GARA Euskal Herriko egunkaria

Tupust! kolektiboak hirugarren eta azken komiki bilduma argitaratu du

Hirugarren komiki albuma argitaratu du Tupust! kolektiboak. Gu-a hartu dute gai gisa, kolore morez eta horiz margotuta. Liburua 21 kolaboraziorekin osatu dute. Orain artekoetan luzeena da, eta haien webgunean eskuratu daiteke. Laster liburu denda guztietara iristea espero dute. 2019an hasitako komiki bildumari amaiera eman diote azken honekin. Kolektiboak jarraituko duen arren, ez dakite zein izango den hurrengo urratsa.

Tupust! kolektiboko zenbait kide, atzoko aurkezpenean, Donostiako Udal Liburutegian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Kolore morez eta horiz jantzita aurkeztu zuen Tupust! kolektiboak izen bereko komiki-bildumaren azken alea, hirugarrena. 2019an aurkeztu zuten emakume komikigileek haien lehen bilduma, ni-a gaitzat hartuta, bigarrenean zu-a hartu zuten gaitzat, eta atzo aurkeztutakoan, aldiz, gu-a izan da gaia. 21 kolaborazio jasotzen ditu liburuak. Hirugarren bilduma dute argitaratu berri dena, eta honekin «ziklo bat itxi» dutela aitortu zuten. Tupust! kolektiboak jarraituko du, baina gisa honetako komikirik ez dute egingo.

Ohi bezala gai bat eta bi kolore jarri dituzte. Ainara Azpiazu ‘Axpi’ kideak hala azaldu zuen: «Gai bat behar genuen nahikoa zabala, askatasuna emango zuena baina muga bat jarriko zuena, muga ez hertsiegia». Eta, hortik abiatuta, bururatu zitzaien 2019an ni-zu-gu segida. Bilduma honetan lehenengo pertsonako pluralari heldu diote. Eta koloreez den bezainbatean, moreari eta horiari.

Kontatu zuten 23 pertsona aritu direla lanean, eta orotara 21 kolaborazio jaso dituztela, «lan ederrak eta oparoak». Jone Taberna, Ainize Sarasola, Maite Rosende, Shu O., Maite Gurrutxaga, Maitane Gartziandia, Irati F.G., Higinia Garay, Irati Eguren, Paula Estevez, Andrea Ganuza, Idoia Beratarbide, Sandra Garayoa, Maider Leturiaga, Araiz Mesanza, Loinaz Lekuona, Arrate Rodriguez, Usue Egia, Ainara Azpiazu, Ander Peretz eta Maite Caballero izan dira gaia komikira eraman dutenak.

NOR DA GU? ZER DA GU?

«Badirudi gai sinplea dela, baina norberak bere egin du eta erantzun oso ezberdinak jaso ditugu, bakoitzak bere filtrotik kontatu du. Egile bakoitzari toki bat eman diogu bere lengoaiatik konta dezan», azaldu zuen Maite Gurrutxagak. «Gu» oso ezberdinak aurki daitezkeela aurreratu zuen: «Gu, ez kolektiboa; gu, pertsona multzo bezala; gu-az hizketan, alaba eta amona; animalia talde bat; norberari mezu bat bidaltzeko gu-a darabilena…».

«Guk ere aurkitu dugu gure burua, eta hori ederra da», aitortu zuen Gurrutxagak. Formari dagokionez ere, egile bakoitzak modu ezberdinak hautatu dituela aipatu zuten. Batzuk hitz idatzirik gabeak, modu klasikoa erabili dute, gidoia duten lanak daude, edo poesia bisuala dutenak. Alegia, 21 ikusmolde. «Irakurlearen inplikazioa eskatzen du. Norbera erosoago aurkituko da batzuetan edo besteetan», zehaztu zuen Gurrutxagak.

Egileei jarritako bigarren baldintza kolorearena izan zen, kasu honetan, horia eta morea. Maite Caballerok eman zituen xehetasunak: «Bi kolore erabil daitezke; batzuk modu puruan erabili dituzte, eta beste batzuk gama zabalagoa osatu dute, tonalitateekin jolastuz. Ez da lan egiteko ohiko metodoa, baina horrek ere egiten du berezia».

IBILBIDEAN GELTOKI BAT

Tupust! kolektiboko kideek adierazi zuten ibilbide bati bukaera eman diotela, orain arteko komiki albumen ibilbideari hain zuzen ere.

Azken album honetarako ere autoedizioaren bidea hautatu zuten, eta guztia auzolanean egin. Azpiazuren ustez, lan egiteko moduan, talde bezala, asmatu dute.

Atzera begiratuta, ibilbide oparoa baina lan handia eskatzen duena ikusten dute kolektiboko kideek, badaudelako marrazkigintzako profesionalak, baina baita beste lanekin partekatu behar dituztenak ere. Gauza berriak ikasi dituztela aitortu zuten, normalean marrazkiak egiteaz arduratzen badira ere, autoedizioaz arduratzeak beste makina bat lanez arduratzea eskatzen baitu. «Asko ikasi dugu», esan zuten.