GARA Euskal Herriko egunkaria
TXIRRINDULARITZA

Ibai Azurmendik ibilbideari amaiera eman dio, bihotzeko alterazio batzuen ondorioz

Galiziako itzulian «ezohiko sintomak» nabaritu zituen eta, probak egin eta gero, «bihotz alterazio batzuk» topatu dizkiote. Mezua zabaldu zuen atzo.

Ibai Azurmendi, bere ibilbide profesionaleko lasterketa batean. (EUSKADI FUNDAZIOA)

Euskaltel-Euskadi taldeko Ibai Azurmendi txirrindulariak amaitutzat eman du bere ibilbide profesionala. Ez berak nahi bezala. Otsailean, Galiziako itzulian, «ezohiko sintomak» izan zituen leitzarrak, eta, beharrezko probak egin ostean, «bihotzeko alterazio batzuk» topatu dizkiotela jakinarazi zuen atzo sare sozialetan.

«Horiek aztertu ondoren, segurtasuna ezin dela ziurtatu baieztatu genuen eta, medikuen gomendioei jarraituz, nire ibilbide profesionalari amaiera ematea erabaki dugu», adierazi zuen nafarrak.

Onartu zuen «aste zailak» izan direla azkenak, «egindako proba guztiengatik eta txirrindulari profesional izaten jarraitzeko ametsa itzaltzen ikusteagatik». Hala ere, «harro» agertu zen, «gehien gustatzen zaidanaz gozatu ahal izan dudalako». Alde horretatik, «pribilegiatu» sentitzen dela esan zuen, «ametsa egia bihurtzeko aukera» izan baitu.

Eskerrak ere helarazi nahi izan zituen, «familiari, lagunei, taldeari eta beti laguntzen aritu zaidan jende guztiari». Euskadi Fundazioan hasi eta bukatu du bere ibilbidea eta horrek «ilusio berezia» egiten dio. «Beti sentitu izan naiz familia batean eta oso lagun onak daramatzat hemendik». Familiari «gaur egun naizen pertsona izaten laguntzeagatik» eman nahi izan zizkion eskerrak. Baita Mikel Landa txirrindulariari ere, Fundazioko presidente izanda garai batez, «nituen amets asko betetzeko aukera emateagatik eta bizi izan ditudan momentu txarretan beti laguntzeko prest egoteagatik». Julen Ucin medikua, Luis Astrain psikologoa eta Jorge Azanza zuzendaria ere gogoan izan zituen.

«Poztasuna bidean dagoela ikasi nuen, eta ez hainbeste helmugan. Horregatik, etapa hau ixten dut egunero gozatu dudala jakinda, azkena balitz bezala. Etapa berri bat, erronka berriekin, baina ziur nago errepideetan ikusiko dugula elkar», idatzi zuen nafarrak.