2024 API. 29 EUSKAL HERRIA DEFENDATUKO DUEN HERRI-UHOLDEA PIZTU DA Zigante, basajaun, dantzari eta musikarien festa handiak Baigorri euskal kulturaz blaitu zuen atzo, beste urte batez. Nafarroaren Egunean piztu zen herri-uholdea aurrerantzean indartzeko eta saretzeko deia zabaldu zuen Basaizea elkarte antolatzaileak, euskararen eta Euskal Herriaren kontra eraikitzen ari diren murruak eraitsi ahal izateko. Leporaino bete zen Goiko plaza zigante, dantzari eta basaldunen emanaldiak ikusteko. (François BERLAND) Maddi TXINTXURRETA Hegoko edo iparreko, dena nafar da atzokoa bezalako egunetan, eta Nafarroa pluralenaren euskara bakarrak «uholde» bat sortzeaz hitz egin zuen, saltzen jarri nahi duten euskal folklorearekin hausteaz, herri hau arriskuan jartzera datozen masa turismoak, makroproiektuak eta hizkuntzaren aurkako oldarraldi judizialak Euskal Herria galtzera eraman ez dezaten; borrokatzeaz eta saretzeaz mintzatu zen. Euri-iragarpenak atzera bota ez zuen orok udaberri giroko Baigorri bat topatu zuen; ezin giro hoberik Nafarroaren Eguneko festarako. Goizean mahuka motza janztera atrebitu ez zirenak damu ziren eguerdirako, eta ziganteen gonapean gerizpea aurkitu zuten dantzariek izerdiz bustita amaitu zituzten emanaldiak. Atera ziren, zalapartatsu eta mehatxari, basaldun iletsuak, muturra bezain zorrotz hortzak, Baigorrin ziren haurrak izutzera. Altxatu ziren ziganteak beheko jende-saldoa zorabiatzera; biratu zituzten makilari gazteek, zirkuko artistek bezain trebe, makilak eskutik eskura, eta kriskitinak jo zituzten dantzariek. Abiatu zen nafar artisten oldea Beheko Plazatik goikora, kalearen ertz biak jendez lepo zirela. Berotan egin zuten ibilbidea, baina dantzariek adi izan zituzten lagunak, geldialdiro garagardo trago batez lagundu baitzituzten. Tradizioak, baina, ez du zertan zorrotza izan: txistu eta danborrez bestelako doinuak eskaini zituen elektrotxarangak, eta txokolatez zikindutako aurpegiek salatu zuten ume askok nahiago izan zutela Nutellazko taloa hartu, xingarrezkoa baino. Desfilea Baigorriko Goiko plazara iristerako, tranpetan ziren bertan ehunka pertsona; batzuk merkatuko larruzko zapatilei, belarritakoei edo artilezko txanoei begira eta, beste batzuk, herriko ikastolan jarritako txosnan eztarria bustitzen. Baina aise inguratu zuten denak plaza, kasik bata bestearen gainean jarrita, emanaldia ikusteko. Anhauzetik erdu ziren duela 15 urte Euskal Herriko bazterrak ikaratzen hasi ziren basaldunak, eta makilak aireratu eta bueltan jaso zituzten makilari gazteek. Ziganteetako batzuk, berriz, Tafallatik etorri ziren, eta etxean ziren besteak, Baigorrikoak. 120 dantzari biltzen dituen Ortzadar dantza-taldeko kideak goizean goiz abiatu ziren Iruñetik, baina, antza, Baigorriz tronpatu ziren eta berandu iritsi, baina garaiz, hanketako txintxarriak saltoka astintzera. Emanaldien atzetik, bertsolariek «urte guztian nafar eta euskaldun» izateko grinari kantatu zioten, eta festa antolatzen duen Basaizea elkarteko kideei pasatu zioten hitza. «ETXEA DEFENDATU» «Nafarroaren Eguna, gaur ere, herri-uholdea osatzeko eta ospatzeko eguna da», agertu zuten Basaizeakoek. Uholde horrek, baina, gaurtik landa ere «martxan» behar duela ohartarazi zuten, asko baitira Euskal Herriaren kontra, eta batez ere euskararen aurka, altxatzen ari diren murruak. Ildo horretan, euskararen kontrako oldarraldi judizialaz aritu ziren. «Instituzioen ahulezia eta hizkuntzaren gainbehera handiak diren heinean, euskaratik eta euskaraz antolatu gaitezen. Ez dugu nahi euskara bigarren planora pasatu dadin. Borroka gaitezen, hizkuntza gure lehentasuna izan dadin», aldarrikatu zuten. Plazan eskegita zegoen pankarta batek, hain zuzen, zera zioen: “Elebitasun orekatuari ez! Euskal Herrian euskaraz!”. Eta Basaizeako kideek berretsi zuten «faltsua» dela elebitasun orekatuaren kontzeptua, eta ez dutela halakorik onartuko, «aniztasunaren aitzakiarekin» egin nahi badute ere. «Euskara bera euskaratik sustatu dezagun eta gure arnasguneak sor ditzagun», adierazi zuten. Hizkuntza «marketin eta folkloreko» produktu bilakatzeko ahaleginak antzeman dituzte, eta «gure herria museo batean sartzeko» asmoak gaitzetsi zituzten. «Erakuts dezagun ez garela produktu soilak, baizik eta egiten eta antolatzen den herria», esan zuten. Beraz, euskararen eta euskal identitatearen kontra altxatzen ari diren murruak eraistera dei egin zuten, ez baitira gutxi. Horretarako, herri-uholdea indartu behar dela nabarmendu zuten, «herri kultura zabaltzeko eta mugaz gaindiko sareak osatzeko». «Merkatuko arauen kontra eta herria museo bihurtu ez dadin, defendatu dezagun gure etxea. Sor ditzagun gure kultura hauspotzeko gune gehiago, herria eraikitzeko bidea kulturak eta hizkuntzak emanen baitute. Sor ditzagun gure hizkuntza eta kultura plazaratzeko gune eroso eta seguruak», ondorioztatu zuten. Basaizea condenó todo macroproyecto que amenace los terrenos y paisajes del País Vasco, citando el caso de Erdiz, así como los grandes proyectos de vivienda que se plantean.