GARA Euskal Herriko egunkaria

Ramon Barea eta Zorion Egileor, bi zahar bakarti istorio beltz batean

«Zaharra da eta bakarrik dago. Tomasek bere urtebetetzea ospatu nahi du, baina nor gonbidatuko du? Ez zaio inor gelditzen. Bere etsairik maitatuena besterik ez». Horrela laburtu daiteke Diego Fandos zinemagile nafarraren “29 de febrero” film laburra, gaur Bilbon estreinatuko dena. Bakardadea pairatzen duten hainbat agureren azalean sartu dira Ramon Barea eta Zorion Egileor aktoreak, komedia beltzaren trazak dituen drama honetan.

Zorion Egileor eta Ramon Barea, «29 de febrero» film laburrean. (AZAROA FILMS)

Bilboko BBK aretoan estreinatuko da gaur 19.30ean (gonbidapen guztiak agortu egin dira) Diego Fandosek idatzi eta zuzendu duen “29 de febrero” film laburra, Azaroa Filmsek ekoitzia. Bizkaian iazko azaroan filmatutako lan honetan, Ramon Barea eta Zorion Egileor euskal aktore beteranoak bi agureren azalean sartu dira. Komedia beltzaren itxurako istorio baten bidez, egun hirugarren adinekoek pairatzen duten arazo latz bat islatzen dute: bakardadea.

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) esanetan, bakardadea «XXI. mendeko epidemia» da; izan ere, munduko biztanle gehienek 70 urtetik gorako bizi itxaropena izanik, 2050erako kalkulatzen da mila milioi pertsona egongo direla adin horretan. Une honetako datuak ere esanguratsuak dira: azterketa baten arabera, egun Estatu espainoleko 65 urtetik gorako bi milioi pertsonari eragiten die bakardadeak. Bizkaian, zehazki, 65 urtetik gorako 60.000 pertsona daude egoera honetan.

«Umore pixka bat sartzen saiatu naiz, baina egoera oso tristea da -aitortu du Diego Fandosek-. Laburmetraiak begiak zabalik, adi, izaten dituzunean sortzen dira, eta niri ama hil zitzaigunean sortu zitzaidan. 93 urte izatera iritsi zen, baina, adin batetik aurrera ajeak ugari diren arren, niri tristeago iruditzen zitzaidan beste mota bateko bakardadea. Zinemara joateko edo zure urtebetetzea ospatzeko agenda hutsik gelditzen zaie, beraien lagunak joan direlako. Hori iruditu zitzaidan deigarriena; gorputzaren minak baino, azkena zarela jakitearen oharpenak sortutako mina».

HANKAK ASTINDU, BURUA ARGI

Nafarroan harrapatu dugu zinemagilea, Pragan bizi den arren aspalditik. Prague Film School-eko irakaslea hainbat film laburren egilea da -bi liburu ditu, ingelesez, film laburren inguruan-, eta 2008an Donostia Zinemaldian bere lehen film luzea, “Cosmos” izenekoa, estreinatu zuen. Bertan lan egin zuen Ramon Bareak eta, sorterrian berriro errodatzeko gogoa piztu zitzaionean, Fandosek atzera zuzendari eta aktore bilbotarrari deitu zion. Barea da Tomas, bakarrik bizi den zaharra. Memoria galtzen ari da, etxea oharrez beteta dauka, oroigarriak legez, eta ez du laguntzarik, ezta bisitaririk ere. Otsailaren 29an urteak betetzen dituela oroitzeko, goizean goiz jaso du Kalifornian bizi den alabaren deia. «Lagunei hots egiezu ospatzeko», gomendatu dio alabak, baina lagunak hil egin zaizkio Tomasi. Bakarra gelditzen zaio, hastio duen Arturo (Zorion Egileor). Hortik aurrera, umore beltzez landutako istorioa da.

Aktore beterano hauen errealitatea fikzioan gorpuzten duten pertsonaietatik erabat aldentzen das: Ramon Bareak 76 urte beteko ditu aurten, Zorion Egileorrek 78 bete berri ditu, eta luzaroan egindako lanaren ordaina jasotzen ari dira; erretiroaren garaian, kritika eta ikusleriaren onespena, are ospea Egileorrek. «Ramonek eta biok lanean jarraitzen dugu -dio aktore mundakarrak-. Nik esango nuke zahartzaroan eraman duzun bizitzak eta inguruan duzun giroak eragin handia dutela. Nik erretiroa hartu eta lanean jarraitu nuen, eta adin honetara iristean izan dut 300 graduko aldaketa nire bizitzan: Singapurrera edo Parisera edo Ondarroara joan, berdin zait, eta ezaguna naiz. Poz-pozik nabil: fans taldeak ditut Sao Paulon, Hanburgon... Zoragarria da».

“El hoyo” filmaren nazioarteko arrakastak ospea ekarri dio: «Orain beste begi batzuekin ikusten naute. Eta, eskaintzak ditudanean, diru aldetik, askoz handiagoak dira orain», aitortu du.

Galdetu diogu zein den bere adinera osasunez eta burua argi iristeko duen errezeta. «Mendira joatea. Hankak arin izanik, ibiltzen naizenean, burua arinago dudala iruditzen zait», bere erantzuna.