2024 API. 25 Igelak, hiru betoen ur epeletan Beñat ZALDUA Ezaguna da honezkero igel egosiaren sindromea. Irakiten dagoen uretan sartuz gero, ziztu bizian ateratzen da anfibioa, erredura gutxi batzuekin. Ur epeletan sartu eta pixkanaka berotzen joanez gero, ordea, bertan goxo geratuko da, konturatzerako ezin atera eta erabat egosita. Andoni Ortuzarren hitzak entzun eta gero, EAJ eta PSE bigarren igelarena egiten ez ote diren; horra hor galdera. Gehiengoa galtzetik 738 botora geratu ziren Bizkaian, eta 1.360ra Gipuzkoan. Akaso horrek jarriko luke ura irakiten, baina 38 eserlekuen langa gaindituta, betiko ur epeletan murgiltzeko presaka ikusi ditugu lehenengo bi egun hauetan EAJ eta PSE; nahiz eta jeltzaleek lau parlamentari eta lau puntu galdu; nahiz eta Eneko Anduezarena Irun edo Barakaldo bezalako gotorleku ohietan hirugarren indarra izan; nahiz eta, neurri handi batean, ezker konfederalaren banaketak salbatu dien gehiengoa; nahiz eta putzu hori gero eta beroago egon. Hautetsontzietara aldaketa gogoz hurbildu zirenen atsekabea ulergarria da, baina pazientziaren emaitza ez da kaskarra izan orain arte. Osakidetzan esku hartzen saiatuko da gobernu berria, kanpainan esandakoak betetzen badituzte behintzat, baina bi alderdi horien agendetan kontraesan nabarmenak daude, eta areagotuz joanen dira, armairuan gordetzeko aitzakiarik gabe geratzen diren heinean. Alegia, alternatiba sendoen presentziak berak indartu ditzake kontraesan horiek. Zergatik ez eman pausorik estatus berriaren gaian, parlamentarien %72 abertzalea denean? Zergatik ez adostu etxebizitza-politika aurrerakoi eta ausartagoak, babestuko lituzketen alderdiek 40 parlamentari batzen dituztenean? (balizko gobernuak baino bi gehiago, portzierto). Beto hirukoitzak ardaztu du azken urteetan EAEko politika gai askotan. EH Bilduri gobernukideek jartzen diotena da nabarmenena, jakina, baina EAJk eta PSEk elkarri ere betoa ezartzen diote, bai agenda subiranistari heltzeko orduan, bai ezkerreko politikak adosteko garaian. Horren ondorioa azken urteetako paralisi eta blokeo orokorra da, gauzak usteltzen utzi dituen gelditasuna. Denak berdin jarraitzeak ura irakiteko bidean mantendu baino ez du eginen, eta igelei ihesbidea gero eta gehiago zaildu.