuten. Han Josu Muguruza hil eta Iñaki Esnaola zauritu zituzten. Nola oroitzen du hura guztia?

Fresko, erantziezin. Josu Muguruza bere besoetan hil zen, kontakizun latza eta zehatza egiten du, batzuek eta besteek nola jokatu zuten aipatuz. Alcalan tirokatu zuten, baina alkate zela sekulako eskapadak egindakoa da ere; hor badaude pasarte beldurgarri batzuk, gabardinekin ibiltzen ziren haienak, Montejurrakoak.

Zein da euskal gizarteari ematen dion legatua?

Hiruzpalau printzipio sinple izan ditu: abertzalea bazara, Euskal Herria maitatu eta defendatu; euskara beti ardatz, gure etorkizuna argituko duen pospoloa, punta-puntako teknologia; pertsonaren duintasuna, guztiaren neurri. Ezker abertzalean sortze beretik hor egon da, mahaikide, oreka eta zentzu komun handia eskainiz, etxea zainduz eta etxeko jokatuz beti. Lau hitzetan, hori da bere ideia: «Banatuta, ezina; eta batuta, etekina».